Asteazken honetan goizean, urriaren 25ean, Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak argi berdea eman dio etorkizunean emisio gutxiko eremua arautuko duen ordenantza-proiektuari, Europar Batasunaren gidalerroak betez. Gidalerro horiek 50.000 biztanletik gorako hiri guztiei eskatzen diete mugikortasunaren ondoriozko emisioak murrizteko neurriak har ditzatela, hirian eremu espezifikoak ezartzea barne, ibilgailuen trafiko kutsatzaileena murrizteko haietan.

Abiapuntuko egoera Bilbon

Ibilgailuen zirkulazioa da kutsadura-iturri nagusia Bilbon, eta airearen kalitateari eta biztanleen ongizate akustikoari eragiten die. Urtero, kutsadura atmosferikoak 10.000 heriotza inguru eragiten ditu Espainian (trafiko-istripuek eragindako heriotzak baino gehiago).

Bilboko Udalak, erronka horien jakitun, neurriak hartzeko premia nagusia aitortzeaz gain, gaur Gobernu Batzordean onespena emanez, bere emisio gutxiko eremua definitzeko eta arautzeko izapideak hasi ditu, ordenantza baten bitartez, zeina Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 7/2021 Legearekin bat datorren. Ordenantza horrek 23 artikulu ditu, eta emisio gutxiko eremua ezartzeko arau argiak proposatzen ditu, osasun publikoa eta airearen kalitatea hobetzeko, herritarrei euren betebehar eta eskubideen berri emateko, eta legezko betebeharrak betetzeko helburu nagusiarekin.

Orain, horrela, alderdi politikoek zuzenketak aurkezteko epea irekiko da eta, hasierako onespenerako osoko bilkura egin ondoren, jendaurrean jartzeko beste aldi bat hasiko da, dagokion alegazio-aldiarekin. Administrazio-prozedura amaitzeko, emisio gutxiko eremuaren ordenantza osoko bilkuran behin betiko onetsiko da.

Ordenantza hau diseinatzeko, airearen kalitatearen etorkizuneko beharrak eta Bilboko egungo egoera hartu dira kontuan. Hori lortzeko, azterlan sakon bat egin da azken urteetan zirkulatu duten ibilgailuei buruz. 100.000 neurketatik gora egin dira horretarako, hamahiru kontrol-puntutan. Azterlanaren osagarri, hiriko airearen kalitatea analizatu da, abiapuntua eta bete beharreko helburuak parametrizatzeko.

Gainera, pertsonen mugikortasun-ohiturei buruzko datuak bildu dira, neurriari buruzko perspektiben, beharrizanen, iritzien eta ulermenaren ikuspegi osatua lortzeko.

Azterlanen emaitzek erakusten digute gaur egun hirian zehar dabiltzan ibilgailuen % 50 inguruk A edo B kategoria daukatela. Hirian zehar dabiltzan ibilgailuen beste % 3 batekin ere esku hartu beharko litzateke, oso kutsagarritzat jotzen baitira.

Ildo berean, azterlanaren emaitzek erakusten digute herritarrek garrantzi handia ematen diotela ibilgailuen trafikoaren kutsadura murrizteko neurriak hartzeari. Guztira 8,2 puntu ematen zaizkio horri, 10etik. Horrek lotura zuzena du mugikortasun-ohiturak garraio-aukera jasangarriagoetarantz eramateko borondate orokorrarekin, klima-aldaketaren aurkako borroka bermatzeko (10etik 6,9).

Emaitza horiek funtsezkoak dira gure udalerrian airearen kalitatea hobetzeko eta osasun publikoa babesteko neurriak hartzeko, arautzeko eta diseinatzeko.

Erdialdea, Bilboko emisio gutxuko eremua

Emisio gutxiko eremua ezartzeko gunerik onena zein izango litzatekeen zehazteko, airearen kalitateari eta trafikoari buruzko datuak hartu dira kontuan. Datu horiek oso desberdinak dira hiriko hainbat punturen artean, eta ondorioztatu da egunero Bilbora trafiko gehien erakartzen duen eremua, erdialdea, BBEren barruan sartu behar dela.

Bilboko emisio gutxiko eremua zona mugatua izango da, eta ibilgailuei sartzeko eta zirkulatzeko mugak aplikatuko zaizkie, kutsatzeko duten ahalmenaren arabera. Eremu hori hautatu da NO2-aren % 80 eta PM-en % 35 barruti honetako zirkulaziotik datozelako. Gainera, biztanleria-dentsitate handieneko eremua da eta biztanle kalteberen ehuneko handia du.

Arauak eta salbuespenak

Ordenantzak ibilgailuak kutsatzeko ahalmenaren arabera zenbait kategoriatan sailkatzen ditu, ingurumen-bereizgarriekin, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera:

  • Gutxi kutsatzen duen ibilgailua: 0 emisioko ibilgailua, ECO eta C.
  • Ibilgailu kutsatzailea: B ibilgailuak.
  • Oso ibilgailu kutsatzailea: A ibilgailuak.

Edonork kontsulta dezake bere ibilgailuaren ingurumen-kategoria Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean.

Ordenantza-proiektuaren arabera, gutxi kutsatzen duten ibilgailuak, bizikletak, bizikleta elektrikoak, beste ziklo batzuk eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak emisio gutxiko eremuan libreki sartu eta ibili ahal izango dira, bai eta bertan aparkatu ere.

Ibilgailu kutsatzaileek eta oso kutsatzaileek mugatuta izango dute emisio gutxiko eremuan sartzea, zirkulatzea eta aparkatzea. Erregulazioa lanegunetan aplikatuko da, astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 20:00etara.

Murrizketa horien aurrean, salbuespenak aurreikusi dira ibilgailu eta egoera jakin batzuetarako, hala nola EGE barruan bizi diren pertsonen ibilgailuetarako, larrialdietako ibilgailuetarako eta funtsezko zerbitzuetarako, ibilgailu historikoetarako eta mugikortasun urriko pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuetarako, besteak beste. Gainerako kolektiboei aplikatuko zaizkien aldi iragankorrez gain, salbuespen horiek jasotzen ditu ordenantzak.

Egoiliarrak

Araudi honek ez die eragingo ordenantza hau indarrean sartu aurretik Bilboko Udaleko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren erroldan alta emanda dauden eta EEBren lurralde-eremuan erroldatuta dauden egoiliarren ibilgailuei. Beraz, Emisio Gutxiko Eremua aplikatzetik salbuetsita daude, edozein ibilgailu mota dutela ere.

Xedapen iragankorra

Aldaketa handi orok egokitzapen-aldi bat eskatzen du. Horregatik, gobernu taldeak erabaki du trantsizio-aldi bat irekitzea, egoiliarrak, TAO txartela daukaten baina erroldatuta ez dauden pertsonak, eta Abandoko komertziorako, hoteletarako eta bestelako jardueretarako erabiltzen diren ibilgailuak emisio gutxiko eremuaren erregulazio berrietara egokitu daitezen, irisgarritasuna bermatuz eta mugikortasun jasangarriago baterantz joatea erraztuz.

Sarbide- eta zirkulazio-murrizketak pixkanaka aktibatuko dira ordenantza indarrean sartzen denetik 2029. urtearen amaierara arte, ibilgailuen kutsadura-potentzialaren arabera. 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera, gutxi kutsatzen duten ibilgailuak baino ezingo dira sartu, zirkulatu eta Bilboko BBEn aparkatu.

Kontzientzia sozialerako eta lankidetzarako deia

Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziaren aburuz, “ordenantza honek aukera ematen digu urian irisgarritasuna bermatzeko eta mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko. Horrela, Bilboko emisio gutxiko eremua funtsezko aurrerapausoa da etorkizun jasangarriago eta osasuntsuago baterantz joateko udalerri osoan”.

Proiektu honek ez luke zentzurik izango herritar guztien, beste administrazio batzuen, alderdi politikoen, enpresen eta hiri-mugikortasunean inplikatutako eragile guztien lankidetza gabe. "Elkartuta eta konbentzituta egon behar dugu emisio gutxiko eremua ezartzea beharrezkoa dela hiriko airearen kalitatea eta, horrekin batera, gure bizi-kalitatea hobetzeko. Garrantzitsua da ulertzea gas kutsatzaileen emisioak murriztea zeregin partekatua dela, eta pertsona bakoitzak, maila indibidualean, zeregin garrantzitsua duela helburu hori lortzeko bidean".

Udalak komunikazio-kanpaina bat jarriko du abian laster, aurrean dugun erronka honi buruz kontzientziatzeko eta ordenantzak jasotzen dituen alderdi guztiei buruzko informazioa une egokian emateko. "Konbentzitu egin behar da, ez inposatu", esan du Abetek.