Bizkaian bizi diren 65 urteko eta gehiagoko gizonei bideratutako aortako aneurismak detektatzeko kanpaina aitzindari bat jasoko du Bilbok datorren asteazkenean, urriaren 25ean. Ekitaldia Areatzako aterpeetan egingo da, 10.00etatik 14.00etara eta 15.30etik 19.30era, eta bertan detekzioa abdomeneko ekografia baten bidez egingo zaie nahi duten pertsonei. Proba egitea erabat doakoa izango da, eta ez du molestiarik eragiten.
Angiologiako eta Kirurgia Baskularreko Espainiako Elkartearen Diagnostiko Baskularraren Kapituluak antolatzen du jarduera hau, eta Bilboko Udalak antolaketan laguntzen du, Osasun eta Kontsumo Sailaren bidez. Halaber, ekimenak Medikuen Elkargoaren, Mediku Zientzien Akademiaren eta EHUren laguntza ere badu, eta Medtronic teknologia sanitarioko enpresaren babesa.
Aortako aneurisma gure organismoko arteria handienaren (aortaren) dilatazio edo zabaltze anormala da. Aneurismo horrez ez du molestiarik sortzen egunerokoan, eta baliteke pertsona batek gaitza edukitzea baina inolako sintomarik ez izatea, baina, aneurisma hori hausten edo urratzen bada, ondorioak oso larriak eta hilgarriak izan daitezke. Horregatik da garrantzitsua baheketa-kanpainak egitea halako aneurismak garaiz detektatu, tratamendua jarri eta etorkizunean ager daitezkeen konplikazioak saihesteko.
Testuinguru horretan sortu da ekimen hau, eta, haren bidez, aneurismak identifikatzeko proba espezifiko bat egiteko bidea errazten zaie patologia hori gehien sufritzen duten biztanleei, 65 urtetik gorako gizonei alegia. Horretarako, karpa bat jarriko da Areatzako aterpeetan , eta, han, proba hori egiteko beharrezko baliabide tekniko eta giza baliabide guztiak egongo dira.
Horiek horrela, kirurgia baskularreko mediku espezialista batek artatuko ditu Bizkaiko ospitaleak erreferentziazko ospitale gisa dituzten 65 urtetik gorako gizonak, baldin eta ezarritako ordutegian karpara joaten badira. Hala, medikuak abdomeneko ekografia bat egingo die, aortaren diametroa baloratzeko. Miaketa horrek ez du inolako molestiarik, minik edo konplikaziorik eragiten. Aldez aurretik, OLT batek programari buruzko informazioa emango die parte-hartzaileei, eta baimen informatua eskatuko die. Gainera, haien osasunari buruzko oinarrizko datu batzuk jasoko ditu.
Ekografia egin ostean, espezialistak miaketaren emaitzaren eta horrek dakarrenaren berri emango dio paziente bakoitzari: emaitza normala bada, ez da beharrezkoa izango proba berriz egitea, patologia garatzeko probabilitatea txikia baita; aneurisma txiki bat badago baina kirurgikoki konpondu behar ez bada, erreferentziako ospitale bakoitzeko jarraipen-programan sartuko da pertsona hori, eta, ebakuntza behar izan dezakeen aneurisma bat badago, lehentasunezko zita emango zaio dagokion zerbitzuan, diagnostikoa osatu eta tratamendu bat planteatzeko.