Larunbat honetan, arratsaldeko 19.00etatik aurrera, hasiera emango zaio San Mames futbol-zelaiaren ondoko zabaltzan Bilbao Night Marathon lasterketaren hamalaugarren edizioari. Hori dela eta, segurtasun-neurriak direla eta, Bilboko Udalak aldaketak eragingo ditu trafikoan, arratsaldeko 18.00etatik goizaldeko 00.45era arte, gutxi gorabehera.

Zirkulazio-aldaketak, batez ere, Basurtu, Indautxu, Abando, Olabeaga, Zazpi Kaleak, Uribarri, Castaños, Deustu, Ibarrekolanda eta San Ignazio auzoetan egingo dira. Inguru horietan, murrizketak izango dira garaje eta aparkalekuetako sarrera-irteeretan, eta haietako batzuetan ezingo da ez sartu, ez irten, tarte horretan.

Gainera, aldaketa horiek Bilbobuseko linea gehienetako ohiko ibilbide eta geltoki gehienei eragingo diete, baita Bizkaibusen zenbait lineari ere. Halaber, kendu egingo dira Kale Nagusiko 83. zenbakiko, Elkano eta Henao kaleen arteko, Madariaga etorbideko, Areatzako eta Mazarredo kalearen eta Kale Nagusiaren arteko taxi-geltokiak, eta tranbia-zerbitzua 18:42 amaituko da.

Bilboko Udalak gomendatzen du ez erabiltzea norberaren ibilgailua lasterketa egiten den artean; hala, trafikoa udaltzainek eta antolakuntzako kideek arautuko dute uneoro.

Era berean, Udalak garraio publikoa erabiltzea (ahal dela, trena edo metroa) gomendatzen die zapatu arratsaldean urira hurbildu nahi duten pertsonei eta, ibilgailua erabiliz gero, Etxebarri, Leioa edo Ansioko aldirietako aparkalekuetan uztea, hirurak metro-geltokien ondoan baitaude. Izan ere, lasterketaren ibilbidean dauden aparkaleku guztietarako sarbidea mugatuta egongo da, neurri handiagoan edo txikiagoan.

Bilboko Udalak informazio-planodun abisuak banatu eta ipiniko ditu postontzi, atari eta garajeetan, eta, haietan, lasterketak gune bakoitzean zer ondorio izan duen azalduko du.

Zirkulazioan eragingo dituen ondorio nagusiak

Zirkulazioaren murrizketak 18:00etatik hasi eta hurrengo eguneko 00:45era bitartean izango dira, gutxi gorabehera; hala ere, gerta liteke bide-ixte jakin batzuen ordutegiak aldatzea, Udaltzaingoak hala erabakita segurtasunagatik.

Bilbon sartu eta Indautxu eta Abandora iristeko biderik onena Juan de Garay kalea izango da, zeren eta Euskalduna zubia itxita egongo da 18:00etatik 19:30era.

Itsasadarraren ertz baten eta bestearen arteko lotura, zirkulazio-neurriak ezarriko diren lekuetan, Salbe zubitik izango da.

Areatzako, Udaletxeko eta Deustuko zubiak itxita egongo dira. Deustuko zubian errei bat zabalduko da 20:00etan, Deustuko noranzkoan.

Erdialdean, Kale Nagusian zehar igaro ahalko da Jesusen Bihotzaren plazatik Maria Diaz Harokoaren kalerako noranzkoan. 19:45etik aurrera, Moyua plazaraino zabalduko da tarte hori; Moyua plazatik Salbe zubira joateko, Recalde zumarkalea erabiliko da.

Ernesto Erkoreka plaza, Campo Volantín pasealekua eta Unibertsitateen etorbidea itxita egongo dira probak irauten duen bitartean, bi norabideetan.

Lasterketa igaroko den lekuetako garajeetara eta aparkalekuetara sartzeko murrizketak izango dira, eta aparkalekuko gune batzuk okupatu eta hesituko dira kale eta etorbide hauetako hainbat zatitan: Abandoibarra etorbidea, Anselmo Clavé pasealekua, Uribitarte pasealekua, Uribitarte kalea, Erripa kalea, Kale Nagusia (Moyua eta Jesusen Bihotza plazen artean), Maximo Aguirre kalea eta Elkano kalea.

Basurtu/Olabeaga

18:00etatik 19:30era, gutxi gorabehera, bideak itxiko dira eta zirkulazioa mugatuko da auzo hauetako sarbideetan. Basurtura sartzeko biderik onena Montevideo etorbidetik edo Juan de Garay-Autonomia kaletik izango da. Ordu-tarte horretan, Euskalduna zubia itxita egongo da. Felipe Serrate kalea eta Ventosa bidea ere itxita egongo dira, eta, bietan, aldez aurretik okupatuko da aparkalekua. Olabeagara sartzeko eta handik ateratzeko, Olabeaga aldapa erabiliko da.

Inguru hartako garaje eta aparkalekuek murriztuta izango dituzte sartzeko eta irteteko ordutegiak.

Zazpi Kaleak

Inguru honetan, 18:00etan hasi eta 00:45era arte, gutxi gorabehera, Areatzako eta Udaletxeko zubiak itxita egongo dira zirkulaziorako, eta Zingira eta Epaltzaren alargunaren kaleak eta Areatza kalea ere bai. Erribera kaleak murriztuta izango du zirkulazioa Mesedeetako zubitik hasi eta Areatzaraino.

Halaber, ez da sartzerik izango Askao, Prim eta Dolaretxe kaleetara. Dolaretxe kaleko garajeetara Aurrekoetxea kaletik sartu ahal izango da, hor antolaketako langileek emango baitute bidea. Mesedeetako zubia zabalik egongo da.

Oinezkoendako saihesbideak prestatuko dira, eta aparkalekuak ere okupatuko dira, zeinak aldez aurretik hesituko baitira. Inguru hartako garaje eta aparkalekuek murriztuta izango dituzte sartzeko eta irteteko ordutegiak.

Gainera, ez da sartzerik ez irteterik izango Villarías eta Adiskidetasun kaleetako garaje eta aparkalekuetan, 18:00etatik 20:30era. Ordu horretatik aurrera, seinalatzaileek bideratuko dituzte sartze-irteteak, lasterketa Buenos Aires kalean noiz igarotzen den ikusita.

Uribarri-Castaños

18:00etatik 00:45era, gutxi gorabehera, bideak itxiko dira eta zirkulazioa mugatuko da auzo hauetako sarbideetan. Ernesto Erkoreka plaza, Campo Volantin pasealekua eta Unibertsitate etorbidea (eta azken bi kale horietako garaje pribatuetarako sarbidea) zirkulaziorako itxita egongo dira lasterketak iraun bitartean.

Horrela, Castaños-Uribarri auzorako sarbidea kale hauetatik egingo da: Zumalakarregi etorbidea - Harritxoen kalea - Trauko – Matiko, edo, bestela, Salbe zubia - Maurice Ravel etorbidea - Uribarri kalea - Loruri zeharkalea - Tiboli kalea.

Bestalde, bi aukera egongo dira auzotik irteteko: Anselma de Salces kalea - Uribarri kalea - Trauko kalea - Harritxoen kalea - Zumalakarregi etorbidea, edo, bestela, Tiboli kalea - Loruri zeharkalea - Mirador a Bilbao etxaldea - Maurice Ravel etorbidea.

Deustu

18:00etan hasi eta 00:45era bitartean, aldaketak egongo dira zirkulazioan kale hauetan: Agirre Lehendakariaren etorbidea (Deustuko zubirako zirkulazio-noranzkoa okupatuta egongo da), Madariaga etorbidea eta Botikazar erribera (Francesc Macià eta Luis Power kaleen artean).

Deustuko zubia zirkulaziorako itxita egongo da.

20:00etatik aurrera, gutxi gorabehera, Euskadi plazara sartzeko modua izango da, Deustuko zubitik (errei bat irekiko da horretarako) eta Agirre Anaien kaletik.

Iruña eta Francesc Macià kaleen artean dauden garajeetarako sarbidea honela egingo da: Ugaskoko tunelak - San Pío X.aren plazako biribilgunea - Agirre Anaien kalea (noranzkoa aldatuko da) - Botikazar erribera - Francesc Macià kalea (noranzkoa aldatuko da). 19:30etik aurrera, gutxi gorabehera, Carmelo Bernaola tuneletatik eta Euskalduna zubitik izango da sartzeko modua, baita Julio Urquijo kaletik, Eraso Jeneralaren kaletik, Iruña kaletik, Heliodoro de La Torre kaletik eta Francesc Maciá kaletik ere.

Done Petri plazara sartzeko Salbe-Ugasko tunelen sarrera erabiliko da, Ramón y Cajal etorbidea hartuta keinulariek araututako kontrako noranzkoan.

Inguru horretatik irteteko, ordea, Luis Power kalea - Euskalduna zubia eta Julio Urquijo - Carmelo Bernaola zubiak izango dira irteteko bideak. 

Inguru horretako garajeetan eta aparkalekuetan ere eragina izango du lasterketak eta Botikazar Erriberan, Agirre Anaien kalean eta Madariaga etorbidean aparkalekuak okupatuko dira aldez aurretik.

San Inazio-Ibarrekolanda

Lasterketa dela-eta, trafikoa etengo edo mugatuko da Agirre Lehendakariaren etorbidean eta Larrakotorre, Luis Braille, Kanariar Uharteak eta Morgan kaleetan, 18:00etatik 00:45era.

Auzora sartzeko, beste bide hauek erabiliko dira: Agirre Lehendakariaren etorbidea – Benidorm; Zarandoa etorbidea – Aragoi kalea – Catalunya kalea; Zarandoa etorbidea – Aragoi kalea – Larrakotorre kalea – Benita Asas kalea – Agirre Lehendakariaren etorbidea – Oñatiko Unibertsitatearen kalea (noranzkoa aldatzen da Arturo Campión kaleraino), eta Txakolin kalea.

Bestalde, irteerak Kanaria Uharteak – Elorrietako erriberatik eta Orixe edo Ibarrekolanda kaleetatik izango dira.

Agirre Lehendakariaren etorbidearen eta Larrakotorre kalearen, Morgan kalearen eta Madariaga etorbidearen artean dauden garaje pribatuek ez dute izango ez irteerarik, ez sarrerarik. Larrakotorre kalean okupatu egingo da aparkalekua.

Aldaketak garraio publikoan

Lasterketa dela-eta 18:00etatik 00:45era artean egingo diren murrizketa horien ondorioz, aldaketak egingo dira Bilbobuseko linea gehienetako ohiko ibilbide eta geltokietan.

Aldaketa horien guztien behar beste berri emango da Bilbobusen sare sozialen bidez, informazio panelen bidez eta markesinetan. Xehetasun gehiago jakiteko, jo webgunera edo deitu 010 zenbakira (944 010 010, Bilbo kanpotik deituz gero).

Halaber, kale hauetako taxi-geltokiak kendu egingo dira: Abandoibarra etorbidea, Madariaga etorbidea, Kale Nagusia 83 eta Areatza.

Bestalde, Bilbao Night Marathon lasterketa dela eta, erabat kenduko da tranbia-zerbitzua 18:42etik aurrera. Azken irteera La Casillatik 18:11n izango da eta Boluetatik 17:34an. Horren inguruko informazioa ikusi nahi izanez gero, deitu 944 333 333 zenbakira, eta jo aplikazio ofizialera edo Euskotrenen webgunera edota Twitter-eko @euskotren profilera.

Era berean, Bizkaibusen lineetako batzuek ere aldaketak jasango dituzte.