Datorren astelehenean, urriaren 23an, ekingo dio Bilboko Udalak urian aparkatzea hobetzea helburu duen TAO araudi berriari. Neurri honekin bide publikoan hiriko hainbat eremutan aparkatzeko eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka lortu nahi du Udalak.

Ordenantza berriarekin, espazio publikoaren erabilera bidezkoa, trafikoaren kudeaketa, ibilgailuak hirian gaitutako espazioetan eta kalean aparkatzeko modua optimizatu nahi dira. Orobat, bide-segurtasuna hobetu nahi da, eta kutsadura akustikoa eta ingurumen-kutsadura murriztu. Era berean, zamalanetarako ibilgailuen fluxuak egokituko dira hirigunean, eta mugikortasun urriko pertsonei erraztasunak emango zaizkie kalean aparkatzeko.

Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Iraunkortasuneko zinegotziak adierazi duenez, TAO berria indarrean sartzeak "Bilboko erdigunean aparkalekuak gehiago erabil daitezen txandaka, horrek aukera ematen baitu aparkatzea demokratizatzeko".

Era berean, uste du araudi berriak “hiri jasangarriagoa eta bizitzeko hobea lortzen lagunduko duela, TAO berri hau bat baitator Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailean dugun helburu nagusietako batekin: garraio publikoaren erabilera, efizientzia energetikoa eta ingurumenaren errespetua sustatzea gure ingurune hurbilenean".

TAO eredu berri bat

TAO berriaren aldaketa esanguratsuenen artean azpimarratu behar da nolako aldaketa egin den kalean aparkatzeko gunearen kontzeptuan. Gaur egun, espazioa 16 gunetan banatzen da. Ordenantza berriarekin, egoiliarren bereizgarriak esleitzeko, espazioa koadrantetan banatzen da. Koadrante bakoitzari esparru bat dagokio, eta koadranteko bizilagunek esparru horretan aparkatu ahal izango dute.

TAO indarrean izango duten esparruak eremu handi bitan sailkatuko dira: bizitegi-eremuan edo eremu intentsiboan. Eremu bi horiek definituko dituzte kalean aparkatzearen ezaugarriak, batez ere ordutegiari dagokionez.

Bisitarientzako TAO

  • Eremu intentsiboa: Bilboko erdialdea. Ordutegia: astelehenetik barikura, 09:00 - 20:00, eta zapatuetan, 09:00 - 14:00. Kalean aparkatzeko gehieneko denbora: 3 ordu, sektore berdean eta urdinean.
  • Bizitegi eremua: Bilboko erdialdetik kanpo. Ordutegia: astelehenetik barikura, 09:00 - 13:30 eta 15:00 - 19:00, eta zapatuetan, ez dago zerbitzurik.Kalean aparkatzeko gehieneko denbora: 5 ordu, sektore berdean, eta 3 ordu, sektore urdinean.

Egoilarrentzako TAO

Sektore berdea: Egoiliarren bereizgarria daukaten ibilgailuek tiketa atera beharrik gabe aparka dezakete. Ez dauka denbora-mugarik.

Sektore urdina: Ondorengo ordutegi hauen barruan, bisitarien tiketa atera eta dagokion tasa ordaindu beharko da.

  • Eremu intentsiboko sektore urdina:  Ordutegia: Astelehenetik barikura, 10:00 - 19:00.
  • Bizitegi eremuko sektore urdina: Ordutegia: astelehenetik barikura, 10:00 - 13:30 eta 15:00 - 18:00.

Mugikortasun urriko pertsonei eragingo dieten aldaketa garrantzitsuak ere egingo dira. “M” txartelak dituztenek mugikortasun urriko pertsonentzako zonetan aparkatu ahal izango dute ordu-mugarik gabe eta dohainik, eta sektore urdinean eta berdean 2 orduz doan, ordu-mugarik gabe. Bestalde, M txartelik ez duten baina Aparkatzeko Europako Txartela duten pertsonek ordu bi doan aparkatu ahal izango dute, araututako edozein espaziotan, eta, epe hori igarotakoan, dauden sektoreko eta eremuko baldintzak aplikatuko zaizkie. Kasu bietan, tiketa beharko dute.

Salgaien hiri-banaketako ibilgailuei dagokienez, ordenantzak dio era horretako ibilgailuek tiket bat beharko dutela zamalanetarako gune bakoitzerako, eta gehienez 30 minutu izango dute aparkatzeko. Hemendik aurrera, denbora hori luzatu ahal izango da egoera jakin batzuetan, udal baimena (DES-L) eskatu ondoren. DUM-TCD tiketaren bidez, ibilgailuek zamalanak egin ahal izango dituzte sektore urdinean eta berdean.

Bilbon jarduten duten eta kutsatzen ez duten ibilgailuen flota osoa duten enpresentzat ere onurak egongo dira. Horiek kalean aparkatzeko bereizgarria eskuratu ahal izango dute urtero, tiketa eskuratu beharrik gabe.

Bestalde, salaketen jakinarazpenari dagokionez, hemendik aurrera ibilgailuaren jabearen bizilekura baino ez da iritsiko, eta jabeak aurretiazko ordainketarako eskubidea erabiltzen jarraitu ahal izango du.

Gainera, araudi berriak kalean aparkatzeko baimenen kopurua bira mugatzen du etxebizitza bakoitzeko, eta zenbaketa horretarako titulartasun pribatuko edo publikoko partzelen jabetza hartzen du kontuan.

Araudi berriak atari berriak sartzen ditu aparkaleku arautuetan (Santutxu, Basurtu, Errekalde eta Castaños auzoetan). Beraz, atari horietan bizi diren pertsonek TAO bereizgarria eskatu nahi badute, gaurtik aurrera honela izapidetu ahal izango dute:

  • Elektronikoki, udalaren web-orriko egoitza elektronikoan, Aparkalekua eta geratzea, Azaleko aparkalekuak (TAO).
  • Modu presentzialean: TAOren Herritarrei Laguntzeko Bulegoan: Lersundi kalea, 5. 48009 Bilbo . Astelehenetik barikura: 8:30 - 20:00. Zapatuetan: 8:30 - 14:00 Tlfnoa: 94 470 10 47

Informazio-kanpaina

TAO berria indarrean sartzen denean, IO eta ANDROID aplikazio mugikor berri bat abiatuko da, araudi berria indarrean sartzearekin batera. App-ak modu progresiboan funtzionalitate berriak izango ditu erabiltzaileentzat, hala nola, TAO bereizgarriaren alta berri bat erregistratzea edo iradokizunak kudeatzea, besteak beste.

Gainera, 35.000 liburuxka argitaratu dira, egoiliarrei eta mugikortasun urriko pertsonei informazio zehatza emateko. Zamalanetako kolektiboek ere beren kolektiboari dagozkion ezaugarri espezifikoen berri emango zaie.