Bilboko udal liburutegietara joaten den jendearen kopuruak %12,2 egin zuen gora 2022an, aurreko urtearekin alderatuz. Guztira 530.526 bisita erregistratu ziren. Horrez gain, 2.612 lagunek eskatu zuten txartela iaz, eta dagoeneko 115.398 bilbotarrek badute. Erabiltzaile horiek 280.248 mailegu egin zituzten, 2021ean baino % 5,3 gehiago.
Bilboko Udalak azpimarratu du “adin guztietako biztanleen artean irakurzaletasuna bultzatzen eta indartzen jarraitzeko apustua egin duela. Kultura arlotik, ezinbestekotzat jotzen dugu Udalaren kultura-gune horien erabilera bultzatzea, jarduera eta zerbitzu zabal eta askotarikoekin. Bilbotarrek zerbitzu-katalogo zabal eta oso zainduaz gozatzen jarrai dezaten ahalegintzearen aldeko apustua egiten dugu, irakurtzeko ohitura sendotzeko eta zaintzeko”.
Testuinguru horretan, 2022an zehar, Udal Liburutegiek 374 kultura-jarduera antolatu zituzten, eta horiekin, 4.091 pertsonak gozatu zuten. Horrela, hiriko hainbat plazatan egiten den Udako Liburutegiak programan parte hartu zutenei gehituta, guztira 13.365 parte-hartzaile izan ziren, 2021ean baino % 60 gehiago. Internetera sartzeko zerbitzuak ere gora egin du: 16.321 saio erregistratu ziren liburutegietako erabilera publikoko ordenagailuetan, hau da, aurreko urtean baino % 52 gehiago.
Udalak ezinbestekotzat jotzen du liburutegiak “topagune eta elkartruke sozial eta kulturalerako gune bihurtzea”. Horregatik, 2022ko beste gertaera nabarmenetako bat ekipamendu publiko berri bat irekitzea izan da: abenduaren 16an Basurtuko Liburutegia inauguratu zen, La Perrera eraikinean. Liburutegi honek 310 m2-ko azalera du eta 64 plaza eta 7.000 liburutik gorako bilduma ditu.
Liburutegi berri honekin sareko ekipamenduen kopurua 16 da: Liburutegi Nagusi bat, Bidebarrietakoa; bi Barruti Liburutegi, Deustukoa eta Begoñakoa; hamabi Auzo Liburutegi: Basurtukoa, San Inaziokoa, Zurbaranbarrikoa, Castañosekoa, Otxarkoagakoa, San Frantziskokoa, San Adrianekoa, Iralakoa, Ibaialdekoa, Errekaldekoa, Zabalakoa eta Zorrotzakoa; eta Buiako zerbitzugunea.
2022an, jendearen eskura zeuden materialen kopurua (liburuak, egunkariak, aldizkariak, filmak, musika, mapak eta abar) 26.305 aletan handitu zen, eta Udal Liburutegien bilduma 521.568 liburukitan kokatu zen.
Titulurik eskatuenak
Bitxikeria gisa, hauek izan dira Bilboko Udal Liburutegietako erabiltzaileek maileguan gehien hartu dituzten liburuak:
- Helduentzako gaztelaniazko liburuak: Eva García Sáez de Urturiren “El libro negro de las horas”; Carmen Molaren “La bestia: Madrid 1834”; eta Julia Navarroren “De ninguna parte”.
- Helduentzako euskerazko liburuak: Kirmen Uriberen “Izurdeen aurreko bizitza”; Amets Arzallusen “Miñan”; eta Alberto Ladrón Aranaren “Arotzaren eskuak”.
- Haurrentzako eta gazteentzako gaztelaniazko liburuak: Kayoko Kishimotoren “Naruto”; Gosho Aoyamaren “Detective Conan”; eta Eiichiro Odaren “One piece”.
- Haurrentzako eta gazteentzako euskarazko liburuak: Mattero Gaule, eta abarren “Dinosauroak”, Simon Millerren “Ibilgailuak”; eta Ibon Martin Alvarezen “Onin eta altxorraren uhartea”.
Musika-grabazioei dagokienez, maileguan gehien utzi direnak honakoak izan dira: Fito & Fitipaldis taldearen “Cada vez cadáver”; Rosalíaren “Motomami”, eta Izaroren "Limones de oro". Ikus-entzunezkoei dagokienez, gehien eskatutako telesaila "The Americans" izan zen, eta, ondoren, "El buen patrón" eta "Maixabel" filmak.