Konferentziak 33 saio ospatuko ditu guztira hiru egunetan zehar. Horretarako, hainbat erakunde ezberdinetako ehun hizlari inguru bilduko dira. Gainera, Europako tokiko eta eskualdeko 500 ordezkari baino gehiago ariko dira bertan eta ekainaren 13an ondorioen agiria aurkeztuko dute, konferentziari amaiera emanez
Iñigo Urkullu lehendakariak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Imanol Landa EUDELeko elkarteburuak, Stefano Bonaccini (CEMR) presidenteak eta Abel Caballero FEMPko presidenteak izan dira konferentzia inauguratzearen arduradunak.
Eztabaidetan toki mailan interesgarriak diren gaurkotasun handiko gaiak jorratuko dira, hala nola, emakumeek politikan parte hartzea, espazio publikoetako eta sare sozialetako segurtasuna, LGBT kolektiboaren eskubideak, laneratzea, immigranteak gizarteratzea edo gobernu irekia.
Hitzaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak ongietorria egin die Bilbora eta Euskadira etorri diren Europako autoritateei: “Hemen berdintasuna, aniztasuna eta gizarteratzea ditugu eta”. Lehendakariak hauxe nabarmendu du hitzaldian: “Gure ereduak giza garapen jasangarriarekin egiten du bat, eta berdintasun-balioak, aniztasunarekiko errespetua eta gizarteratzea gure ideietako batzuk dira. Erakunde publikoen jarduketetan pertsona da ardatz nagusia, eta justizia soziala euskal herritarron ideien baitan dago”.
Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere konferentzia baloratu du: “Berdintasunaren, aniztasunaren eta inklusioaren inguruan eztabaidatzeko eta ikasteko aukera paregabea da hau. Gure gizarteak antolatzeko eta kudeatzeko orduan gero eta garrantzitsuak dira eta izango dira estatuetan, baina, batik bat, Europa osatzen dugun udalerrietan eta eskualdeetan. Bilbon, buru-belarri egiten dugu lan hori lortzeko. Eta, gainera, batzar hau aukera aparta da nazioartean hiri irekia, konprometitua, kohesionatua eta solidarioa garela ikus dezaten, bai eta hala izaten jarraitzea nahi dugula ere”, gehitu du.
Imanol Landak, Euskadiko Udalen Elkarteko elkarteburua (EUDEL) eta Getxoko alkatea denak, konferentziaren balioa nabarmendu du: “Europako udalerrien arteko gure ituna berritzeko aukera bat da, ikuspuntu eta konpromiso partekatu batetik, zeinaren bitartez zerbitzu publikoak eta politikak berritzen jarraituko dugun gure herritar guztien mesedetan”. Elkarteburuak zuzen-zuzenean hitz egin die tokiko gobernuetako ordezkariei: “Udalerrien arteko loturen bitartez ahalduntzeko unea iritsi da, horixe baita gure indarra. Konpromiso publikoaren eta ilusioaren adibide izan gaitezen, gure lider gazteak kutsatzeko, eta haiek ere ingurukoak inspira ditzaten”.
Stefano Bonaccini Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) eta Emilia-Romagna eskualdeko (Italia) presidenteak hauxe esan du: “Berdintasun eza, diskriminazioa eta gizarte-bazterkeria pertsonen eguneroko bizitzari eragiten dioten errealitate berriak dira, eta aurre egin behar diegu. Konferentzian bildu diren tokiko lider eta adituek aldatzeko energia eta borondatea erakutsi dute, bai eta udalerri zein eskualdeek alor horretan neurri erabakigarriak hartzen dituztela ere. Horren adibide da gure Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Gutunaren bidez bidezkoagoak diren gizarteak lortzeko konpromisoa hartu duten 1.700 udalerri eta eskualde baino gehiagoko multzo hori.
CEMRko presidenteak, halaber, hauxe azpimarratu du: “Europako tokiko eta eskualdeko ehunka lider konprometitu dira asiloaren krisiari aurre egitera, bai eta gure udalerri zein eskualdeetan mundu guztia etxean balego bezala sentiaraztera ere. Horietatik, 500 baino gehiagok informazioa partekatu dute eta elkarrengandik ikasi Bilboko konferentzian”.
Erakunde-inaugurazioaren ostean, Rigoberta Menchú Bakearen Nobel saridunak hitz egin du. Guatemalako aktibista kitxe eta feminista UNESCOko borondate onaren enbaxadorea da, bai eta giza eskubideen babesle sutsua ere. Menchú doktoreak konferentziako hiru gai nagusiei buruzko hitzaldi motibatzaile bat eskaini du. Jarraian, eztabaidarako mahai-inguruan hartu du parte Europako erakundeekin eta nazioarteko organismoekin.
"DESBERDINTASUNEK BATZEN GAITUZTE!" DA KONFERENTZIARAKO AUKERATUTAKO GOIBURUA
“Berdintasuna, Aniztasuna eta Inklusioa. Desberdintasunek batzen gaituzte!” Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) konferentziari esker, Bilbo eta Euskadiko udalerri guztiak pertsonengandik hurbilen dauden tokiko politiken etorkizunari buruzko Europako eztabaidaren erdigunea izango dira. Konferentziaren helburua tokiko gobernu guztiek dituzten irizpideak eta ikuspegi partekatuak lortzea da, udal-politiken ekintza koordinatu eta lerrokatua lortzeko Europa osoan.
Ekainaren 11tik 13ra, ideien, eztabaiden eta irtenbideetarako proposamenen laborategia izango da Euskalduna Jauregia. Bertan, 40 herrialdetako hiri eta udalerrietako 500 ordezkari bilduko dira, eta esperientziak eta jardunbide onak partekatu ahal izango dituzte, elkarrengandik ikasiz eta tokiko errealitate ezberdinen ikuspegien bitartez aberastuz.
Konferentziaren ondorioen laburpena ekainaren 13an, asteazkenean, aurkeztuko da, eta gomendio edo printzipio inspiratzaile gisa, eta etorkizuneko tokiko politikak diseinatzeko gomendioak edo orientazio-mapa izango dira, giza eskubideen errespetua abiapuntu hartuta eta garapen jasangarrirako helburuekin bat etorriz.
KONFERENTZIAREN HELBURUAK
Berdintasunaren aldeko askotariko gizarte inklusiboek proposatzen dituzten erronkak eta aukerak azaltzea tokiko mailan erabakiak hartzen dituzten pertsonei eta herritarrei.
Europako gizarte-paisaiaren eraldaketari buruzko ideia eta esperientzia berritzaileak jorratzea, eta honako GAI hauek barne hartzea: parte-hartze politikoa eta espazio publikoetako segurtasuna, giza eskubideak, bereizkeriaren/askotariko bereizkeriaren aurka borrokatzea, NBEren garapen jasangarrirako helburuen Agenda 2030, immigranteak gizarteratzea, zerbitzu publikoak eta kudeaketa, enplegua, edo parte hartzeko demokrazia eta gobernu irekia.
Arreta berezia jarriko da tokiko bizitzan emakumeek eta gizonek berdintasuna edukitzeari eta tokiko bizitzan emakumeek eta gizonek berdintasuna edukitzeko CEMRko Berdintasunerako Europako Gutunari (2006), orain arte Europako 35 herrialdetako 1.700 autoritate baino gehiagok sinatu dutena.