BILBO. Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaleen Topaguneak gazteei zuzenduriko Harrapazank programaren hamahirugarren edizioa jarri dute bidean. Talentua eta sormena erakutsi nahi duten 8 eta 18 urte bitarteko gazteek otsailaren 5era arteko epea dute izena emateko, www.harrapazank.eus web orrian. Horretarako, fitxa bete eta gurasoen berariazko baimena erantsi behar dute. Ekimenaren arduradunek jakinarazi dutenez, Harrapazank programaren barruan bi atal ezberdin daude. Alde batetik, Distirazank talentuen lehiaketa dago, gazteek trebezia artistikoak erakusteko. Bi kategoria daude: Harrapazank Junior, 8 eta 13 urte bitartekoentzat, eta Harrapazank Senior, 14 eta 18 urte bitartekoentzat.
Bi kategorietan casting bat egingo da gazteek talentua erakusteko antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketetan, txisteak kontatzen eta abarretan. Hori egin aurretik, irakasle profesionalen laguntza izango dute entsegu trinkoetan gaitasunak hobetzeko. Castinga gainditzen dutenek ikastaro magistral batean parte hartuko dute eta finalera pasatuko dira. Castinga gainditu ez dutenek hobetzeko tailer batean parte hartuko dute.
Castingaren ondoren, kategoria bakoitzeko hamar talde aukeratuko dira. Talde horiek maiatzean egingo diren azken saioetan parte hartuko dute beren trebezia erakusteko, Bilborock aretoan. Saio horietan irabazleak aukeratuko dira eta 500 euroko bi sari banatuko dituzte kategoria eta saio bakoitzean.
TAILERRAK
Beste alde batetik, Harrapazank programak Sortuzank eta Bilrobot tailerrak eskainiko ditu. Sortuzank tailerretan gazteek beren zaletasunetan eta sormenetan sakontzeko aukera dute. 9 eta 18 urte bitarteko gazteentzat da, eta landuko diren gaiak, graffiti, youtuber, argazkigintza, norberak arropa bere gustura moldatzea, makillajea eta kazetaritza.
Halaber, Bilrobot 8 eta 12 urte bitarteko gazteei zuzenduriko errobotika tailerra da, bideo jokoak eta popping dantza errobotikoaren erako dantza egiten ikasteko.
Programa guztietan parte hartzeko izena eman behar da www.harrapazank.eus web orrian. Epea irekita dago otsailaren 5era arte. Tailerretako plazak mugatuta daude eta esleitzeko eskari guztien artean zozketa bat egiten da. Zozketa otsailaren 6an izango da eta emaitza posta elektronikoz jakinaraziko zaie parte hartzaileei. Gainera, Harrapazank programaren jarraipena YouTubeko kanalaren bidez eta Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialetako profilen bidez egin ahalko da.
Iaz, Harrapazank programan 700dik gora gaztek parte hartu zuten, eta 1.340k eman zuten izena. Distirazank talentuen lehiaketan 303 parte hartzaile egon ziren, Sortuzank tailerretan 190, eta Bilrobot tailerretan 180.
Harrapazank programak bigarren zati bat izan zuen udazkenean eta horretan programa berriak garatu ziren. Horrela, talentuen eskola duen Izarren Hautsan, Bilboko 33 gaztek aukera izan zuten musika, dantza zein antzerkirako gaitasuna hobetzeko. Bestalde, Klikazank ginkana birtuala egin zen, teknologia berrien munduan euskaraz murgiltzeko