BILBO. Artxandako funikularrak 2017an berriro hautsi zuen erabiltzaile kopuruaren marka. Guztira, 829.627 pertsonak erabili zuen funikularra urtean zehar. Funikularraren bidaiari-kopuruaren hazkundea etengabea izan da azken urteotan. 2015ean, funikularraren mendeurrenean, 728.921 erabiltzaile izan zituen, 2014an baino % 18,77gehiago. 2017an 2016an baino 60.000 erabiltzaile gehiago izan zituen funikularrak, hau da, % 7,26 gehiago. Aurreko urteetan legez, iaz ere abuztua izan da bidaiari kopuru handieneko hila: 101.273 erabiltzaile.
TripAdvisor webguneak bikaintasunaren ziurtagiria eman dio Artxandako funikularrari 2017an, webgunearen erabiltzaileen aldeko iritzien bidez esker-ona edo onarpena adierazteko. 2016an ere lortu zuen ziurtagiri hori. Batez ere bidaiari eta turistentzat pentsatuta dagoen webgune hori aitzindaria da mundu-mailan; izan ere, mundu osoko lau milioi entitateri buruzko 150 milioi iruzkin eta balorazio baino gehiago jasotzen ditu urtero.
Funikularrak lanegun guztietan ematen du zerbitzua 07:15etik 22:00etara bitartean. Jaiegunetan 08:15etik 22:00etara eta udako hiletan (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila) 23:00ak arte luzatzen du ordutegia. Maiztasuna 15 minutukoa da, arrazoi bereziak tarteko bidaiari asko batzen direnean izan ezik. Horrelakoetan maizago ibiltzen da geltokiak jendez hustu arte.
Hiru minutu baino gehixeago behar du funikularrak 770,34 metroko bidea egiteko; segundoko 5 metroko abiadura hartzen du (orduko 18 kilometro) eta 70 pertsonentzako lekua dago bagoietan. Gainera, zerbitzu berriak eskaintzen hasi da, esaterako, doako bisita gidatuak euskaraz zein gaztelaniaz.