Arriaga Antzokiak, berriz ere, ikuskizun musikal handi bat eskainiko du uda honetan. Abuztuaren 14tik, ostegunetik, irailaren 21era, igandera, Mamma Mia! izango dugu Bilbon, Suediako ABBA talde ahaztezinaren musika duen musikal handia.
Ikuskizun hau ATG Entertainment-en produkzio bat da, SOM Produce barne hartu duen taldea. SOM Arriaga Antzokian arrakasta izan duten beste musikal batzuez arduratu da, hala nola Priscilla Reina del Desierto, West Side Story eta Chicagoz. Proposamenaren kalitateari eta publikoaren konfiantzari esker, Antzerki Musikalaren Sarietan Koreografia Onenaren saria jaso du, besteak beste.
Ikuskizun zirraragarri eta hunkigarri hau ez da Bilbora izenburu berberarekin beste batzuetan etorri dena, beste muntaketa bat da, eta bost aste pasatxo izango da ikusgai Arriaga Antzokian, Aste Nagusia barne hartuta.
Mamma Mia! musikalaren ekoizpen berriak eszenografia, jantzi eta koreografia originalak ditu, baita letra eta moldaketa musikal berrituak ere. Musikalak 800.000 ikusle baino gehiago utzi ditu liluratuta Madrilgo Gran Vían arrakasta handia izan duten hiru denboralditan, non egun bakoitza zinezko festa bat den.
Ikuskizuna ABBAren 23 abesti arrakastatsuenetan oinarritua dago eta hortaz "Dancing Queen", "Gimme Gimme Gimme", "Chiquitita", "The Winner Takes It All", "Voulez Vous", "S.O.S", "Super Trouper" edo "Thank you for the music" entzun ahalko dira, besteak beste.
Horrela, Mamma Mia! komedia musikalean, inork ezin dio eutsi abesteko, dantzatzeko eta hunkitzeko bulkadari. Horrez gain, musikalak kontatzen duen istorioa amei eta alabei, maitasunari eta lagun zaharrei egindako omenaldi bat da. Hori dela eta, musikala adin eta publiko mota guztientzat da aproposa, bikotekidearekin, lagunekin edo senideekin gozatzeko modukoa.