Getxoko gazteek ostegun honetatik, maiatzaren 28tik, aurrera izango dute Gau Beltz Gaztearen kultur programazioa osatuko duten proiektuak bozkatzeko aukera. Parte hartze prozesuaren bigarren fase honetan, Getxon erroldatutako 16 eta 34 urte bitarteko gazteek eman ahal izango dute botoa, ekainaren 7ra arte.

Getxo Kulturak prentsa ohar bidez azaldu duenez, lehen fasean 12 proposamen jaso ziren, eta udaleko teknikariek aztertu eta egokitu ondoren, zazpi proiektutan batu dira. Bigarren fasera igaro diren ekimenak formatuen eta publikoen aniztasuna kontuan hartuta hautatu dira, haurrei zein helduei zuzendutako jarduerak uztartuz, bai ikuskizunak bai parte hartze aktiboa sustatzen duten proposamenak.

Halaber, baloratu dira Gau Beltzaren espiritu tradizionalarekiko lotura, euskal mitologiarekin, musika tradizionalarekin eta memoria kolektiboarekin duten harremana. Horrez gain, kultur aniztasuna, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, eta jarduerak udalerriko hainbat gunetan garatzeko gaitasuna ere kontuan hartu dira.

Bozkatu ahal izango diren proposamenak honako hauek dira: ‘Arimen kalejirak’, ‘Neonezko gaua’, ‘Beldurrezko galeriak’, ‘Ez irten antzokitik!’, ‘Hildakoen eta munduen gaua’, ‘Itzalen ihesgela da’ eta ‘El origen de Gau Beltza’.

Getxo Kultura eta Partaidetza Zerbitzua elkarlanean ari dira 2026ko aurrekontu parte hartzaileetatik sortutako ekimen honetan. Prozesuaren helburua da Getxoko gazteei protagonismo handiagoa ematea Gau Beltzaren ospakizunaren diseinuan, haien interesetara egokitutako proposamen kultural eta artistikoak sustatuz eta gustukoen dituzten ekimenak aukeratzeko aukera eskainiz.