Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Bizikletaren 1. Barometroaren emaitzak aditzera eman ditu astearte honetan. Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatuak, Sonia Pérezek, Bizkaiko Batzar Nagusietako bidezko batzordean egindako agerraldian, Lurralde Historikoan bizikletaren erabilerak izandako gorakada nabarmendu da.

Azterketatik ateratako datu garrantzitsuenen artean, azpimarratzekoa da bizkaitarren % 38k garraiobide honen ohiko edo noizbehinkako erabiltzailetzat jotzen du bere burua. Halaber, lurraldeko herritarren % 50ek bizikleta bat du erabilera pertsonalerako eta etxe bakoitzeko batez besteko bizikleta kopurua 2,6 da. Astearte honetan ehun egun bete duen BizkaiBizi zerbitzua ezarrita dagoen 9 udalerrietako batean bizi diren pertsonen % 80k martxan jarri eta aste gutxira ezagutzen zuten.

Bizkaian bizi diren biztanleen % 6k adierazi du bizikleta erabiltzen duela lanera edo ikasketa-zentrora joateko. % 92k adierazten du bizikletan ibiltzen badakiela, eta % 71k uste du zuzen zirkulatzen badakiela.

Bizikletan ibiltzen dakitenen artean, gizonen artean % 97 dira eta emakumeei dagokienez % 88. Bigarren kolektiboari dagokionez, zuzen zirkulatzen dakitela diotenak gizonen kasuan % 90 dira, eta emakumeen kasuan % 64.

Bizkaiko etxeetan batez beste 2,6 bizikleta daude, eta Mountain-Bike eredukoak dira ohikoenak (% 70). Bizikleta elektrikoak gero eta leku handiagoa hartzen ari dira ranking honetan. Bizkaiko herritarren % 6k adierazten du horrelako bizikleta bat duela.

Bizikletaren erabilera, oro har, kirolarekin (% 49) eta osasunarekin (% 44) lotzen da, eta arrazoi gisa agertzen dira, halaber, mugikortasuna (% 36) eta ingurumena (31).

Oro har, ohiko erabiltzaileen artean bizikletak jarraitzaile gehiago ditu garraiobide azkarragoa delako.

% 52k uste du bere udalerria abegikorra/segurua dela bizikletan ibiltzeko eta, era berean, alde handiak nabarmentzen dira pertzepzio horretan eskualdeka. Horrela Ezkerraldea (% 31) eta Busturialdea (% 44) dira bizikletan ibiltzeko abegitasun/segurtasun gutxien duten eskualdeak, eta Enkarterriak (% 77), Arratia-Amorebieta (% 73) eta Eskuinaldea (% 70) dira abegikorrenak.

Euren udalerria bizikletarentzat abegikorra/segurua ez dela uste dutenen artean, bizikleta bideen falta edo diseinu txarra (% 73), gehiegizko trafikoa (% 51), egokitu gabeko udalerria (% 41) edo orografia (% 37) nabarmentzen dira, besteak beste.

Herritarren % 73k hirian bizikletaz mugitzeko zailtasun nagusien artean honako hauek nabarmentzen dituzte: gehiegizko trafiko motorduna; bidegorri gutxiegi; lapurreten arriskua; edo bizikletak aparkatzeko toki gutxiegi.

Ikerketa IKERFELek egin du 2023ko urria eta azaroa bitartean, Bizkaiko eskualdeetan bizi diren 14-70 urteko biztanleria orokorrari egindako 1.005 elkarrizketa oinarri hartuta. Eta, gainera, beste 551 elkarrizketa egin dira BizkaiBizik funtzionatzen duen 9 udalerrietan.