Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru aritu da udaletxeko Arabiar Aretoan egin den Hiriaren Kontseiluaren osoko bilkuran. Bilera horretan, "Bilbao Hobetzen-Mejora Bilbao" 2023-2027 agintaldirako Gobernu Planaren ildo nagusiak eta 2024rako Udalaren Aurrekontu Orokorren funtsezko alderdiak azaldu ditu. Bilboko Emisio Gutxiko Eremua (EGE) arautzeko ordenantza-proiektua ere jorratu da. Alkatearekin batera, Ibon Aresok ere parte hartu du, presidenteorde den heinean, bai eta udal-politikako, gizarteko, ekonomiako eta kulturako eta komunikabideetako ehun bat ordezkarik ere.

Horien artean, Udaleko alderdi politiko guztien ordezkariez gain, Udaleko kontseilu sektorialen ordezkariak ere egon dira. Hain zuzen, erakunde hauetako ordezkariak izan dira kontseiluan: Kontseilu Berdea; Gizarte Zerbitzuen Kontseilua; Eskola Kontseilua; Lankidetzako Kontseilua; Berdintasunerako Emakumeen Kontseilua; Immigrazio Kontseilua; Plangintzako Aholku Batzordea; Bilboko Ondarearen Batzordea; 8 barrutietako kontseiluak; Euskaltzaindia; Euskadiko Gazteriaren Kontseilua; sindikatuak, CEBEK; Euskal Enpresarien Zirkulua; Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera; Bilboko Merkatarien Elkartea; Bizkaiko Ostalaritza Elkartea; Destino Bilbao Elkartea; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala; Bizkaiko Abokatuen Elkargoa; Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargoa; Bizkaiko Aparailari eta Arkitekto Teknikoen Elkargoa; Bizkaiko Medikuen Elkargoa; UPV/EHU; Deustuko Unibertsitatea; Etxekoandreen Probintziako Elkartea; Bizkaiko Kontsumitzaileen Elkartea; Eusko Jaurlaritza; Bizkaiko Foru Aldundia; komunikabideak; Bilboko Arte Ederren Museoa; Guggenheim; Euskalduna jauregia; Arriaga Antzokia; IMQ; Erruki Etxea; Portuko Agintaritza; ABAO; Nevipen; Labayru Fundazioa; Asfedebi; Fekoor; Nagusiak; Bilboko Eskualde Etxeen Federazioa; La Bolsa; BBK; Athletic Club. Horrez gain, hainbat pertsona ere izan dira, besteak beste: Ignacio Marco-Gardoqui, Pedro Luis Uriarte, José Ramón Bilbao, Gaspar Martínez, María Jesús Cava Mesa, Itziar Lazkano, Mercedes de Miguel, Carmen Mijangos eta Magdalena Mugika. 

Bilboko Hiri Kontseilua aholku- eta eztabaida-organo bat da tokiko ekonomia-garapenari, uriaren plangintza estrategikoari eta hiri-proiektu handiei buruzko gaietan. Hori dela eta, ekonomia- eta gizarte-arloko erakunde, auzotarren elkarte eta erakunde profesional nagusien ordezkariek osatzen dute. Hiri Kontseiluan ehun bat pertsona daude, eta bere xede nagusia da erakundeen plataforma iraunkor bat sortzea, hiriarekin eta haren etorkizunarekin zerikusia duten gaiei buruz hitz egiteko eta eztabaidatzeko. Horretarako, hausnarketa bateraturako eta pentsamendu estrategikorako elkargune bat ezartzen da, hiriko gai publiko nagusiak kudeatzen laguntzeko eta horretarako euskarri izateko.