Ekainaren 12an, ostirala, San Mames futbol zelaiak Euskal Herriko Unibertsitateak lehen aldiz antolatutako gradu eta graduondo ikasketa-amaiera ekitaldi bateratua jasoko du. Ostiral honetan goizean aurkeztu dute ekitaldia.
Joxerramon Bengoetxea errektoreak adierazi duenez, “graduazio hutsa baino askoz gehiago izatea nahi dugu. Unibertsitate publikoaren, ezagutzaren, zientziaren eta gure ikasleekiko sentitzen dugun estimu eta harrotasunaren ospakizun itzela izango da”.
“Ekitaldi oso berezia izango da EHUrentzat, eta, baita euskal gizartearentzat”. Hala adierazi du EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak ekitaldia aurkezteko agerraldian. Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordea eta Asier Blas Ikasle eta Konpromiso Sozialerako errektoreordea ere izan dira aurkezpenean. “Gure ikasleen eskaeratik sortutako ekitaldia da, unibertsitate ikasketen amaiera modu bateratuan ospatu nahi dutelako, euren bizitzako une garrantzitsu baten neurriko espazio sinboliko batean”, azaldu du errektoreak.
Ekitaldia ekainaren 12an, ostiralean, egingo da Bilboko San Mames estadioan. Tamaina eta ezaugarri horietako espazio batek aukera emango du EHUn etapa bat amaitzen duten ikasle guztiak eta haien gertukoak elkartzeko. Halaber, ekitaldia publiko orokorrarentzat ere irekita egongo da, unibertsitate publikoaren aldeko babesa adierazi nahi duen orok bertaratzeko aukera izan dezan. Izan ere, publiko orokorrari zuzendutako ikuskizuna izango da.
Azken kurtsoko ikasleek formulario hau bete beharko dute izena emateko. Izan ere, eurak izango dira zelaian lekua hartuko dutenak; ekitaldiaren protagonista nagusiak. Ikasleen senideek eta gertukoek sarrerak erosi ahal dituzte,19 euroan, “ekitaldia bideragarri egiteko eta unibertsitate publikoa babesteko”, zehaztu du Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak.
“Campus anitzeko unibertsitatea izanik, halako ekitaldiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako komunitateen arteko topagune gisa balio dute. Aldi berean, unibertsitatearekiko pertenentzia sentimendua indartzeko funtzio garrantzitsua betetzen dute”, zehaztu du Garaik.
Emanaldiak eta sorpresa ugari
Azken urteotan senide eta lagunen aldetik ere interesa gehitu egin da era horretako ekitaldiengatik, baina espazio faltak askotan gogo hori zapuztu du. Hala, “aurten ilusio partekatu horri erantzun nahi izan diogu eta aukera eman askoz ere jende gehiagori”, esan du errektoreak.
Ekitaldi akademikoaz gain, musika, dibulgazio zientifikoa, emanaldiak eta sorpresa ugari izango dira, ikuskizun kolektibo handi gisa pentsatutako formatu batean. Eta han parte hartuko duten pertsona guztiak EHUko ikasle ohiak izango dira, unibertsitatearekin duten talentua eta lotura erakusteko.
“San Mames ez da graduazio-ekitaldi baten agertoki hutsa izango. Unibertsitate publikoak gizarteari egiten dion ekarpena aitortzeko eta ospatzeko topagune kolektiboa ere izango da. Gaur egun, inoiz baino gehiago, hezkuntza publikoaren, zientziaren eta pentsamendu kritikoaren balioa aldarrikatu behar dugu, baita kalitatezko unibertsitate publiko batek milaka gazteri eta haien familiei eskaintzen dizkien aukerena ere”, nabarmendu du Bengoetxeak eta dei egin die ikasle, senide, lagun eta, oro har, gizarte osoari “ekitaldi berezi honetan parte hartzera”.