Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) taldearen ikerketa-lerroetako batek soluzioak bilatzen ditu, barruti edo auzoek urtean zero inguruko energia-kontsumo garbia izan dezaten. Ikaskuntza automatikoko teknikak erabiliz, Milagros Álvarez doktoreak zehaztasun handiagoa lortu du energia-eskaria zenbatesteko, bai eta auzoetako kontsumo termikoa murriztera bideratutako berrikuntza-estrategiak ebaluatzeko ere.

Hiri-eraikinek behar izaten dute munduko energia-kontsumo osoaren % 30. Europar Batasunean, energia-kontsumoaren % 64 baino gehiago baliatzen da berokuntzarako. Hala eta guztiz ere, Europako higiezin-parkearen % 75 ez da efizientea energiaren ikuspegitik, Europako Batzordeak emaniko datuen arabera. Ondorioz, gero eta gehiago ari dira bultzatzen energia-kontsumo ia nulua duten eraikinen kontzeptua barruti osoetara zabaltzeko ahalegina, eraberritzeak azeleratzeko eta, hala, aurrera egiteko berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta efizientzia energetikoa hobetzeko bidean.

Testuinguru horretan, Milagros Álvarez Sanz ikertzaileak eredu berri bat garatu du hirietako eraikinen berokuntza-eskaria kartografiatzeko: “Eredu sinple bat da, berokuntza-eskariaren hasierako zenbatespenak egiteko (eraikinez eraikin bereizi daiteke), baita eskaera hori murrizteko ezar litezkeen berrikuntza-estrategiak ebaluatzeko ere”. Jasangarritasunari eta munduko energia-krisiari heltzeko premia ikusirik, “funtsezkoa da eraikinetan efizientzia energetikoa hobetzea, eta efizientzia hori auzo osoetan lortzea erronka erabakigarria da hirietarako”, adierazi du doktoreak.

Ikerketa Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ENEDI ikertaldean egin dute, zeinak eraikingintzako efizientziaren eta energia aurreztearen arloan lan egiten baitu. “Udal mailako energia-estrategiak planifikatzen hasteko, lehenik eta behin bizkor eta behar adinako zehaztasunez jakin behar da zenbat energia behar duten eraikinek. Alde horretatik, gero eta ikerketa eta trantsizio energetikoko politika gehiago ari dira igarotzen eraikin isolatuak aztertzetik auzo osoak aztertzera, horri esker modu osoagoan heltzen baitzaio emisioak murrizteko erronkari”, gaineratu du Jon Terés Zubiaga ikertzaileak. Zubiagak zenbait proiektutan dihardu lanean, hiri eta lurraldeetako kalteberatasunaren eta energia-plangintzaren arloan.

Tresna praktiko hori azkarra, zehatza eta erabilerraza da, energia-plangintzaren, arkitekturaren eta hiri-kudeaketaren arloan lan egiten duten profesionalei zuzendua; izan ere, askotariko aukerak ebaluatzea ahalbidetzen du erronka horri aurre egiteko: “Auzoaren egungo egoera aztertu ondoren, eredu honen bidez energiaren eta ekonomiaren ikuspegitik azter dezakegu zer inpaktu izan lezaketen eraikin batzuetarako edo auzo osorako proposaturiko soluzioek; esate baterako, eraberritze pasiboak egiteak edo energia-sistemak aldatzeak, dela panel fotovoltaikoak erabiliz, dela galdarak aldatuz”.

Ikaskuntza automatikoa eta datu publikoak

ENEDIko ikertzaileek machine learning edo ikaskuntza automatikoko teknikak erabili dituzte eraikin edo barruti baten “kalitate energetikoaren” adierazle bat zehazteko. “Eredu horren bidez, eraikin bakoitzerako oinarrizko tenperatura bat zehaztu daiteke haren ezaugarrien arabera, eta, hala, energia-errendimenduaren adierazle bihurtzen da; parametro hori publikoki eskuragarri dauden aldagai edo datuetatik abiatuta zehaztu daiteke”. Álvarezek eta Terések bereziki nabarmendu dute datu ireki horiek aprobetxatzeko interesa, zeinak gero eta gehiago baliatzen baitira hirietako ikerketa eta plangintza energetikoetan; “izan ere, informazio baliotsua ematen dute eraikinak eta auzoak aztertzeko. Erraz eskuratzeko moduko datuak dira, eta modu fidagarrian elika dezakete eredua, informazio konplexua bildu beharrik gabe”.

Ikerketa honen ekarpen nagusietako bat izan da frogatzea eredu sinplifikatuak gai direla eskala handiko berokuntza-eskariaren zenbatespen zehatzak emateko, simulazio konplexuen beharrik gabe. Ikaskuntza automatikoko teknikak erabiliz, “zehaztasun handiagoa lortu da energia-eskariaren kalkuluetan, eta efizientziaz ebaluatu dira auzoetan berrikuntza energetikoa sustatzeko estrategiak”. “Eredu honi esker, birgaitze energetikoa sustatzeko erabaki informatuak eta eskalagarriak har daitezke, baita eraikin bakoitzaren datu zehatzik gabe ere”, adierazi du Álvarezek. Gainera, sinplifikazio horrek ahalbidetzen du tresna modulu gisa integratzea eredu zabalagoen barruan, eta, hala, hiri osorako ebaluazio energetikoak egiten laguntzen du.

Ereduaren erabilgarritasun praktikoa frogatzeko, azterketa bat egin zuten Bilboko Otxarkoaga eta Txurdinaga barrutietan. Ikertzaileek kontatu dutenez, “berrikuntza energetikoko zenbait estrategia ebaluatu eta adierazle energetiko eta ekonomikoak aztertu ziren, eta, horri esker, efizientzia-maila txikiena zuten eraikinak identifikatu ziren, esku-hartze espezifikoak egiteko”. Aipatzekoa da lan honetan aurkeztutako eredua “Europako hegoaldeko baldintza klimatikoetara” mugatzen dela. “Beraz, identifikatutako hurrengo urratsetako bat da eredu hori orokortzea, eta, horretarako, ebaluatutako agertokien tartea zabaltzea”, adierazi dute.