Txosten bat egin du

Udalaren zerbitzuak eta zaintzak zabaltzeko laguntza eskatu du Donostiak

06.04.2020 | 11:00
Informazioa nola zabaldu azaldu du Udalak.

DONOSTIA. Donostiako Udalak eskaintzen dituen zaintza eta laguntza zerbitzuen informazioa zabaltzeko laguntza eskatu die hiritarrei, gehien behar dutenek ohar daitezen.

Horretarako, Udalak donostiarrei laguntza eskatu die informazioa ahalik eta hiritar gehienen artean zabaltzeko. Hortaz, dokumentua egin du eta, bertan, informazio guztia zein laguntza eskatzeko dauden telefono zenbakiak jarri ditu. Horiek horrela, Udalak dokumentua www.donostia.eus/covid19 webgunean jarri du eta proposatu du deskargatzeko zein inprimatzeko eta etxeen atarietan jartzeko, edozein pertsonak kontsultatu eta, behar izanez gero, erabili ahal izateko.

Dokumentuak erakundeen telefono zenbakiak jasotzen ditu (larrialdietarako gizarte zerbitzuak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, teleasistentzia), baita laguntza psikologikoa, indarkeria matxistari aurre egiteko laguntza, itxaropenaren telefonoa edo dolu-prozesuetarako laguntza eskatzeko zenbakiak ere.

Dokumentuak, halaber, boluntarioen sare ezberdinen kontaktuak jasotzen ditu, bai Eusko Jaurlaritzak Gurutze Gorria eta Caritas-ekin elkarlanean sortutakoa, bai hiriko auzo ezberdinetan martxan jarri diren hiritar-ekimenak.

Hortaz, aipatutako hiritar-ekimen sarearekin harremanetan jartzeko eskatzen da, baldin eta norbaitek erosketa egiteko, zaborra ateratzeko, maskotak paseatzera ateratzeko edo botikak jasotzeko beharra badu.

Donostiako alkate Eneko Goiak donostiarrei dei egin die ekimen honekin kolaboratzeko: "Helburua da, laguntza behar duten pertsona guztiengana iristea". Ildo beretik, alkateak honakoa gogorarazi du: "Ekimen asko antolatu dira, eta horietako asko hiritarrek antolatu dituzte. Eta horiei esker erakundeok iristen ez garen lekutara iritsi dira". Hortaz, sare horietan lan egiten ari diren pertsona guztiei eskerrak eman dizkie.

noticias de deia