Nekane Balluerkarekin bildu zen

Manuel Castellsek Euskal Herriko Unibertsitatea bisitatu du

17.02.2020 | 16:32

BILBO. Pasaden ostiralean, hilak 14, Espainiako gobernuko Unibertsitateen ministroa den Manuel Castellsek Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campusa, Leioakoa, bisitatu zuen, estatuko unibertsitate guztietara eramango duen bisiten errondaren barruan. Bertan, Nekane Balluerkarekin batu zen, beste hainbat pertsonaz gain, hala nola  ikasleen kolektibo eta ordezkariekin, ikertzaileekin, irakasleen ordezkariekin, sindikatuetako ordezkariekin, eta administrazio eta zerbitzuetako langileekin.

"Unibertsitatearen komunitatera hasi gara hurbiltzen, Euskal Herriko Unibertsitatean, zeinak, hiru campusetan banatuta, 40.000 ikasle baino gehiago baititu. Gure helburua da diagnostiko kolektibo bat egitea, unibertsitatean bizi diren eta hura eraikitzen duten komunitateekin batera. Horretara etorri gara" adierazi du Gastellsek.

Ministroak entzuten du

Maiztasun batez eta otsailetik aurrera, horrelako topaketak egingo ditu ministroak, Espainiako unibertsitate guztietara iritsi arte. Estatu osoko geografian barrena egingo duen ibilbidean, ministerioak harreman hurbila eduki nahi du unibertsitateekin bertatik bertara ezagutzeko haien zailtasunak eta erronkak, bai eta ikasleen, ikertzaileen, bekadunen, irakasleen, errektoretzen eta unibertsitate ordezkarien proiektuak ere.

Azken helburua unibertsitateen estatu itun bat lortzea da, eta gero hura jasotzea legealdi honetan egin nahi den Unibertsitateen Lege berrian, zeina ahalik eta "ekarpen gehien eta adostasun handiena" lortuta egin nahi baita, Castellsek berak adierazi duen moduan.

Bestalde, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka gustura agertu da, ministroak euskal unibertsitatera egindako bisitaren harira: "Eskerrak eman nahi dizkiot Manuel Castellsi, sentsibilitate berezia erakutsi duelako unibertsitateekin berehala harremanetan jarrita, eta, oso modu berezian eskertu nahi diot harremanen erronda hori Euskal Herriko Unibertsitatearekin hasi izana. Gaur ez da protokolo harrerak egiteko eguna, lan bilera mamitsuak egiteko eguna baizik. Errektoretza talde gisa, Euskal Herriko Unibertsitatearen oinarrizko beharrak planteatu eta bidean ditugun oztopo nagusiak azaldu dizkiogu ministerioari, eta horrez gain, balizko konponbideak partekatu eta horien inguruko gogoeta egiteko aukera izan dugu. Era berean, unibertsitate publikoak etorkizunean izango dituen erronka handiak planteatu ahal izan ditugu.