Astearte honetan goizean, maiatzaren 19an, Artxandako tunelak birgaitzeko obrak, Ugasko-Txorierri tartekoak, bisitatu ditu Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatu Carlos Alzagak.
Jarduketa estrategiko hori kokatu behar da metropoli-mugikortasunerako eta Bilboko sarbideetarako funtsezko azpiegitura hori modernizatzeko plan integralaren barruan.
Bisitan, Olatz Atxa izan da Alzagarekin batera. Interbiak tunelak kontserbatzeko eta ustiatzeko ardura duen erakunde publikoko zuzendaria da Olatz Atxa, eta harekin batera zeharkatu du diputatuak azpiegituraren barrualdea, lanen egoera in situ egiaztatzeko, bai eta lanon bilakaera aurreikusitako egutegiaren arabera egiten ari direla ere.
Artxandako tunelak 2002tik daude martxan, eta 2024ko abuztuan ekin zioten birmoldatze-prozesuari. Lehen fasea Ugasko – Salve tunelean egin zen. Etapa horretan, estaldura eta zorua berritzeari ekin zitzaion, eta segurtasun-instalazioak osorik eguneratu ziren. Pasa den otsailetik, Ugasko eta Txorierri arteko tunelean ari dira egiten lanak.
“Une honetan, jarduketek ardatz dute hormigoizko lehen geruzaren proiekzioa, bai eta erabiltzaileentzako eta larrialdi-zerbitzuentzako (suhiltzaileak eta anbulantziak) ebakuazio-galerien egokitzapena ere. Iparraldeko galeriaren obra oso aurreratuta dago, eta dagoeneko hegoaldeko galeriako obrei heldu diegu”, zehaztu du foru-diputatuak.
Obrak
Ugasko–Txorierri tunela otsailaren 4tik dago zirkulaziorako itxita. Esku-hartzetik bi hilabete eta erdi igaro ondoren, obrek aurreikuspenen arabera egiten dute aurrera, eta horrek aukera emango du sei hilabeteko epeari eusteko eta abuztuan berriro irekitzeko. Aldi horretan, Bilbo eta Txorierri arteko lotura bermatuta egon da, Salve–Txorierri tunelaren bitartez eta Enekuriko eta Egirletako ohiko sarbideetatik.
Denbora horretan, azpiegiturako elementu zaharkituak kendu dira, eta telekomunikazio-operadoreekin koordinatu dira ekipoak desmuntatzeko lanak; hala, zerbitzuaren jarraitutasuna ziurtatu ahal izan da tunel-sarearen gainerako zatietan.
Jarduketaren mugarri nagusietako bat marruskadura izan da. Teknika horri esker, hondatutako hormigoia kendu ahal izan da egituraren gainerako zatiari eragin gabe. Fase hori martxoaren 16an amaitu zen, 24.000 metro koadro inguruko azaleran jardun ondoren. Horri gehitu behar zaio 7.800 metrotik gorako ainguraketen instalazioa. Gainera, 1.900 metro inguruko drainatzeak instalatu dira, funtsezkoak baitira mendigune harritsutik datorren ura behar bezala kudeatzeko.
Obren azken fasea udako hilabeteetarako aurreikusi da; fase horretan, ustiapen- eta segurtasun-sistema berriak instalatuko dira: LED argiztapena, ebakuaziorako seinaleak eta argiak, aireztapena, megafonia, intzidenteen detekzio automatikoa, mezua alda daitekeen panelak edo semaforoak, besteak beste. Halaber, guztiz berrituko dira galtzadaren asfaltatzea, seinale horizontalak eta balizajea; horiek guztiak izango dira obra zibileko azken jarduketak.
Horrez gainera, fase honetan, berrikuntzako bi proiektu pilotu garatzen ari dira: tunelen BIM as built eredu digital bat sortuko da, azpiegituraren biki digital oso bat izatea ahalbidetuko duena, zeinak erraztuko baitu tunelen etorkizuneko kudeaketa; eta drainatze jasangarriko sistema berri bat diseinatuko da, inguruko ibai-ibilguetatik jariatzen diren uren inpaktua murrizteko.
III. fasearen hasiera: Salve-Txorierri
Ugasko – Txorierri tuneleko lanak abuztuan amaitu ondoren, azken tunela (Salve – Txorierri) eta ebakuazio-galeria zentrala birgaitzeko lanei ekingo zaie. Hirugarren fase horretan, Artxandako tunelen erreforma integrala osatu ahal izango da. Fase horretan, dagoeneko hobekuntza nabarmenak exekutatu dira kontrol-eraikinean eta ordainlekuan, zeinean ezarri baita bidesari libreko edo free flow sistema.
Alzagak iragarri du birgaitze-lanen azken fasea oraingoa amaitu eta berehala hasiko dela: “Aurreikuspenen arabera, uda ostean Salbe eta Txorierri arteko tunela itxiko dugu. Hori dela eta, tunel hori erabat itxi beharko da 7 hilabete inguru. Halere, zehazteko dago oraindik. Badakigu neurri horrek nolako eragina izango duen ardatz horretatik egunero igarotzen diren erabiltzaileengan, baina ezinbestekoa da segurtasuna bermatzea eta azpiegitura egungo estandarretara egokitzea”.
Amaitzeko, foru-diputatuak adierazi duenez, “Fasekako plangintza horrek posible egingo du funtsezko hiru helburu bateragarri egitea: pertsonen segurtasuna, azpiegitura giltzarri baten modernizazioa eta metropoli-inguruneko bide-korridore nagusietako batean mugikortasuna mantentzea”.