bilbo - Albert Fert Nobel sariduna UPV/EHUren Materialen Fisika Sailean integratuko da, unibertsitateko ikertzaile eta irakasle gisa. "Kontratazio honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak bere ikerketa lana indartu nahi du, eta Albert Fertek eta UPV/EHUko Magnetismo Taldeak lehendik zuten lankidetza sendotu. Horrez gain, unibertsitateak aldi berean fase magnetiko eta topologikoak dituzten material berriei buruzko azterketak sendotu nahi ditu, hainbat alderdiri dagokienez", azaldu zuen atzo Nekane Balluerak UPV/EHUko errektoreak.

Magnetoerresistentzia erraldoiaren aurkitzaileetako bat da hain zuzen ere Fert fisikari frantsesa. Efektu fisiko horren eskutik goitik behera aldatu zen disko gogorren teknologia, euren edukiera areagotzeko parada ekarri zuelako. Euskal Herriko Unibertsitatera iritsi aurretik, ibilbide oparoa izan du Fertek: Universite Paris-Sud (Orsay) unibertsitateko irakasle emeritua, CNRSren (Centre National de la Recherche Scientifique) eta Thales Group-en arteko baterako laborategi bateko (Unite mixte de recherche) zuzendari zientifikoa izan da.

UPV/EHUn egingo duen lanaz gainera, Donostia International Physics Centerrean (DIPC) ere kolaboratuko du fisikariak bien arteko atxikitze hitzarmen bati esker. Izan ere, azken honek propietate magnetikoei eta materialen topologiarekin lotutako ikerketa ildoak ditu, dimentsio biko materialen esparruan ere diharduela ahaztu gabe (Ferten ildoarekin bat datozenak). DIPC zentroaren patronoen artean dago UPV/EHU, eta, Tecnaliarekin batera, Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campuseko kide da.

Albert Fert egitasmo batzuk diseinatzen hasi da dagoeneko Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako zenbait ikerketa talderekin, DIPCeko eta CIC nanoGUNEko talde batzuekin. "Etorkizun handiko proiektuak dira, gogoberotzen nautenak, zeren eta materialen fisika kuantikoaren arloko abangoardian emaitza zirraragarriak lortuko baititugu. Halaber, uste dut proiektu hauek ere ate berriak irekiko dizkigutela Euskal Herriko eta Frantziako ikerketa zentroen arteko lankidetza bultza-tzeko", adierazi zuen Fertek.

Atzo jakinarazi zen bere etorrera prentsaurreko batean. Bertan, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea, Pedro Miguel Etxenike, DIPCeko presidentea eta euskal unibertsitate publikoko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna egon ziren Fertekin batera. "Albert Fert Fisikako Nobel sariduna Euskal Herriko Unibertsitatearen klaustroko kide izatea aukera paregabea da gure ikerketa ildoak sendotzeko, bereziki magnetismoaren arloan, eta lehendik emaitza bikainak lortzen ari ziren gure unibertsitateko ikertzaileei are gehiago irakasteko", aitortu zuen Balluerkak. Era berean, Pedro Miguel Etxenikek bere poztasuna helarazi zuen Ferten "fitxaketaren" harira: "Gustura gaude Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera Albert Fert goi mailako ikertzailea ekartzea lortu dugulako. Horrek agerian jartzen du gure inguruan egiten den zientziaren bikaintasuna, gure unibertsitatea ikerketaren buru dela. Albert Fert DIPC zentroaren lagun ona da, eta gurekin lankidetzan aritu da azken urteotan, hala ikerketan nola zientziaren inguruan antolatu diren komunikazio-jardueretan".