Euskararen olatua berreskuratzea. Hori da 22. Korrikak lortu duena bere antolatzaileen aburuz. Hala adierazi zuen atzo Asier Amondo arduradunak, zeinak aurtengo edizioa “itzela” izan dela azpimarratu zuen: “Amurriotik Donostiara Euskal Herriko errepidetan gertatu dena zinez indartsua izan da”, gaineratu zuen.

Horrenbestez, Korrikaren helburuetako bat guztiz lortu dela mahaigaineratu zuen Amondok: “Euskararen aldeko kontzientzia, herri gogoa, hauspotzea. Herri bat gara, euskararenherria gara”, esan zuen.

Era berean,bigarren helburu bat ere baduela gogorarazu zuen, “oso bizirik segitzen duena”. Hain zuzen, dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeari begira, “Euskal Herri osoan, helduen eskalduntzera bideratzen diren baliabideak ez baitira nahikoak”. Azken hiru urteetan aurrerapausoak izan direla aitortu zuen arren, “harago segitu” behar dela azpimarratu zuen Korrikaren koordinatzaileak, eta bitartean, AEK-k berak egiten duen ahalegina osatzeko, aurtengo edizioa antolatu dela, jendartearen babes ekonomikoa jasotzeko. “Goiz da balorazio zehatz bat egiteko, baina hainbat aldagaikerakusten dute Korrikaren helburu ekonomikoa ere lortu dela”, aipatu zuen.

Mezua

Halaber, Korrikatik euskal gizarteari mezu bat luzatu nahi izan zioten: “Inoiz baino argiago dugu Korrika egiten jarraituko dugula. Edizio honek inoiz baino irmoago erakutsi digu Korrikak zein babes izan duen: ikusi dugu hau izan dela maitatuena, kilometroz kilometro ondoen zaindu dena”.

Beraz, edizio berriak eta berrituak egiten jarraitzeaz gain, euskal gizarteari “Korrika eskainiko zaio euskararen olatua handitzen jarraitzeko”. Izan ere, AEKrentzat, eta, AEKren ustez, gizartearentzat ere, Korrika “tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko, indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko, eta, bereziki, tresna moduan erabiliko da euskararen auzian urrats eraginkorragoak eman daitezen”.