TOLOSA. Koronabirusaren kasu positiboak gora besterik ez dutenez egiten, antolatzaileek Tolosan ostiralean ospatzekoa zen Dantzpoint jaialdia bertan behera uztea erabaki dute.

Tolosako Udaleko Kultura sailak herriko hainbat eragile eta talderekin batera uda honetan Tolosatik mugitu beharrik gabe kulturaz gozatu ahal izateko antolatutako kultur jardueren barruan ostiralerako iragarritako Dantzpoint jaialdia bertan behera geratu da. Koronabirusa dela-eta, gaur egungo egoerak ez du ahalbidetzen ekitaldia beharrezko segurtasun neurriekin egitea, eta horregatik erabaki da bertan behera uztea.

Berdin gertatu zen uztailaren 18rako aurreikusita zegoen Don Inorrez taldearekin kontzertuarekin ere. Orduko egoerak behartuta, kontzertua bertan behera utzi behar izan zen. Orain baina, data berria zehaztu da, eta Don Inorrez taldeak kontzertua egingo du irailaren 4an, 19:30ean, Tolosako Trianguloa plazan.

Don Inorrez taldearen kontzertura joan ahal izateko nahitaezkoa izango da aurrez eta Internet bidez gonbidapena eskuratzea. Guztira, 110 lagunentzako lekua egongo da, eta baten batez arazoren bat badu gonbidapenak Internet bidez eskuratzeko, kultu etxera jo dezake; bertan lagunduko zaio.

Azkenik, Tolosako Udalak herritarrei gogoratu egin die derrigorrezkoa izango dela musukoarekin joatea, eta indarrean dauden gainerako segurtasun eta prebentzio neurriak betetzea: pertsonen artean metro eta erdiko distantzia mantentzea eta eskuak garbitzea. Koronabirusari aurre egitea guztion ardura da, eta beraz, oso garrantzitsua da jendeak erantzukizunaz eta arduratasunaz joka dezala.