Bizkaiak Europako museo‑ekitaldirik ospetsuena hartuko du 2026ko ekainaren 10etik 14ra: European Museum of the Year Awards (EMYA) kongresua eta sari-banaketa ekitaldia. Euskararen Etxea — Europako Kontseiluaren 2025eko Museoen Saria jaso duen erakundea — izango da nazioarteko topaketa honen anfitrioia. Euskararen Etxeak eta Europako Museoen Foroak elkarlanean antolatutako kongresua Museoen sektoreko profesionalentzako eta kultur eragileentzako hiru eguneko biltzarra izango da.

 Europako hainbat museoen ordezkari batuko dituen hitzordu hau Euskararen Etxean hasiko du egitaraua eta ondoren Kongresua Euskalduna Jauregian egingo da, eta sari‑banaketa ekitaldia Guggenheim Bilbao Museoan egingo da; era berean, parte‑hartzaileek Bizkaiko eta Bilboko zenbait museo eta eskualde ezagutzeko aukera izango dute.

EMYA 2026 sarietarako izendatutako 17 herrialdetako 34 museok beren lorpenak aurkeztuko dituzte Bilbon. Ekitaldiak, besteak beste, etorkizunera begirako estrategiak garatzea du helburu, egungo erronkei erantzuteko eta elkarrizketarako eta hezkuntzarako espazioak sortzeko, komunitateetan eta komunitateentzat.

Gaur aurkeztu dira prentsaurrekoan kongresuaren egitaraua eta irudia. Bertan izan dira Euskara, Kultura eta Kirol diputatua Leixuri Arrizabalaga eta Euskararen Etxeko zuzendari Iurdana Acasuso. Prentsaurrekoan Amina Krvavac, Europako Museoen Foroko presidenteak, bidalitako mezua ere eman da ezagutzera.

Arrizabalagak adierazi duenez, “Bizkaia kultura‑lurralde dinamikoa da, eta erreferentzia‑puntu bihurtu da berrikuntzarako, museo‑jarduera garaikiderako eta nazioarteko kultura‑trukerako. Horregatik guztiagatik, Bizkaia leku ezin hobea da topaketa honetarako. Lurralde horretan, tradizioa inspirazio‑iturri da berrikuntzarako”.

Iurdana Acasuso Atutxa Euskararen Etxeko zuzendariaren esanetan, “guretzat aukera bat da EMYA2026 antolatzea. Batetik, ikasteko aukera bat da: Europako 34 museo berri aurkeztu dira, euren proposamen berritzaileekin. Aurretik, gainera., EMYAren bikaintasun irizpideak pasatu dituzte; beraz, onenen artean onenak izango dira gurean. Bestetik, sarea egiteko aukera ere bada, Europako askotariko 300 profesional bilduko baitira topaketan; eta, azkenik, gure bikaintasuna eta profesionaltasuna gure kide europarren aurrean azaltzeko aukera ere izango dugu”.

Amina Krvavac Europako Museoen Foroko presidentearen esanetan “Aukera zoragarria da museoetako zein kulturako profesionalak eta komunitateak biltzeko, berez kulturgune zirraragarria den hiri batean. Munduko gertaerek bakea, elkar ulertzea eta ondare partekatua zein hauskorrak izan daitezkeen gogorarazten diguten une honetan, museoek konplexutasun horren alde nabigatzen nola lagun diezaguketen aztertuko dugu.”

Ia bost hamarkadatan zehar, EMYAk museo‑jardunaren berrikuntzan eta kalitate publikoan bikaintasuna defendatu du, herritarren, demokraziaren, giza eskubideen eta jasangarritasunaren aldeko konpromiso irmoa erakutsiz, eta muga kultural, sozial zein politikoak gainditzen lagundu du.

2026ko edizioan, Museoak eraldatzen: erabateko inklusioa lelopean, museoek aurrez ezarritako egiturak nola gaindi ditzaketen, irisgarritasuna nola hobetu dezaketen eta askotariko komunitateentzat benetan inklusiboak diren kultur espazioak nola sustatu ditzaketen jorratuko da.

Izen-ematea

Dagoeneko martxan da webgunea, eta bertan Kongresuan parte hartzeko izena emateko formularioa jasotzen da.

Prezioak arrazoizkoak dira sektoreko profesionalen parte hartzea sustatzeko; esaterako, Bizkaiko museoetako langileentzako prezioa baxuagoa da, baita ikasleentzat ere.

Horretaz gainera, apirilaren 21a baino lehen izena emanez gero, prezioak merkeagoak dira.

Egitarau oparoa

Ekainaren 10etik 14ra bitartean egitarau oparoa aurkeztuko du EMYA 2026ko edizioak. Izen emateari eta egitarauari buruzko xehetasun guztiak emya2026bilbao.eus web-an, jasozten dira, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Kongresuko hizkuntza ingelesa da.

Ekainak 10

EMYA 2026ko Kongresu eta Sarien egitaraua ekainaren 10ean hasiko da Euskararen Etxean, - Euskararen Etxeak Europako Kontseiluaren Museoen Saria irabazi zuen 2025ean-. Hala, bertaratutakoek Kongresuko akreditazioak jaso ahalko dituzte, baina horretaz gainera, Euskararen Interpretazio Zentroa bisitatu ahalko dute.

Horrekin batera, egitarau propioa antolatu da Euskararen Etxean egun horretarako: Omako Basoari eta Euskal Museoari buruzko saioak; Nire lehen euskara klasea ikuskizuna; Bizkaiko eta Europako museoetako ordezkarien arteko topaketa; oinezko bisita gidatuak Bilbon barrena, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregia bisitatzeko, eta, iluntzean, ordurako inauguratuta egongo den Euskal Museora bisita.

Ekainak 11

Kongresuaren lehen eguna Euskalduna Jauregian egingo da. Egun horretan, besteak beste, EMYA 2026ko sarietarako izendatuak aurkeztuko dituzte eta mahai-inguru tematikoak ere izango dira; hain justu, lau izango dira mahai-inguruak, eta inklusioa eta komunitatea izango dituzte hizpide: Zailena ikusaraztenGuztiontzako museoa: programa inklusiboakKomunitateak buruan? eta Zentzumenen bidez publikoarekin konektatzea. Hitzaldiak ere izango dira.

Ekainak 12

Bigarren eguna ere Euskalduna Jauregian izango da, eta egun horretako egitarauan, aurreko eguneko formatuari jarraituz, antzeko jarduerak izango dira: hitzaldiak eta mahai-inguruak. Berbaldiei dagokienez, Helen Charman doktoreak, Young V&A museoko zuzendaria, Londres, Erresuma Batua, 2026ko Europako Kontseiluaren Museoen Sariaren irabazleak Jolasa, errebeldia sortzailearen ekintza gisa hitzaldia emango du. Goizeko mahai-inguruan ere jolasa eta haurrak izango dira protagonista:  Haur eta gazteen ahalduntzea: ikuspegi berriak.

Horretaz gainera, beste hiru mahai-inguru izango dira: Arte-, diseinu- eta arkitektura-museoak eraldatzen; Iragana argitara ateratzen, orainaren mesedetan, eta Objektuetatik harago doazen oihartzunak: ukiezina dena komisariatzea. Iluntzean, parte-hartzaileek Athletic Club Museoa bisitatuko dute.

Ekainak 13

Goizez, Kongresuak Euskalduna Jauregian jarraituko du, baina arratsalde-iluntzean, EMYA2026ko sari-banaketaren ekitaldia eta afaria izango dira Guggenheim Bilbao Museoan. Hala, 18:00etan EMYA2026ko Sari-banaketaren ekitaldia egingo da, eta 21:00etan, gala afaria egingo da.

Ekainak 14

Bizkaia ezagutzeko txangoen eguna izango da:

Bilbo, inoiz ez bezala: ezagutu hiria bere erraietatik: Bilboko itsasadarretik ezagutzeko irteera itsasontzian. “Ez dago Bilbo esploratzeko modu hoberik, hiria zeharkatzen duen ibaia jarraitzea baino”.

Bizkaia, burdinazko eta artilezko lurraldea, gure sustraietara bidaia: parte-hartzaileek Balmasedan kokatuta dagoen La Encartada Fabrika-Museoaren magian barneratuko dira, eta handik Gallartako Meatzaritzaren Euskal Museora joango dira. Txakolinaren ondarea eta euskal herriko itsas kultura ezagutzen: Bizkaiko ondarearen funtsezko bi adibide dira Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunea eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa. Txakolinaren historia eta itsasoko tradizioa ezagutzeko esperientzia paregabea osatzen dute.