UPV/EHUren ikerketa

Glutenak RNAn aldaketak eragin ditzake

16.03.2021 | 17:02
Ainara Castellanos eta Ane Olazagoitia-Garmendia.

BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean, eritasun zeliakoan gertatzen den hesteetako hanturaren garapena ikertu dute. Lehen aldiz deskribatu dute glutenak aldaketak eragiten dituela RNA molekuletan; horrek proteina desberdinen kantitatean eragiten duela, eta, hala, hestearen hantura areagotzen. Aurkikuntza horrek aukera eman die eritasun zeliakoa eta hesteetako beste hantura-gaixotasun batzuk tratatzeko aukera berriak proposatzeko.

Eritasun zeliakoa asaldu autoimmune konplexu bat da, eta pertsona genetikoki sentikorrei eragiten die. Dietako glutenak erantzun immunitario bat eragiten du; gaur egun, horri aurre egiteko tratamendu bakarra da bizitza osorako glutenik gabeko dieta zorrotz bati jarraitzea, eta hori ez da batere erraza pazienteentzat, asko mugatzen baitzaie bizi-kalitatea. Dieta hertsi horri jarraitzeko zailtasunek konplikazioak (hala nola minbizi gastrointestinalak) garatzeko arriskua areagotu dezakete, eta, beraz, beharrezkoa da gaixotasun horri aurre egiteko bestelako tratamenduak lortzea. Egiaztatuta egon arren gene jakin batzuk lotuta daudela eritasun zeliakoarekiko sentikortasun genetikoarekin, oraindik ez dakite zer funtzio daukaten gaitzaren patogenesian, eta horrek zaildu egiten du tratamenduak garatzea.

UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzaileak eritasun zeliakoan eta glutenarekiko intolerantzian gertatzen den heste-hanturaren garapena ari dira ikertzen. Ainara Castellanos-Rubio Ikerbasque ikertzaileak azaldu duenez, ikerketan emaitza garrantzitsuak lortu dituzte: "Alde batetik, lehen aldiz deskribatu dugu glutenak RNA molekuletan aldaketak eragiten dituela. RNAko aldaketa horiek zerikusia izan dezakete gaixotasunen garapenean. Zehazki, ikusi dugu bai zelulek, bai saguek eta bai gizakiek glutena kontsumitzean aldatu egiten dela XPO1 izeneko genearen mRNA (RNA mezularia); horren ondorioz, XPO1 proteina gehiago sortzen da, eta hestearen hantura areagotzen. Bestalde, XPO1 genean dagoen aldaera genetiko batek RNAren aldaketa horretan eragiten du, eta arrisku-aldagaia duten pertsonei hesteko hantura garatzeko arriskua emendatzen die".

IKERTZEKO AUKERA BERRIAK

Gastroenterologia eta hepatologiako nazioarteko aldizkari garrantzitsuenetako bat den eta goi-mailako ikerketa klinikoen berri ematen duen Gut aldizkarian eman dute ikerketaren berri. Artikuluan azaldu dutenez, ikerketa honek eritasun zeliakoa eta hesteetako beste hantura-gaixotasun batzuk tratatzeko aukera berriak proposatzen ditu: "Gure ikerketak itu terapeutiko berriak deskribatu ditu (esate baterako, XPO1 eta RNAren aldaketan parte hartzen duten proteinak), eta eritasun zeliakoa tratatzeko ikuspegi terapeutiko berriak garatzeko aukera zabaldu du. Gaur egun, proteina horietara bideratutako molekulak ebaluatzen ari gara, eta batzuk jadanik erabiltzen ari dira, hesteetako beste gaitz batzuk tratatu ahal izateko", azaldu du Castellanos-Rubiok.

Bestalde, eta zientzia oinarrizkoagoari begira, glutenak RNAn aldaketak eragin ditzakeela deskribatu izanak "ate berriak irekitzen dizkio ikerketari; izan ere, ikusi dugu kanpo-agenteek (dietako glutenak, kasu honetan) gure RNA aldatu dezaketela, eta, ondorioz, hantura-erantzun bat sortu", dio. Horrekin lotuta, etorkizun luzeago bati begira, ikertzaileak hau ondorioztatu du: "Gure dieta moldatuz edo agente dietetikoak erabiliz RNA era batean edo bestean aldatzeko gai izan gintezke, hala gaixotasun jakinen garapena moteldu edo ekiditeko".

noticias de deia