BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Analitikoa Saileko IBeA ikertaldeak jatorri deitura duten elikagaien jatorriari buruzko ikerketa egingo du, euren jatorria egiaztatzeko helburuarekin. Hala, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko nekazaritzako produktuen benekotasuna babestu eta kalitatearen irudia sendotzea xedea dute.

Euroeskualdean kalitate bereiztuaren aipamenen bat duten nekazaritzako 160 elikagai baino gehiago daude gaur egun, hala nola Jatorri Deitura Babestuak (JDB) edo Adierazpen Geografiko Babestuak (AGB). Produktu horiek Europar Batasuneko araudiak arautzen ditu. Araudi horrek bermatu egiten du ohiko gainerako produktuei eskatzen zaizkien kalitate betekizunak baino betekizun gehiago betetzen direla. Kalitate bereiztuko produktuak dira, jarduera ekonomikoan eta enpleguan eragin handia duten "tokiko ohiko produktuak".

Nolanahi ere, "gaur gaurkoz kalitate bereiztuko aipamenen bat duten elikagaien kontseilu arautzaileek ez dituzte erabiltzen produktu hori adierazitako lekuan ekoitzi dela bermatuko duen zientzia tresnarik", dio Alberto Diegok, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko IBeA ikertaldeko ikertzaile eta Isotopo proiektuko ikertzaile nagusiak.

Isotopo proiektua UPV/EHUk koordinatzen du, eta bertan parte hartzen dute Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko IPREM institutuak (UPPA), Elikagaien Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionalak (CNTA), HAZI fundazioak eta INTIA Nafarroako sozietate publikoak. Proiektuaren xedea da, zientzia aldetik, analisi eta estatistika tresnak garatzea, kalitate aipamena duten produktuen benetakotasuna egiaztatzeko. Hala ere, proiektuaren helburu orokorra harago doa; izan ere, sare bat sortu eta indartu nahi du, JDB, AGB edo beste kalitate aipamen batzuk dituzten produktuen ekoizpenarekin, manufakturarekin, egiaztapenarekin eta banaketarekin lotutako elikadura kateko hainbat eragile integratzeko, besteak beste ekoizleak eta eraldatzaileak, kontseilu arautzaileak, eta teknologia eta ikerketa zentroak. Isotopo proiektuak euroeskualdearen 43.516,5 euroko dirulaguntza jaso du.

Lodosako (Nafarroa) pikillo piperra jatorri deiturak emango dio hasiera zientzia proiektuari. Jatorri deitura horrek 13 enpresa ditu atxikita, eta horietan Lodosan eta inguruko zazpi udalerritan ekoitzitako produktuak prozesatzen dira. "Piperra lantzeak eta prozesatzeak eskulan handia eskatzen du, eta oso erakargarria da piperra kostu txikiagoak dituzten eremuetan ekoiztea; beraz, susmoa dago munduko hainbat eremutako iruzurrezko produktuak ez ote diren sartu", dio De Diegok.

"Jatorri deiturak baimendutako udalerrietan ekoitzitako piperren oinarrizko analisi isotopikoa egiteak, barietate bereko beste piper batzuenarekin batera (munduko beste leku batzuetan landutakoak, hala nola Txinan edo Perun), aukera emango du -hala espero dugu behintzat- elikagaiak jatorriaren arabera bereizteko gai den eredu bat definitzeko, analisi estatistiko bat egin ondoren", azaldu du De Diegok. Orduan, lagin ezezagun bat izanez gero, analisia errepikatuko dugu, eta ereduak baieztatuko digu produktua benetan adierazten dena ote den".

Teknika sendoa bada, taldeak planteatuko du teknika hori kalitate aipamena duten produktuak egiaztatzeko prozesuan sartzea tresna gisa. Horrek aukera emango du "produktuaren tokiko eta kalitatezko izaera sendotzeko", zehaztu du.