Hemen da jada Cybasque, zibersegurtasunaren arloko enpresa-elkarte euskaldun berria. Hamar enpresaz osatuta dago, eta bere helburua Euskadiko enpresa-ekosistemaren gaitasunak eta potentziala batzea izango da.

Berria San Frantziskoko RSA Conference-ren esparruan iragarri da, zehazki, Basque Cibersecurity Centre (BCSC) erakundeak antolatutako jardunaldi sektorialean, sektoreko nazioarteko 250 profesionalen eta Euskadiko enpresen eta instituzioen aurrean.

Arantxa Tapia sailburua izan da jardunaldiaren buru. Enpresen ekimena txalotu du eta nabarmendu du Cybasque aliatu handia izan daitekeela Euskadi XXI. mendeko iraultza teknologiko eta industrialari aurre egiteko prestatutako herrialdea izan dadin laguntzeko.

Cybasqueren helburu nagusia da Euskadi nazioarteko erreferente bihurtzea zibersegurtasunean, zibersegurtasunaren aplikazioa industrian bultzatuta, eta herritarrak kontzientziatuta segurtasun fisikoa eta logikoa zein garrantzitsua den murgiltzen ari garen ekonomia digitalean.

Era berean, beste helburu batzuk hartzen ditu bere gain, hala nola: Ordezkatzen dituen zibersegurtasun-industrien eta sektore osoaren sustapen teknikoa, komertziala eta ekonomikoa, Euskadiren garapenean eta aurrerapenean lagunduta, elkartekideen interesak kontrastatzea eta defendatzea teknologiaren, merkataritzaren eta enpresaren esparruetan, eta, baita ere, erakunde nazionalen eta nazioartekoen aurrean duten ordezkaritza onartzea eta haien interes profesionalak babestea eta modu proaktiboan lankidetzan aritzea erakundeen, lurraldearen eta gizarte osoaren eraldaketa digitala eta ekonomia berria garatzen.

Ildo horretatik, Cybasquek bere egiten du zibersegurtasunaren garapena lurraldeko esparru pribatu guztietan bultzatzeko erronka, beste sektore batzuekiko lankidetza sustatuta eta produktu/zerbitzu, teknologia edo merkatu berrien garapena bultzatuta.