Gure lurraldean badira arazoak, ezkutatu edota alfonbraren pean gorde behar ez direnak. Baditugu eremuak non bizikidetza zaila den, espazio publikoa nahierara baliatzen den, drogen kontsumoa eta trafikoa handia den, delitu kopurua izugarri handia den… Badira tokiak, non denboraren poderioz, gainbehera datozen. Halakoei aurre egin nahian, herritarrek aterabideak eskatzen dituztenean, ezin dira, besterik gabe, arrazistak direla edota eskuin muturra elikatzen ari direla esanez isilarazi.
Are gehiago, zaurgarrienen alde izan dezakegun jarrera ezin bilaka daiteke gutxi batzuen jarduna estaltzeko baliatu. Onkeriak mugak ditu, besteak beste, elkarbizitzak denon engaiamendua, guztion konpromisoa, eskatzen duelako. Kezkak kudeatzeko eta bideratzeko gauza ez garenean, horrek, ezinbestean, egonez horretatik elikatzen diren mugimenduak indartzen ditu, ez besterik.
Bilboko San Frantzisko auzoak aterabideak eskatzen ditu, ozen baino ozenago. Auzoa birgaitzeko, elkarbizitza lantzeko, zuztarrean dauden arazoei, besteak beste, arrakalei denon artean aterabideak bilatzeko, lan eragingarria eskatzen du. Auzoko herritarrak ardatz hartuko dituena, askotarikoen partaidetza sustatu eta guztion konpromisoa erdietsiko dituena. Auzoa aurrera begira jarriko da aniztasunetik, askotarikoen arteko auzolanetik, bestela, ez duelako aurrera egingo.
Arazoak askotarikoak dira. Baldintza eskasetan bizi direnak edo hilaren bukaerara iristeko zailtasunak dituztenak; bazterkerian edo bazterkeriaren mugan bizi direnak; aurrera egiteko, etorkizunari beste aldarte batekin begiratzeko arazoak dituztenak; egoera erregularizatzeko zailtasunak dituztenak; lana oso baldintza eskasetan egin behar izaten dutenak eta abar. Egoera horren konplexua denean, auzotarren eta herri erakundeen arteko estekadurak ezinbestekoak dira: hezkuntzan, osasun-sisteman, lanbide-heziketan, segurtasunean, azpiegituretan eta abarretan gutxienekoak segurtatzeko orduan.
Arrazakeriari eta zaurgarrienak bazterrean uzteko daudekeen jarrerei aurre egiteko modurik eragingarriena denon artean lan egitea da. Ahalegin kolektiboa behar da. Auzo baten eraldaketak eta birgaitzeak pertsona eta kolektibo askoren, ahalik eta gehien behar dituelako, eraldaketa-prozesu horretako protagonistak askotarikoak diren auzotarrak bilakatuz, aurreiritzirik gabe, inor bazterrean laga gabe. Hemen kontua ez da kezka azaltzen dutenen deiadarra gutxiestea, deskalifikatzea, arazoetara hurreratzea eta konpontzeko eginahalak egitea baizik.