Bilboko Udaltzaingoak akzio bikaina izan du aste honetan, nazioarteko kasu bati irtenbidea bilatzen partaidetza nabarmena izan baitu, Europako beste poliziekin lankidetzan.
Aurreko hilaren erdialdera, Bilboko Udaltzaingoan jaso zuten informazioaren arabera, Marseillan gertatutako bi hilketa-saiakeraren ustezko egilea Bilbon omen zegoen. Pertsona hori atxilotzeko nazioarteko agindua zegoen.
Gizon horrek, ustez, bi pertsona erasotu zituen arma zuri handi batekin Frantziako hiri horren erdigunean, eta oso zauri larriak eragin zizkien, bietako bat hilzorian utziz. Itxura denez, tabako-kontrabandoaren inguruko kontu-garbitze bat izan zen.
Informazio hori jaso ondoren, Kriminalistika Orokorreko Ikuskaritzako agenteak pertsona hori nondik nora zebilen eta zer-nolako errutinak zituen zehazteko ikerketak egiten hasi ziren, Errekaldeko eta Ibaiondoko auzo-ikuskaritzetako agenteen laguntzarekin.
Beharrezko informazioa bildu ondoren, agenteek baterako dispositibo bat ezarri zuten Polizia Nazionalarekin, eta haren emaitza aurreko eguenean etorri zen, ustezko hiltzailea Bilboko Irala auzoan aurkitu eta atxilotu zutenean.
Atxiloketaren ostean, Indautxuko Polizia Nazionalaren egoitzara eraman zuten, eta epailearen esku utzi zuten. Epaileak behin-behineko espetxealdia agindu du, Frantziara estraditatu arte. 36 urte arteko espetxe-zigorra ezarri diote.
Ekintza honekin, Bilboko Udaltzaingoak nazioarteko polizien errespetua eta admirazioa lortu du, kasu garrantzitsu honi irtenbidea aurkitzen nabarmen lagundu baitu.