Kirol bat hautatzea erraza dela dirudi. Ikastetxe bakoitzak eskolaz kanpoko jarduera zerrenda bat dauka ikasleen prestakuntza osatze aldera. Gehienetan, kirol tradizionalenak dituzte eskuragarri: futbola, saskibaloia, eskubaloia edota gimnastika erritmikoa; baina, batzuetan, oraindik ere hain ezagunak ez diren diziplinak eskaintzen dituzte, eta hori izaten da zaletasuna sor-tzeko modurik onena. Xakea, atletismoa, eskalada edo patinajea dira horietako batzuk.

Haur txikienek kirol eskaintza zabalaren berri izan dezaten, Aldundiak heziki eta multikirola jarduerak sustatzen ditu. Lehenengoa, jolasaren bidez kirolaren munduan barneratzen hasteko modu bat da. Aldiz, bigarrenean, hainbat kirol praktikatzen dira, eta horrela haurrek gehien atsegin dutena aukeratzen dute. Ikasleetako askok badaukate argi, bost urterekin edo, futbola edo saskibaloia egin nahi dutela, eta ez dute multikirola jardueran izena ematen.

Baina hala egiten dutenek kirol bakoitza ezagutzeko aukera izango dute beren ikastetxean bertan, edota benjamin kategorian Aldundiak antolatzen dituen kontzentrazioetan parte hartzeko. 2017-2018 denboraldirako hiru ikastetxek eman dute izena proiektu honetan: Erandioko Altzaga ikastola, bi talderekin; Galdakaoko Eguzkibegi ikastola, batekin; eta Bilboko Pagasarribide ikastetxea, beste batekin. Talde horiek asteroko jardunaldietan hartzen dute parte, eta kirola alda-tzen doaz. Horrela, urriaren amaieran bi saskibaloi jardunaldi egin ziren, txapelketari hasiera emateko; ondoren, herri kirolak, krosa, atletismoa eta eskubaloia. Azken hori pasa den astean izan zen, Altzaga ikastolan. Aurrerago, errugbi, igeriketa, pilota, futbol, beisbol eta arraunaren txanda izango da.

Kirol batzuk, saskibaloia eta eskubaloia, esaterako, errepikatu egiten dira; bi astez jarraian jokatzen dira eta aurrerago ere berriro praktikatuko dira. Igeriketa eta atletismoaren kasuetan ere, jardunaldi bat baino gehiago egoten da.

Altzaga ikastolan izandako eskubaloi jardunaldia Erandioko Kirol Sozietateak antolatu zuen eta Bizkaiko eskubaloi federazioaren laguntza izan zuten. Talde bakoi-tzak hiru partida jokatu zituen, bakoitza bi zatikoa. Kirol horretan aritzen ziren lehen aldia zenez, partiden aurretik beren kategoriara egokitutako araudia azaldu zi-tzaien, hau da, ez zuten jokatu eskubaloi ligako araudi ofizialaren arabera. Horrela izanik, taldeak lau jokalariz eta atezain batez osatu ziren, Eguzkibegi ikastolako taldea izan ezik; lau jokalari soilik aurkeztu ziren, beraz, aurkariek ere bat gutxiagorekin jokatu zuten.

Araudiari begiratuta, adibidez, zati bakoitzeko hasierako sakea airera botatako sake neutral bat da, zelaiaren erdian egindakoa. Bestalde, ezin zaio baloiari boterik eman eta atezainak ezin du eremutik irten. Gainera, entrenatzaileek kontuan izan behar dute zati bakoi-tzean atezaina aldatu behar dela, eta jokalari guztiek partida bakoi-tzeko zatietako bat jokatu behar dutela, gutxienez.

Puntuazio sistemari dagokionez, taldeek golak egiten dituzte baina ez dira partida arrunt batean bezala zenbatzen. Talde batek besteak baino gol gehiago egiten baditu zati batean, puntu bat emango zaio, eta bigarren zatian berriz ere hala egiten badu, beste puntu bat. Azken emaitza zera da: irabazitako zatien adinako puntu kopurua.

Partidak hasi aurretik urduritasuna sumatzen zen, astean zehar egindakoa praktikan jartzeko unea heldu zela eta. Monitoreei ere gauza gertatzen zitzaien, kirol bakoi-tzaren arauak apurka-apurka ikasten baitoaz. Jokalariek ederki pasa zuten. Ez zuten golik egin edo gelditzeko aukerarik izan, baina ikasten ari dira, eta hori da helburu nagusia. Bertatik bertara ikasteko aukera izan zuten, kasu batzuetan arbitroak arduratu baitziren faltak pitatzearen arrazoiak azaltzeaz.

Aste honetan eskubaloian jokatuko dute berriz, eta urtarrilaren 27an errugbiko lehen bi kontzentrazioetako lehena izango da. Maiatzaren 26ra arte ibiliko dira horrela. Multikirola jarduerari amaiera emateko, arrauna probatuko dute. Bitartean, astero-astero egongo dira kirol jarduerak, oporretan izan ezik. Kirol asko daude ikasteko eta haurren jakin-mina haziz doa, gauza berriak probatu ahala.