Ohore lagun, ohore! Ohore zu ezagutzeko aukera izateagatik, mountain bike mundu erakargarria gertutik bizitzeko aukera eskain-tzeagatik, ohore zu bezalako pertsona motarekin erronkak, ilusioak, momentu onak eta txarrak konpartitzeko baimena emateagatik.

Zure hilketak gogor kolpatu ditu gizartea, familia, lagunak eta ingurukoak, baita ni ere!

Futbol norgehiagoka latz baten aurretik izan nuen gertaeraren berri. Taldeko bazkarian zehar, zas! Urdailak ezetz esan eta jakien jarioa giltzaperatu zuen. Eztarria ere korapilaturik, atsekabea eta tristura nagusi! Denbora gelditu zen une batez, elkarrizketak zaratatsuak ziren, baina ez nuen ezer entzuten. Argirik eta hotsik gabeko tunel izoztuan sartu nintzen, egia zen edo ametsa? Ukitu batek atera ninduen burbuila beltzetik, eskuinean eserita zegoen taldekide baten besoak nire sorbalda inguratzean. Laztan horrek aurki partida zinez garran-tzitsua geneukala gogoratu zidan.

Hortaz, erronkari aurre egin behar nion, indarrak nonbaitetik ateraz, kontzentrazioa mantenduz. Zorionez behar bezala eutsi genion eta garaipena lortu genuen. Tristura motibazioan eraldatu eta zure irria lagun, zoriontasuna elkarrekin konpartitu genuen, zuri dedikatutako lorpen xumea baitzen! Zurea ere bada garaipena Iñaki, esan nion nire buruari, baita horrela sentitu ere!

Izan ere, orain urtebete ezagutu zintudanetik asko miresten dut zure nortasuna. Pertsona langilea, umila, diziplinatua, autokritikoa, bihotz onekoa eta bere etorkizunaz arduratzen den horietakoa zarelako, niri gustatzen zaizkidan horietakoa!

Bai horixe! Feeling berezia sortu zen gure artean, zure erronka pertsonalak eta profesionalak betetzen laguntzeko aukera emateak asko bete ninduelarik, baita nire lankideak ere. Zure nortasunaren gaitasun eta gabeziak ezagutzea, hobekuntza bideak jorratzea, munduko kopako eta lasterketa apalagoak elkarrekin prestatzea, bideoak aztertzea, izandako erorketekin sufritzea, sponsorrak lortzeko elkarlana, zure aitatasunaren berri izatea... ohore handia izan da lagun.

Astelehena iritsi zen eta inguruko hainbat emozio baretzen hasten zirenean, orduan atera ziren nireak. Mirandara bidean malkoen isuria etengabea zen ene aurpegitik behera, bihotz zartatuaren hemorragia geldi ezina! Kotxeko bidai lagunak hunkituta! Orain ere, letra hauek idaztean berriz malkoak, listua irentsi ezinik! Aste gogorra izan da, inpotentzia eta amorruz josia. Zergatik zuri eta zure etxekoei?

Berdintsua pentsatzen du pertsona ugarik, astelehenean Berrizera gerturatu ginenak, domekan omenaldia egingo dizutenak eta hantxe egon ezin diren askok. Salaketa nabarmena da, honek ezin du horrela jarraitu! Eztabaida antzuen gainetik, are antzuagoa da erruak bila-tzeko orduan txirrindulariak eta kotxe gidariak maila berean jartzea, txirrindulariak beti ateratzen baitira kaltetuen. Hortaz, diskriminazioak noren aldekoa izan behar du?

Ez nuke bukatu nahi zure familiari besarkada amaigabe bat eman barik eta batez ere zure neska kuttunari eta izango duzuen umetxoari elkartasuna eta indarra eskaini gabe. Zure abizena, handitasuna eta eredua harrotasunez defendatuko dute, defendatuko dugu, ziur nago!

Eta guri dagokigunean lasai hartu, elkarrekin daukagun promesak zutik dirau eta! Futbola uzten dudanean mendiko bizikleta gainean eseri eta Urkiolatik Otxandiorako bidea ziztu bizian egingo dogu! Anbotoko Mariren konpainiarekin zoriontsuak izango gara. Gero arte lagun!