Bi egun eguraldi onekoak. Hori esan zigun Giuseppe italiarrak jasotzen duen parte metereologikoak. Betiko legez, eta kantak dioen bezala, 'goizeko ordu bietan esnatutzen gara…', esnatu, zerbait barruratu, eta gau minean, gure argipean, gorantz abiatzen gara. Zorionez, gaur ez gara lehenak izango eta bidea topatzeko problema gutxiago izango ditugu. Hala ere, kezkati goaz gorantz azken egunetako elurrak gure urratsak estali dituelakoan. Aurrean doazenak laster batean harrapatzen ditugu eta betiko legez, testa dela corsa bilakatzen gara non eta lekurik txarrenean, arrakala beldurgarri guztiak hasten diren tokian. Soka atera, ondo lotu eta bitan pentsatu gabe asko gustatzen ez zaidan joko batean hasten naiz olgetan. Aurreko egunetan baino gogorrago ematen du elurrak eta zorionez problemarik gabe aurrera egiten dut metroz-metro, arrakalen gainetik jauzika. Ordu bete beranduago gelditzen gara beste batzuek aurrea har dezaten. Guztiek zorionak ematen dizkigute izan dugun adoreagatik. Ondo dago.
Lehen kanpamentura heltzen gara beste behin, sei ordutako ibilbide nekagarriaren ostean. Orain, egun pasa egingo dugu hemen eta indarrak batuko ditugu biharko egunerako, izan ere, bihar bigarren kanpamentura heldu nahi dugu gure dendatxoak jartzeko. Denda barruko orduak oso, baina oso luzeak egiten dira, baina Alex eta Tamayoren ateraldiekin eramangarriagoak egiten dira. Unerik onena afaria da. Louise lagunak asko maite gaitu, eta indaba pote bat igo du guretzat. Afaria sinestezina izango da. Louise kanadarra mutil zoragarria da!
Gauean zehar baina, elurra egiten du tai gabe. Iragarritako egun zoragarria oso ilun esnatzen da goizeko lauretan. Ilunegia, hotzegia eta zuriegia. Zalantzatan ibiltzen gara atera bai, atera ez. Argi dago, geneukan plana ezin izango duguna aurrera eraman. Dendatik dendara berba eginez, bigarren kanpamenturantz, material deposito bat egitera aterako garela erabakitzen dugu. Eta hala, arropa guztia jarrita, eta han uztekoak diren tramankulu guztiak bizkarreraturik, elur bigunetan hasten gara oinez. Lautada handia da zeharkatu behar duguna, eta bueltan ez galtzeko, banderatxo batzuk eramaten ditugu han-hemenka uzteko. Paisaia zoragarria da. Gasherbrum I eta II-ren horma ikezuren artean gabiltza haluzinaturik. Sei mila metrotik gora gabiltza eta nekea nabaritzen da txandaka goazen arren. Gure atzetik beste lagun koadrila bat dator eta zorionez eurak jartzen dira aurrean urratsa zabaltzen. Orduak aurrera doaz eta maldaren pendiza gero eta zutagoa da. Azkenean, izotzeko horma ba-tzuek aurrera segitzeko bidea mozten digute. Tamayok, pioleta biak hartuta horma bertikalari ekiten dio gorago soka bat ezarri ahal izateko. Hortik segitzen dugu denok, eguraldia petraltzen eta hozten den bitartean. 6.375 metrotan, gaurkoz, nahikoa dela bat gatoz guztiok, eta jakinda, hor, pixka bat gorago, 2. kanpamentua dagoela, trasteak uzten ditugu eta beherantz goaz. Luze egiten da lainopeko eta elurpeko bidea, luze eta gogorra, izan ere, hauts eginda heltzen gara berriz 1. kanpamentura.
Juanra Madariaga