Klik. Argiak gorritzen direnean hasten da magia. Bikoizketa aretoetako isiltasun kontrolatuan, argi gorriz janzten den lanpara txikiak adi egoteko deia iragartzen du: mikrofonoak martxan daude, eta ahotsek istorioei bizia emango diete une horretatik aurrera. Pantailan ikusten denaren atzean mundu oso bat dago: bikoizketa, horren erritmoa, ahotsen intentsitatea, pertsonaiaren psikologia ulertzea, edo lan originalarekiko leialtasuna uztartzeko artea. Bikoizketa ezkutuan dagoen lana da, nahiz eta istorioen bigarren sortzaileak diren. Hain zuzen ere, lanbide horri presen-tzia eta balioa ematen dio Serializados Bartzelonako jaialdian aurkeztu berri duten 'Argi gorriak' telesailak. Datorren urtean Primeran plataforman ikusgai egongo da Vidania Films ekoiztetxeak ondutako lana.
Thriller kutsuko komediak Elena Mujika bikoizketa-aktorearen bizitza jarraituko du. Itziar Ituñok gorpuztuko duen pertsonaia horrek atzean utzi ditu bere ibilbide profesionalaren momentu zirraragarrienak, eta errutinan instalatutako bizimodua darama. Baina, bat-batean, senarra berriz agertuko da bere bizitzan, iktus baten ondoren ezinduta, eta horrek dena astinduko du. “Hankaz gora jarri dugu Elenaren bizimodua. Lehenengo atalean ikus daiteke nola bere senarra etxera itzultzen den. Ezin du hitz egin, ezin du bere burua zaindu. Senar hau duela bost urte desagertu zen eta bost urtetan inork ez du jakin non egon den edo zertan ibili den. Senarrarekin batera, gainera, heriotza mehatxua iristen zaie. Eta, Elenaren bizitza irauli egiten du. Bera aspertuta zegoen, baina ondo; ez zuen aldaketarik nahi, eta are gutxiago senarraren buelta eta heriotz mehatxu bat”, azaldu du Alex Merino telesailaren gidoilariak.
Izan ere, euskarazko 30 minutuko zortzi atalek osatzen duten telesailaren oinarrian Merinoren gidoia, Alberto Gastesiren zuzendaritza eta Alejandra Arrospideren ekoizpena daude. Umorea, intriga eta familia drama uztartu dituzte, ikuspegi fresko eta gaurkotuarekin. Izan ere, telesailean euskal familia disfuntzional batek —kaosak, zinismoak eta gizatasun sakonak markatutako pertsonaiak dira nagusi— aita desagertuaren itzuleraren inguruko misterioa argitu beharko du, eta, hori guztia, mehatxupean gainera.
Drama, ironiaz jantzita
Familia baten desoreka eta harreman korapilatsuak dira dramaren arda-tza, eta horiek ikuspegi “ironiko” batekin landu dituztela dio Merinok: “Karikatura kutsu bat du serieak, horren bitartez errealitatera iristeko. Konfiantzazko egoeretan edo eguneroko harremanetan erabiltzen dugun tonua, hitz egiteko era, gehiegizokoa izaten da askotan, eta, gure umorea nahiko beltza da, edo lehorra. Halere, askotan, pantailan ez dugu horrelakorik ikusten. Gauza txuriagoak ikusten dira, lauagoak. Baina, guk muturreko pertsonaiak sortu ditugu, horien bitartez errealitatea irudikatzeko”. Ikusleek “muturreko” egoerak edo gertaerak ikustea bilatu dute, baina horiekin ikusleak identifikatuta sentitzea nahi dute: “Nahi dugu beraiek ikustea eta esatea: ‘hau oso muturrekoa da, baina gauza garbiagoak baino errealagoa dela uste dut’. Horregatik, ironia asko daukan telesaila da, umore punky xamarra duena”.
“Itziar Ituño ez dugu askotan ikusi komedia erregistroan, eta desiatzen nago jendeak ikus dezan”
Ironikoki, baina gai sakonak landu dituzte: feminismoa, arrazakeria, zaintza lana... “Beti pentsatu izan dugu umorea oso gai serioa dela, gai garrantzitsuak lantzeko bide oso ona dela. Jendeari gai serioak aurkezteko eta haiei buruz pentsarazteko balio du umoreak”, argudiatu du Merinok, eta oraingo honetan “komedia makarra” erabili dutela uste du. Gordina da ikus daitekeen umorea, konplexurik gabekoa, politikoki errebeldea dena, izan ere, familia arteko dinamikak “gordinki eta modu oso punkian” irudikatu dituzte.
Sortzaileek diote umore britanikoa erabili dutela: “Britanikoek telesailetan komedia egiteko era konkretua dute, eta hori irudikatu nahi izan dugu, baina, euskaraz. Oso gurea da modu hori”. Hala, Euskal Herritik eta euskaraz eraiki dute komedia. “Guretzat oso garrantzitsua izan da beti euskaraz egitea. Gero, egia da telesailak mundutik bidaia dezan nahi dugula, baina oso garrantzitsua izan da euskaraz egitea. Ze, uste dut sortzaile modura badugula gure kulturari bakoitzak zerbait eskaintzeko ardura puntu bat, baita konplexu guztiak kentzekoa ere. Uste dut ez dugula gazteleraz egin behar gure lana jende gehiagok ikus dezan edo hobea izan dadin. Ez da beharrezkoa. Guk hizkuntza polita daukagu, umore egiteko tresnak ditugu, eta egin dezakegu”, hausnartu du Merinok.
Hain zuzen ere, telesailean bikoizketa kabinak erabiltzen dituzte umore hori lantzeko: “Komedia eginez, gai desberdinei buruz hausnartuz, bikoizketa lanbidea ere ezagutarazi nahi dugu. Maitasunez erakutsi nahi dugu nola funtzionatzen duen. Ze, jende askorentzat mundu ezezaguna da, ez baita pantailetan askotan agertu. Asko dago lantzeko”.
Hala, bere ahotsa beste pertsonaia batzuei jartzearen ondorioz, eta urteen poderioz bere ahots propioa ahaztu duen protagonistari hitz egiteko aukera eman gura diote, argi gorriak piztuz: “Protagonistari bere ahotsa berreskuratzeko eta berriz hitz egiteko baimena edo aukera eskaini nahi diogu, bigarren aukera bat eman”.
Non du abiapuntua?
Telesailak egunerokotasunean jartzen du arreta, eta, aurten aurkeztu duten arren, duela bospasei urte du abiapuntua. Orduan idatzi zuen Merinok lehen atala, baina kaxoi batean gordetzea erabaki zuten berak eta Gastasik, bi film luze dramatikori heltzeko: Gelditasuna ekaitzean eta hilabete amaieran aurkeztuko duten Singular. “Biak dira drama oso potenteak, baina, gu egunero gaude barreka, txantxetan. Hala, orduan gogoratu genuen kaxoian sartuta geneukan telesail baten lehen atal hori, komedia hau, alegia, eta horri lantzen jarraitzea erabaki genuen”, gogoratu du Merinok.
Ideia batetik abiatzen dira Merino eta Gastasu, eta hori txikitu egiten dute, mila alditan zatitu, mila buelta eman, gero Merinok zatiak batzeko eta horiei forma emateko. “Horrelakoa da gure sortze prozesua, Frankenstein txiki bat bezalakoa”. Zuzenketa lanak, aldiz, Gastasik gidatzen ditu, eta, grabaketa uneak azpimarratu dituzte, “espero baino hobeto” joan zirela nabarmenduta. Ekainaren bueltan grabatu zituzten eszenak, eta “oso ondo” pasatu zuten.
Aktoreekin ederto ibili dira, eta Ituñoren eskuzabaltasuna nabarmendu dute, izan ere, berarentzat idatzitako gidoia izan zela aitortu du Merinok: “Berarentzat idatzi genuen gidoia, eta espero baino hobeto atera da. Espero genuen ikaragarria izatea, baina hobea izan da. Itziar ez dugu askotan ikusi komedia erregistroan, eta desia-tzen nago jendeak ikus dezan. Komedia gai serioa da, eta berak zortzi ataletan erakusten du hori”. Hala ere, Elenaren seme-alabak irudikatzen dituzten Nerea Sanz eta Arnatz Puertasen lana ere nabarmendu du Merinok, lan “ikaragarria” egin dutela nabarmenduta, superstar bi direla esanda eta urte batzuetan nahi duten lekuan egongo daitezkeela iragarrita. “Familia bat sortu dugu, eta ez bakarrik pantailan, baita filmaketa prozesuak iraun bitartean ere. Hori sekulakoa izan da, eta hori beti da seinale ona, azken emaitzan ere asko nabaritzen delako”.
Eta, ez da lan erraza izan, ze, lehenengoz ekoiztu dute telesail bat Vidania Filmseko kideek. Orain arte egindako film luzeekin alderatuta prozesua “asko aldatu” dela diote. Hala ere, proiektu guztiek dituztela “beraien berezitasunak” dio Merinok, horietara egokitu beharraren garrantzia aitatuta. “Egokitu egin behar da, eta norberaren parte desberdinak atera behar dira jokatzera: barre egitekoa, serio egotekoa… Jendeak pentsa dezake lau orduko film bat grabatzea bezalakoa dela 30 minutuko zortzi atal egitea, baina ez da horrela. Atal bakoitzak nortasun propioa dauka, bere hasiera eta amaiera propioak ditu, estruktura oso desberdina dute”, dio gidoilariak.
Hala ere, uste baino hobeto moldatu da bera: “Filmak baino zailagoa izan beharko lukeela uste dut, baina, benetan diot niretzako ia-ia errazagoa izan dela. Ze filmetan gehiago kontzentratu behar duzu, eta askotan ezin zara gai zentraletik aldendu. Ordu eta erdian dena kontatu behar duzu, eta elkarrizketa asko kanpoan utzi behar dituzu. Bestalde, telesailek pertsonaia xelebreak lantzen uzten digute: ez du axola gai nagusian zeresan garrantzitsurik duten edo ez, berdin du horrek, komedia egiten ari garelako. Horiek ez digute azken irtenbidera eramango, baina balioko digute pertsonaia nagusiak hobeto ezagutzeko, nolakoak diren aztertzeko. Joko asko egon da, bai idazterakoan, bai grabatzerakoan”.
Lanaren lehen emaitza ezagutzera eman zuten hilabete hasieran, Bar-tzelonako Serielizados jaialdian. “Urduri” xamar joan ziren, hizkuntza kontuagatik, Merinok esanda: “Guk askotan ikusten ditugu ingelesez telesailak, azpidatziekin, eta ez da ezer gertatzen ulertzen ditugulako. Badakigu aktoreek non jartzen duten inflexio puntua, baina Bartzelonako ikusle gehienek ez zekiten euskaraz. Urduri geunden, umore guztia letretan zegoelako, baina urduritasun horrek 40 segundo iraun zuen, lehenengo barrea entzun arte. Erlaxatu ginen, eta harrera oso polita izan zen, oso hunkigarria. Pozik geratu ginen”.