Aurtengo Ondarroako Kuadrilla Eguneko kontzertua ondarrutarrek aukeratuko dute. Horretarako, Udalak prozesu parte-hartzaile bat jarri du abian, Itsasaurren egingo den kontzertua zein taldek joko duen erabakitzeko. “Beste herri batzuetan ondo funtzionatzen duen sistema bat dela ikusi dugu, herritarrak inplikatzen dituena, eta guk ere gurera ekartzea erabaki dugu”, azaldu dute udal ordezkariek. “Iaz, jaiak iragartzeko kartel irabazlearen aukeraketa ere helarazi genien herritarrei, eta zuzeneko bozketen bidez herritarrek aukeratu zuten irabazlea. Erantzun ona ikusita, aurten ere gauza bera egingo dugu, bai kartelarekin bai kontzertuarekin “, gaineratu du Ion Iñaki Artetxe kultura zinegotziak.

Jaiak abuztuan badira ere, prozesua orain hasten da, gero barne-prestaketa egin ahal izateko eta kontratatzeko denbora izateko.

Prozesuari dagokionez, herritarrek proposamenak egingo dizkiote Udalari, horretarako prestatutako formularioa betez, bai online, bai paperean. Paperean betetako galdetegiak Turismo Bulegoan edo Erregistro Orokorrean aurkeztu ahal izango dira martxoaren 15era arte. Herritar bakoitzak talde bat baino gehiago proposa dezake, baina proposamen bakoitzeko eskaera-orri bat bete beharko du.

Ondoren, Udal Gobernuak proposamenak aztertuko ditu eta onartuen eta baztertuen sailkapena egingo du irizpideen arabera, hizkuntz eta genero bezalako irizpideak, ekonomikoak, eta abar. Onartuen zerrenda dagoenean, apirilean irekiko da bozketa, eta emaitzen arabera sailkapen bat egingo da

Udaleko kultura saila saiatuko da talde horiek kontratatzen, sailkapenaren arabera, hurrenez hurren. Sailkapen hori herritarrei erakutsiko zaie, kontratazio-ahalegina zer ordenatan egingo den ikusteko.