Antzoki bat eraitsi behar da herrian aparkalekuak egiteko; eraikin publikoak eraisten direnean, baina, beharrezkoa da indusketa prebentibo bat egitea. Hala, arkeologoak antzokia zulatzera joango dira, eta egiteko horretan gauzak aurkituko dituzte. Indusketa baten istorioan ardazten du Axut eta Artedrama konpainiek elkarlanean sorturiko antzezlan berriak: 'Nor Naizen Baneki'.

Harkaitz Cano idazlea eta Ximun Fuchs an-tzerkigilea arduratu dira testua idazteaz. Bide berriak jorratu nahian, nolabait, Euskal Herriaren inkontziente kolektiboa arakatzen saiatu direla adierazi du Fuchsek. “Sentitzen dugu badirela kolektiboki gertatzen diren gauzak, eta norbanakoak euskal komunitatean aurkitzen dituenak bere osotasunean”. Hasierako txinparta Irulegiko eskuaren aurkikuntza izan zuten; finean, aurkipen hark gizartean zer piztu zuen ulertu nahi zuten sortzaileek. “Tartean bazen aurkitutako hitza bera, zorionaz mintzo da eskua, baina badu ere galdera bat. Nola egon zoriontsu herri okupatu edo kolonizatu batean?”, galdegin du antzerkigileak.

Erantzunak eman bainoago, antzerkia, oro har, galderak egiteko lekua dela azpimarratu du Fuschek. Hala, obra honek perspektiban jarriko ditu Euskal Herriaren historia orokorra zein familia guztietan dauden istorioak. “Gure familietan hiruzpalau belaunaldi atzera eginez ohartu gaitezke istorio oso bortitz baten seme-alabak garela eta hori daramagula motxila gisa. Horri begiz begi begiratzeak barneak pixka bat mugitzen ditu”. Sortzaileek espero dute publikoa, nolabait, antzezlanarekin identifikatuta sentitzea eta kontatzen dutena bakoitzak bere egitea.

‘Axut eta Artedrama konpainiek elkarlanean sortu dute obra.. A. R.

Fuchsen ustez, euskal komunitatearentzat gertakari handi bat izan zen Irulegiko eskuaren aurkikuntza, eta hori gehiago aztertzen saiatu dira antzezlanaren sorkuntzan. Horretarako, indusketa lan bat egiten hasi ziren sortzaileak, Euskal Herrian eta euskararekin urte guzti hauetan zer gertatu den ulertzeko. Hala, historia kontatzeko familia istorioetara jo dute. “Antzerkian familia beti izan da herriaren metafora bat eta gure historia kontatzen saiatu gara modu ahalik eta intimoenean”, azaldu du Fuschek.

Bi familia ageri dira; bata bertakoa, eta bestea, aldiz, kolonizatzera etorritakoa. Mendeetan zehar, baina, odola nahasiko da eta gauzak ez dira izango ez txuri ez beltz. Elkarren artean lotura duten hogei bat pertsonaia azaltzen dira antzezlanean zehar oholtza gainean. Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga aktoreek bakoitzak bizpahiru pertsonaia gorpuzteko erronka izan dute. Ximun Fuchsek, bestalde, testua idazteaz gain, lantaldearen gidari lanak ere egin ditu.

Egiteko molde berriak

Eszenografiari dagokionean, esperimentazioaren bidez estetika berriak lantzeko hautua egin dute. Indusketa baten istorioa izanda, proposatzen diren kontaketa guztiak arkeologoen hipotesiak dira, eta Fuschen hitzetan horretarako eszenografia bat behar zuten argiki agerian uzten zuena publikoarentzat dena hipotesi bat zela; baina, aldi berean, oso konkretua zela hipotesi hori. “Argiarekin eta soinuarekin sortu ditugu espazio horiek, berez antzokia hutsa dago eta hori izan da erronka artistikoa”, adierazi du.

Egiteko molde zehatz hori berria izan da lantaldearentzat, baina zuzendari askok jorratu izan dute eta horregatik espero dute publikoarentzat interesgarria izatea. “Bortxaz ikusleak badu parte handi bat ikuskizun honetan, behar baititu osatu proposatzen diren hipotesi guztiak”. Hain zuzen ere, jantzitegian, soinuan, argiztapenean... dena krokis izpirituarekin egina da eta falta diren koloreztatzeak eta gainerakoak ikusleak egiten ditu bere irudimenarekin. 

Datorren emanaldiak:

Urriaren 17an Luhuson estreinatu zuten ‘Nor Naizen Baneki’ antzezlana, eta Donostiako Gasteszenan eskainitako lau emanaldietan sarrera guztiak saldu ostean, honakoak dira hurrengo geltokiak:

  • Gaur. Azpeitia.
  • Azaroak 5 eta 6. Bilbo.
  • Azaroak 8. Barakaldo.
  • Azaroak 13 eta 14. Baiona.
  • Azaroak 20. Gasteiz.
  • Azaroak 29. Ligi.

Erronka bete kolaborazio

Artedrama eta Axut konpainien artean egiten dituzten kolaborazioetan ezaguna da beti saiatzen direla dituzten zailtasun eta trabak gainditzen: artistikoki, hedapenean, ekoizpenean... Fuschek aitortu du saiatzen direla ez dakitena egiten eta bide berriak zein bide ezezagunak jorratzen ate berri posibleak sortzeko. An-tzezlan hau oholtzaratzea beste erronka bat izan da sortzaileentzat.

Nor Naizen Baneki antzezlana bi antzerki konpainien eta Aranzadi Elkartearen ezagu-tzarako bide baten hasiera ere izan da, asko mintzatu baitira testua idazteko. Fuschek eskerrak eman dizkie egiten duten lan erraldoiagatik. “Beraien lana, erronkak, gogoak, zailtasunak edota egiteko moldeak ezagutu ditugu. Eskuzabaltasun itzelarekin ireki dizkigute beraien ateak”. Era berean, antzerkigileak ohartu dira badituztela hainbat gauza amankomunean. “Arkeologiak eta antzerkiak gizakien aztarnak erabiltzen dituzte istorioak kontatzeko”. Horrez gain, zailtasun ekonomikoak eta zaurgarritasun handia ere partekatzen dute bi ofizioek; baina, batez ere, pasiozko ogibide bi dira beraienak.