Gorputzak mugimenduan, ahotsa, proiekzio bisualak eta musika. Elementu horiek baliatuta sortu dute Komorebi Produkzioak taldeko kideek Argilunak kale ikuskizuna. Tokian tokiko hormetan proiektatzen dituzten irudiek itzalak sortzen dituzte, eta horretan datza proposamen artistikoaren koxka, hain justu, iluntasunari bide ematearen garrantzian.
Argitasunak berezkoa du itzala, baina ez gaude iluntasunari bere lekua uztera ohituak, beti distira, ongizatea eta zoriontasuna agertzen ahalegintzen gara. Ekialdeko kulturetan bai, ordea, gurean ez duen prestigioa hartzen dute iluntasunak eta minak. Argitasunaren eta iluntasunaren arteko oreka horren bila sortu zen Argilunak.
Minak askatzeko
Garazi Egiguren Urkola (Tolosa, Gipuzkoa, 1992) amaren heriotzarengatik dolu prozesuan zegoela, dantzara eta sorkuntzara jo zuen sentimenduak ateratzeko, ohikoa duen gisara: “Sentimenduei hitza jartzea baino errazagoa zait mugimendu bidez askatzea eta prozesatzea”. Duela hamarkada hasi zen modu bakarti eta pausatuan lantzen, “asmo konkreturik gabe”, 2024an, arrazoi desberdinak medio, partekatzeko arra piztu zi-tzaion arte.
Orduan, pixkanaka-pixkanaka eta gertu-gertuko lagun eta ezagunekin hasi zen proiektua partekatzen eta lan taldea osatzen eta horrela, lanketa kolektiboaren indarraz, orain duen forma hartzen joan zen. Prozesu horretan jabetu zen ohikoak ez diren “leku ilunagoetatik” artistikoki sortzeak eta konpartitzeak ere baduela ederretik, “nahiz eta deserosoa edo mingarria izan”.
Ariketa hori egitera deliberaturik, interesgarria iruditu zitzaion proposamena kalera ateratzea, “minak kolektibizatzeko, enpatia lan-tzeko eta elkarren ispilu izateko”. Izan ere, Egigurenen ustez antzokiak distantzia bat jartzen du publikoarekiko eta kaleak eta plazak “beste konexio eta gertutasun baterako aukera” ematen du. “Kalean ere leku intimo eta goxo bat bilatzen genuen”, jarri du azpimarra.
Argilunak garatzeko beren-beregi sortu zuten Komorebi Produkzioak diziplina anitzeko elkartea. Kulturaren demokratizazioa du ardatzetako bat, eta alde horretatik ere plazak bazuen berebiziko interesa eszenatoki gisa: “Plazara gerturatzen den jendea propio antzoki batera gerturako ez litzatekeena da, eta guk halako hausnarketak eta sentikortasuna plazan esploratu nahi genuen”.
Hala, tokian tokiko eraikinetako hormak balia-tzen dituzte ikuskizunaren ardatz diren proiekzio bisualetarako, eta espazio goxoa sor-tzen dute ohikoan beste erabilera bat izaten duten bazterretan: “Pareta horiek beste dimentsio bat hartzen dute”.
Kolektibotasunaren indarraz
Proiektuak Karrikan plataformaren VI. Saria eskuratu zuen eta horri esker erresidentzia artistikoak egiteko eta kanpo begirada jasotzeko aukera izan dute prozesuan zehar. Mediazio tailerrak eta sorkun-tza prozesua partekatzeko saio irekiak egin dituzte hainbat kolektiborekin. Prozesu horrekin eta lantalde osoaren babesarekin erabat eskertuta agertu da Egiguren: “Lagunek eta ezagunek eutsitako proiektua izan da”.
Horrez gain, kaleko emanaldien zirkuituan sar-tzeko aukera ere eman die sariak, eta bereziki eskertu du tolosarrak: “Konpainia txikiontzat emanaldiak sortzeak duen zailtasunaz aparte arazo handiena ikuskizunak lo-tzea izan ohi da”. Bergaran emango dute hurrengo saioa, ekainaren 13an, eta abuztuan Libourneko (Frantzia) Fest’Arts jaialdian izango dira. Irailetik aurrera ere hainbat saio dituzte lotuta Euskal Herrian zehar eta kontratazioa zabalik dute.
Doluaren etapak gorpuztuta
Egigurenentzat terapia pertsonal gisa jaio zena tresna kolektibo unibertsala da orain, herriari eskainia. Iruñeko Goizargi elkartearekin batera egindako saio batean bertako psikologo adituak azpimarratu zuen emankizunean oso argi identifikatzen direla doluaren faseak artistikoki gorpuztuta. Ikusle askok ere azpimarratu izan dute “horrelako edertasunetik hain gogorra eta mingarria den gai bat lantzeak asko lagundu diela”.
Aldakortasuna alde
Kaleko hainbat faktore kontrolagaitzak dira, argi-iturriak tarteko, baina halakoak izan dituztenean, hala nola farolak, kalte baino on egin izan diote ikuskizunari. “Sorpresa oso politak hartu izan ditugu kasu horietan”, aitortu du Egigurenek. Izan ere, argitasun foku horiek beste itzal batzuk sortzen dituzte eta eszenaren parte bilakatzen dira.
Iluntzeko kale ikuskizuna izanagatik ere, egunez eta antzokietan emateko ere egokitu dute. Egoki-tzapen prozesu horretan proiektua aldatuz joan da, eta antzokiko moldaketak bestelako forma hartu du, kontatzeko dutena ere aldatu delako. Proiektu berriari iZuloa jarri diote izena eta maiatzaren 31n egingo dute aurrestreinaldia Garaion Sorgingunean (Ozaeta, Araba). Udazkenetik aurrera antzokietan zabaltzeko asmoa dute.