SVASTIKAK marrazten dituzten bi ume, ETAko kidea izan zen osaba bat, txinatar familia bat, ahizpen arteko maitasuna, zerbait kontatu nahi duen alaba, dokumentalak gustuko dituen ume bat, istripu bat izan duen ama bat, elkarrekin denbora gehiago pasatu nahi duen fidela ez den bikote bat… Denetarik aurkituko dugu Monogamoak liburua osatzen duten ipuinen artean.

Pertsonaiek eta komunikazio auziek garrantzia hartzen dute Iñigo Astiz kazetari eta idazleak sortu dituen ipuinetan. Astizek umorea erabili du sarri egoera mingarriak kontatzeko, eta berak dioen bezala, askotan umore horretan aurkitu du bidea egoera serio horiei buruz aritzeko.

Narrazio bilduma bezala definitu duzu ‘Monogamoak’. Ze narrazio mota aurkituko dugu liburuan?

16 ipuin dira guztira, 14 orrialde ditu luzeenak eta laburrenak orri bat. Horren barruan denetatik dago. Hori esatea eta ezer ez esatea gauza bera da, baina egia da. Agertu ahala joan dira pilatzen ipuinak eta meta bat osatzen, eta meta horren emaitza da liburua. Ez dago aurrez ezarritako mugarik. Badaude mamuak, eskaleak, badago sexu bortizkeria, badago ahizpen arteko maitasuna ere… Denetatik dago; nik uste dut pixka bat umore gaiztoz bustita dagoela.

Liburu forma hartu du lanak, baina hari ezberdinetatik aritzen diren narrazioak biltzen ditu. Bakoitza besteengandik independentea da?

Bai, Leire Lopez editoreak esan zuen moduan, “denak dira autonomoak, eta aldi berean, denak dira erdi lehengusuak”. Les Mecaniciensen abestiak dioen bezala, “Euskadin jende gutxi eta gainera denak erdi lehengusu”. Ipuinak ere horrela dira, bakoitza bere kasa irakurtzekoa, baina badaude mugakideak izan ahal diren ipuin ba-tzuk, eta gero daude elkarren artean urrunago dauden beste batzuk; denak bazkari berean gonbidatuta daudela justifikatzeko.

Eta denek “monogamia” hitzarekin zerikusia dute?

Ez dauka zerikusirik monogamiarekin. Monogamoak dardaratia den hitz bat da, ez da egonkorra monogamia. Izen bat da, baina ia aditz bat da, mugimendu handia eskatzen duelako, beti dago mehatxupean, eta kasu gehienetan, ez da guztiz egia. Hitz tranpa bat da eta horrexegatik gustatzen zitzaidan niri izenbururako. Ipuinak elkarren artean oso ezberdinak direnez, titulu horrekin kontrastea egiten zuen errealitate horrek. Era berean, ezegonkortasun bat iradokitzen zuen, denboran ezegonkorra den errealitate bat. Gaia ez da monogamia, baina uste dut badagoela zer garen, esaten dugunaren eta benetan garenaren distantziari erreparatzeko distantzia bat.

16 ipuin biltzen ditu ‘Monogamoak’ liburuak.

16 ipuin biltzen ditu ‘Monogamoak’ liburuak. Peter Fischli / David Weiss

Txinatar ez-senide diren kontakizun batetik, svastikak agertzen diren beste kontakizun batera egingo dugu salto. Zein izan da ardatza?

Nire ardatza jarduna izan da, idaztea bera. Hori izan da nire ipar bakarra. Testua agertu ahala, oso adi egotea eta hark behar zuenari erantzutea eta moldatzea. Idazten nuen horrek zutik irautea nahi nuen testuan. Ez dut salbatu ipuinik gustatzen zitzaidan ideia bat lantzen zuelako edo ez dut sartu beste testurik pentsatuz orekatu behar nuela alderdiren batetik. Gidatu nauena testua izan da. Idatziz sortzen dira liburuak, baina nik ez ditut liburuak idazten, ipuinak idazten ditut, eta meta bat osatu dutenean, liburu bat ateratzen da. Nik ez dut modu kon-tzientean guztiak batzeko ariketa bat egin, baina nik idatzi ditut guztiak; beraz, pentsatzen dut zerbait egongo dela.

Kontakizunetik kontakizunera, idazteko momentuan estiloarekin eta narratzaileekin jolastu duzu. Kontakizunak baino, egoerak sortu dituzula esango zenuke?

Ez dut asko “intelektualizatu” nire lana orain arte… Horri buruz pentsatu behar dut. Uste dut tramak baino interesgarriago zaizkidan beste elementu batzuk badaudela, izan daitezke pertsonaien arteko dinamikak, edo normalizatuta dauden egoera desorekatuak, edo diskurtsoak eratzeko dugun modua… Guzti horiek hor daude, gauza horiek deitzen didate arreta eta hor jartzen dut interesa. Batzuetan pertsonaiak etorri zaizkit, egoera bat imajinatu dut eta egoera horretan pertsonaia bat sortzen da eta gero pertsonaia horrek eraman nau ipuina leku batera edo bestera eramatera. Beste kasuetan narrazio bat eduki dut, non hasi eta non bukatu, baina ez dut idatzi hori kontatzeko forma egokia izan arte, edo niri egokia irudi-tzen zitzaidan forma izan arte. Trama izaten da askotan literaturaz ari garenean motor nagusia, eta nik uste dut motor horren ertzak interesatu zaizkidala niri.

Pertsonaien arteko dinamika horietan, gaizki-ulertuak, hizkuntzagatiko komunikazio marruskadurak, gaizki sentiarazten duten iruzkinak… Komunikazioa, edo hobeto esanda, komunikazio arazoak oso presente izan dituzu, ezta?

Testu bat idazterakoan, diskurtso bat eraikitzen ari zara, eta niri gustatzen zait diskurtsoa eraikitzea, diskurtsoa eraikitzearen gurpilean makil bat sartuta, eta esplizitu egitea askotan ohartu gabe egiten ditugun interpretazio ariketak. Hori egin dut kontaera mota asko saturtuta, adibidez, familia baten arratsalde bateko gertakari erabat normala kontatuz, ia telebistako lehiaketen diskurtsoa imitatuz, lehiakideak badira bezala gizartearen jolas honetan. Horrekin zer egiten dut? Testuaren eraikuntza bera lehen lerrora eraman. Interesatzen zait irakurleak pixka bat arrotz sentitzea nik idatzitakoa, horrek adiago jarriko duelako kontakizunak eraiki-tzeko mekanismo horien funtzionamenduan.

Adibidez, egoera batekin hasi, eta amaieran egoera horri buruzko azalpen “ez-esplizitu” bat aurki-tzen dugu askotan, besteak beste, ‘Monogamia’ izeneko kontakizun laburrean.

Bai, nik neuk irakurtzen dudanean ere, gusta-tzen zait ni kontuan hartzen nauten liburuak irakurtzea, eta idazterakoan, nik idazten dut pentsatuz liburuaren beste aldean, nik ipuin hori idazteko hartu dudan bezainbeste lan hartuko duen irakurle bat egongo dela ipuin hori irakurtzen. Inteligentzien parekotasun bat aurreikusten dut idazterakoan. Izan daiteke irakurle batzuentzat zorrotzegia izatea edo egon daitezke irakurle batzuk kontatzen dudana xeheago jasotzeko gogoa dutenak, baina niri interesatzen zait deserosotasun puntu bat sor-tzea irakurlearengan eta behartzea lana egitera, baina ez zigor modura, baizik eta sari modura. Niri gustatzen zait testua izatea eskuartean zeinetan parte hartu ahal izango dudan.

Deserosoa den sari horretan, hausnartzekoak sortu dituzu, eta baliabideak hainbatekoak izan dira; adibidez, umorea. 

Niretzat umorea inteligentzia mota bat da, eta umoreak balio du beste tresna batzuekin ireki-tzeko zailak diren ate batzuk zabaltzeko. Intelektualki zergatik interesatzen zaidan azaltzeko erabiltzen dut arrazoi modu hori. Dena den, praktikan, interesatzen zait dibertitzen nauelako, eta orduan ez da ikaragarrizko helburu batekin egindako zerbait. Helburu neurekoiekin erabiltzen dudan tresna bat da umorea, niri dibertigarria iruditzen zaidalako egoera bat eta ba-tzuetan umoreak lagundu didalako kontatzen beste modu batetara kontatu ezingo nukeena. Badaude ipuin batzuk eldarniozko abiapuntuak dituztenak baina sakonean kontatzen dutena oso mingarria dena. Errealitate mingarri horiek kontatzeko beste modu batzuk probatu ditudanean, ez naute inora eraman, gelditzen zen halako melodrama bat, eta ez zitzaidan batere interesgarria egiten; testua hilik geratzen zen, ia jaiotzerako hilda zegoen testua. Aldiz, eldarniozko moduan eta oso umoretsuan landuta, testuak gogoeta egitera eraman nau inoiz esperoko ez nituzkeen leku batzuetara. Idazterakoan, niri gustatzen zaidana hori da, zer idazten ari naizen jakitearekin batera, aukera uztea zer idazten ari naizen ez jakiteari ere. Alegia, testuak ni neu harritzea, nire eskutik ateratako testuak eskua arrotz ikustea.

Gauzak kontatzeko umorearen bidea hartu duzula aipatu duzu. Dikotomietan mugitu zarela esan genezake? Seriotasuna eta umorea, errealitatea eta fantasia, haurrak eta helduak…

Ez neukan horrela identifikatuta. Izan daiteke. Kontua da dikotomia horiek noiz eraikitzen diren, edo egia diren, edo gure mundua uler-tzeko modu bat diren, mekanismo baten hortz bat gehiago diren. Dena izan daiteke dikotomikoa, monogamia eta ez-monogamia, heldua eta ez-heldua…

Berez, ‘Irla’ deituriko testuan, hitz horiek erabiltzen dituzu, senide eta ez-senide.

Bi familia dira, osagarriak direnak eta kontrajarriak daudenak. Bata oso diruduna da, eta beste familia horrentzat lanean ari den familia langile txinatar bat. Familia batek bizitza distira-tsua dauka, eta besteak etxean daude telebistari begira, erdi aspertuta. Hor talka bat dago, klase-talka bat, nire ikur izan daitekeena. Bitxiena da lagun batek kontatu zidan anekdota erreal bat dagoela horren oinarrian. Familia horiek existitzen dira, eta nonbaiten existitzen dira, nik ez ditut ikusten, baina existitzen dira.