Xabi Larrea (Bilbo, 1976) umoregilea da eta bere ibilbidea Deustuko gaztetxean (Bilbo) hasi zuen, frantses bat malabarak egiten ikusi zuenean. Ikuskizunarekiko interesaren aurrean, Bristoleko (Ingalaterra) eta Habanako (Kuba) zirku eskoletan osatu zuen formakuntza. Berak bakarrik ekoitzitako bost obra plazaratu ditu: azkena Pin Pang deitutakoa.
Zein da ‘Pin Pang’ ikuskizunak kontatzen duen istorioa?
Nik bizitzan nola edo nora goazen kontatzen dut eta, era berean, ekonomikoki bideraezina den sistema batean bizi garela ere adierazten dut. Hain justu, munduan gertatzen ari diren gauzei buruz hitz egin nahi nuen. Hori horrela, jendeak bizitzan norantz goazen ikustea nahi nuen, alde batetik. Bestalde, gu ere gure buruaren jabe izan gaitezkeela eta bizitzan beste bide bat har dezakegula erakutsi nahi nuen; alegia, sistematik edo daukagun eredu ekonomikotik irten beharraz mintzatu nahi nuen. Dena den, jakinarazi behar dut nire ikuskizunetan ez dudala hitzik erabiltzen. Hori dela eta, aipatutako mezu hori sinplifikatu egin dut, gutxiagorekin bizitzea posible dela azalduz: izan ere, ez ditugu hainbeste gauza behar pozik eta ondo bizi-tzeko. Horrez gain, guzti horrek justizia sozial bat ekar dezakeela erakusten dut ikuskizunaren bidez, horretarako, eredu ekonomiko honetatik alde egiteko irtenbideak planteatuz. Beharrezkoa da gure buruarekin egoteko denbora gehiago edukitzea, guk nahi ditugun gauzak egiteko, eta, horrela, daukagun estres dinamika horretatik ihes egiteko.
Nolakoa izan zen ikuskizunaren sor-tze prozesua?
Bi urte pasa nituen obra osatzen: frogak egiten, gauzak nola azalduko nituen pentsatzen… Froga eta entsegu asko egin genituen. Prozesu horretan, beste bi pertsonekin lan egin nuen, eta, hala, hiruren artean ikuskizuna garatzea lortu genuen. Aipatutakoari buruz hitz egitea nahi nuen, baina azalpen guztiak ping-pong piloten bidez eman nahi nituen.
Zein da ‘Pin Pang’-en helburua?
Alde batetik, jendeak ondo pasatzea eta entretenitzea bilatzen dut; azken finean, eszenatoki batean lan egiten dugunon betebeharra hori dela uste baitut. Bestetik, jendeari pentsaraztea eta, posible bada, beste modu batean pentsatzeko momentuak eskaintzea da nahi dudana.
Ikuskizuna zuk bakarrik ekoiztutako lana dela esango zenuke?
Bai. Egia da laguntza eduki dudala zuzendaritzan, musikan edo bestelako alorretan, baina beste guztia nik neuk egin dudala esan dezaket.
Ikuskizunaren bidez, zer da publikoarengandik jaso nahiko zenukena?
Publikoak ondo pasatzea nahi dut, barrez lehertzea eta ikuskizuna bukatzerakoan publikoak nik erakutsitako hori buruan gordetzea nahiko nuke; beste modu batean esanda, adierazitakoari buruz pentsaraztea.
Eta zer da publikoarengandik orain arte jaso duzuna?
Oraingoz, oso kritika onak jaso ditut. Kritika onez gain, Ubedan sari bat ere jaso nuen. Horrez gain, hainbat tokitan eskaini izan ditut ikuskizunak eta jendeak oso ondo hitz egiten du obra honi buruz. Egia esan, oso pozik nago.
Hortaz, publikoak zuk helarazi nahi duzuna ulertzen duela uste duzu?
Pentsatzen dut baietz, jendeak ondo pasatzen duela esan didalako. Ikusi dudanagatik ere, jendea pentsatzen ateratzen da; izan ere, ez da zirkuko ikuskizun soil bat, atzean istorio bat dauka. Beraz, helburu hori lortu dudala esan dezaket.
Ikuskizuneko elementuetako bat umorea da. Gaur egungo gizartean umorea falta dela esango zenuke?
Ez dakit. Alde batetik, ezetz pentsa-tzen dut; azken finean, ni gizarte honetan bizi naiz, eta gizarte honetako umorea daukat. Sustrai horiek gizarte honetatik datozenez, nik horrela jokatzen dut ere bai. Hortaz, ezetz esango nuke.
Zuretzat, nolakoa litzateke umorerik gabeko bizitza?
Ez dut uste posible izango litzatekeenik. Azkenean, umorea geure barrualdea ikusteko modu bat da, baita tentsio edo beldur momentuetarako irtenbide bat ere. Nire ustez, ezbeharren aurrean, batzuetan, umorea erabili beharko genuke, gertakari horiei aurre egin ahal izateko. Defentsa mekanismo bat da. Hori horrela, ez dut uste umorerik gabe bizitzea posible denik.
Zer ematen dio umoreak norberari?
Askatasun pixka bat ematen dio, gauzak beste ikuspuntu batetik ikusteko modu bat. Gauza asko ematen ditu.
Zure webgunean, pilotak munduarekin eta, orokorrean, bizitzarekin lotzen dituzu. Zergatik?
Ikuskizun honetan, pilotek mundu honetan behar ditugun materialak edo diruzalekeriako objektuak islatzen dituzte. Edozein gauza izan daitezke: dirua, boterea, kotxea… Hau da, guk behar ditugun material fisiko horiek islatzen dituzte pilotek ikuskizunean, hortik dator alderaketa.
Ikuskizun honi esker, Ubedako 2022ko Zirko eta Pailazo Jaialdian ikuskizun onenaren Saria irabazi zenuen. Zer eman dizu zuri sari horrek?
Poz handiz bizi izan nuen saria jaso-tzeko momentua. Ubedan aspaldi ezagutzen nituen profesionalak daude eta nire lana horrela saritu izanak kristoren poza eman zidan. Profesionalek zure lana balioan jartzea oso polita izaten da.
Aurten ‘Pin Pang’ saioarekin jarrai-tzeko asmorik al duzu?
Bai noski. Hurrengo saioa otsailaren 3an izango da, Badajozen (Espainia). Hurrengoa emanaldiak, berriz, Medina del Campon eta Lezon izango dira. Gainera, ikuskizuna Letonian, Kolonbian eta, seguraski, Italian ere eskainiko dut.