Ohe ezezagun batean eta bere bikotekidea ez den mutil baten ondoan esnatzen da Garazi, eta ajeak eraginda, ideia zurrunbilo batean murgilduko da. Goiatz Labandibar idazleak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985) Bekatua liburuan jaso duen istorioa da. Narraziotik nobelara egin du urratsa, eta horren bidez Ramiro Pionilla eleberri laburren saria irabazi zuen 2021. urtean. Erein argitaletxearen bidez argitara atera du aurten eleberria. 

Irakurleen eskutan dago liburua; nola sentitzen zara?

Pentsatzen dut ez dela nire kontua bakarrik izango, baina beti izaten dut zalantza eta beldur puntu bat. Gainera, kasu honetan gehiago, lehenengo aldiz eleberri labur bat idatzi dudalako. Orduan, espektatiba handiekin nago; ea nolako harrera duen. Beraz, ilusio handiarekin nago, baina beldur puntu batekin ere.

Zerk eraman zaitu eleberri bat idaztera?

Esango nuke ez dela erabaki kontziente bat izan; ez zelako nire helburua. Askotan narrazioak idazten ditugun idazleoi esaten digute ea noizko lehenengo nobela. Uste dut aurreko liburu guztietan galdetu izan didatela hori, baina ez nekien noizbait iritsiko ote zen. Zer kontatu nahi nuen jakin nuenean ideiak eskatzen zidan zerbait luzeagoa egitea; orduan, esanen nuke nobela idaztea nahiko natural eman dudan jauzi bat izan dela.

Erronka handia izan da?

Idazteko eta kalera ateratzeko prozesua nahiko luzea izan da, denborarekin idatzi dudan liburu bat izan delako. Narratu nahi nituen loezinean sortzen diren ideia zurrunbiloak; hau da, burua martxan jartzen denean nola egiten dugun salto ideia batetik bestera, eta nola kateatzen diren elkarren artean itxura aldetik lotura ez duten ideiak. Erronka handiena izan da osotasuna edo koherentzia ematea.

Zergatik abiatu zara ideia zurrunbilo batetik?

Lagun batek insomnio gau bat izan zuenean horren inguruan idazteko proposamena egin zidan. Ideia bazter batean gelditu zen, baina imajinatzen dut arrastoa hor egonen zela. Hala ere, hau ez da insomnio gau bat; hau aje goiz bat da. Azkenean, antzekoa da, burua martxan jartzen den horretan zer pasatzen den burutik landu dudalako. Horrek askatasuna ematen dizu nahi duzun gaien inguruan hitz egiteko eta idazteko. 

Gai asko landu dituzu: amatasuna, aitatasuna, presio soziala, familia, lagunak eta abar. Fikzioaren bidez errazagoa egiten zaizu gai horiei heltzea?

Zure iritzia eman gabe gai horiek lantzeko aukera ematen dizu fikzioak. Garazi ez naiz ni, ez da autofikzioa edo autobiografia bat. Gaiei edozein prismatik begiratzeko aukera ematen du fikzioak. Horrez gain, kontraesanetarako aukera irekita uzten du. Nire helburua ez zen liburu zorrotz bat idaztea. 

“Lehen eleberrian espektatiba handiak ditut, ea nolako harrera duen; ilusioz baina beldur pixka batekin nago”

Pertsonaiak dioenarekin bat ez egin arren, beste begirada bat eskaintzeko aukera ematen dizu?

Noski; egon zaitezke ados pertsonaiarekin edo ez. Pertsonaia eraiki egiten da, sortu, asmatu, eta garrantzitsuena da idazten ari zarenean sortu duzun pertsonaiarekin enpatizatzea eta neurri batean bera bihurtzea. Hala ere, horrek ez du esan nahi ados egon behar zarenik. 

Fikzioa izan arren, gaurkotasunari lotuta dago liburua.

Gaur egun kokatzen den istorio bat da, gu bizi garen gizarte honetan; orain eta hemen kokatutako istorio bat da. Garazik inguruari begiratzen dionean gu gaur egun bizi garen gizarte ereduari begiratzen dio.

Pertsonaia gehiago egon arren, zergatik eman nahi izan diozu garrantzia soilik Garaziri?

Hasieratik argi nuen ahotsa berari jarriko niola; ez nuen ezta momentu bakar batean ere pentsatu beste pertsonaiek Garazirekin harremanik izatea. Interesatzen zitzaidana zen Garaziren zurrunbiloa eta nola jartzen den bere bizitzari begira. Erabat aldatuko luke istorioa pertsonaiak berarekin elkarrizketan sartu izan balira. Seguruekin moralistagoa eta dramatikoagoa izango litzateke, eta nik hortik urrundu nahi nuen. 

Hortaz, kutsu umoretsuagoa bilatu duzu?

Ez nuen izugarrizko drama egin nahi. Ideia zurrunbilo hori kontatzeko aitzakia behar nuen. Askotan esaten da heriotza batek jartzen gaituela bizitzaren inguruan erabat hausnartzen, eta aldaketa handiko garaia izaten dela. Ez nuen nahi heriotza bat izatea abiapuntua. Orduan, bizitza krisi batera eramango zuen aitzakia bat bilatu behar nuen. Egiten duena, alegia, parrandan atera eta bikoteari adarrak jartzea, gertatzen da, krisi bat da, baina ez da hil edo bizikoa. Horrek ikuspuntu ironikoagoa izateko aukera eman zidan. 

Zergatik kontatu nahi izan duzu hirugarren pertsonan?

Lehen pertsonan ere kontatzen probatu nuen, baina nire gusturako indarra galtzen zuen. Hirugarren pertsonan kontatuta distantzia jartzen da gertakari guztiekiko, eta distantzia horrek laguntzen zuen tonua arintzen.

Protagonista ezagutzeko informazio asko dago, baina ez dago fisikoaren inguruko deskribapenik; nahita egina da?

Uste dut nire idazkeran errepikatzen den zerbait dela. Ez ditut lekuak eta pertsonak deskribatzen, ez zaidalako interesgarria iruditzen fisikoki nolakoak diren. Deskribatzera iristen banaiz, narrazioan garrantzia izango duelako da. Ez zitzaidan inporta Garazi nolakoa den; hori irakurleari uzten diot.