“Ez dago erlojua gelditzerik, oraina geroratzerik. Iraganean korapilatu ginenetik, minean, zaurian, ilusio zapuztuan bizi da bizia. Sokak moztu eta agurtu behar ditugu, egunen baten aske dantza gaitezen”. Iraganari, etorkizunari eta orainari buruz hausnartzeko ikuskizuna ondu du Maren Basterretxea artista berriatuarrak: Igaro.

Iraganeko ametsen nostalgia hartu du gai nagusitzat. Ametsa eta nostalgia. Bi berba kontrajarri horiek uztartu ditu sorkuntza lanean, eta gizakia bi denbora horien artean bizi dela erakutsi nahi du. “Ametsa gertatzea nahi dugun zerbait da, geroaren desira; nostalgia, ordea, iragandako zerbaiten oroitzapena. Dualtasunean, bi denbora ezberdinen desiran bizi da gizakia”. Horri aurre egiteko, “beharrezkoa da erresumina sendatzea, oroitzapenei lur ematea”, berriatuarraren arabera. Horrela, orainean kokatu du ikuskizuna. 

Norbanakoaren izaera, baina, ez dutela esperientzia indibidualek soilik osatzen uste du, arbasoek ere zerikusi “handia” dutela azpimarratuz. Belaunaldien arteko teorien arabera, “beti” jasotzen dela arbasoen “zerbait” dio: “Gure gurasoen eragina nabaria da gugan, eta beraiek beraien gurasoengandik jasotakoa ere transmititu digute. Teoria horri tiraka sortu dut antzezlana”. 

Sortze prozesua, beraz, memoria ariketa bat izan da: memoria arbasoei eskaintza egiteko eta memoria behin izandako ametsei lur emateko. Eta hori guztia objektuen bidez egitea erabaki du, objektuen antzezlana baita Igaro. “Iragana eta geroa ondo daudela adierazi gura izan dut, bizitzeko behar ditugula esan, baina orain fokuratu behar garela ere azpimarratu gura izan dut”.

Objektu biziak

Espazio hutsak izan ohi dira eszenatokiak, artistek euren gustura edo beharrizanen arabera apaintzen dituztenak. Eta, iraganaren eta orainaren arteko dantza horretan, txotxongilo batek eta kutxa batean bildutako objektuek laguntzen dute Basterretxea oholtzan. “Objektu bakoitzak bere memoria du. Ez daude bizirik, baina bizi bat izan dute. Norbaitenak izan dira, nonbait egon dira, zerbait gertatu zaie, ahaztuta geratu dira. Objektuek aukera ematen dute biziari buruz berba egiteko, horiek bizigabeak izan arren”, hausnartu du berriatuarrak. Eta katalizatzaile modura erabili ditu: “Izan ahal zen objektuei mugimenduen bidez bizia ematea, edo horiek katalizatzaile modura erabiltzea, euren memoria kanpora ateratzea, eta horrela objektuei bizia ematea. Azken hori aukeratu dut”.

Txotxongiloak ere joandako denbora islatzen du: Basterretxearen iragana. “Objektuek zein txotxongiloak iragana islatzen dute, eta aurkezlearengan dago bizitzeko gogo hori, aurrera egin gura hori, gerora heltzeko desira hori”.

Txotxongiloen mundu magikoaz “maitemindu” zen Basterretxea Anita Maravillas antzerki konpainiarekin lanean hasi zenean, eta horregatik aukeratu du txotxongiloa bere lanaren protagonista gisara: “Oso behinolakoa iruditzen zait kobazuloetatik egiten dena, amak umeari eskuekin egiten diona. Eta, hortik hasita, mundu ikaragarri handi bat da, forma asko dituena. Hor sentitzen naiz gustura”. Euskal Herrian haurrentzako txotxongilo antzezlan “asko” egiten direla dio, baina ez helduentzat. “Helduak uste du txotxongiloa umeentzat dela, eta benetan mundu magikoa da, tradizioarekin konektatzen gaituena, irudimenarekin, magiarekin... eta hori ere islatu egin nahi nuen”. 

Basterretxeak aitortu du Valentina Raposo txotxongilo egileak eman ziola txotxongilo dantzari bat egitearen ideia. “Argi neukan ıragana landu nahi nuela, baina ez nekien zer, ez zelan egin. Eta Valentinak argi esan zidan dantzaria izango zela”. Gainera, berezitasun bat dauka: Basterretxearen aurpegia darama. “Iragana zelan kontatu erabaki behar nuen, eta eszenatokian ni, objektuak eta txotxongiloa bakarrik egonda, eta ni aktore lanetan ere arituta, Valentinak esan zidan nire berdina izan behar zuela, nire iraganaren eta nire orainaren erakuslea”.

Horrela, txotxongilo hibrido bat sortu zuen, bere gorputzarekin osatzen dena. Biak bat dira, eta lan “oso teknikoa” dela baieztatu du artistak. “Niretzat oso lan teknikoa izan da, mota honetako txotxongiloak erabili gabe nituelako. Tailer ezberdinetako ariketak uztartu ditut, eta zer eta zelan kontatu erabaki behar izan dut. Izan ere, berak ez du hitz egiten, eta nik bai. Lan teknikoa eta aldi berean emozionala izan da. Bera da aktorearen iraganeko ametsa”.

Egindakoarekin “pozik” dago Basterretxea, eta bere ikuskizun “txiki eta goxoetan” ikusleak egoerarekin identifikatuta ikusten ditu. Gainera, uste du Igarok balioko diela ikusteko txotxongiloak ez direla umeen kontua bakarrik. Hainbat ikuskizun eskaini ditu orain arte, eta azarorako jarri du hurrengo hitzordua, Deban; zehazteke daude eguna eta ordua. Orduan ere, noizbat zerbaiten parte izan ziren objektuei bizia emango die artistak, kutxa berriro zabalduz, eta amets hautsien dantza ospatuz: “Bada zamak baztertu eta arrastra daramagun kutxak arnas eman diezagun uzteko unea”.