Inurriak arrasto kimikoen bidez orientatu eta elkartzen dira. Espazioak ere markak, aztarnak eta arrastoak uzten ditu agerian guk interpreta ditzagun; bada, interpretaziorik ezean ez da espaziorik. Arte garaikidea, halaber, kontzeptuen bidez, kimikaz edo kimikarik gabe, interpretatzeko tresna bilakatu zaigu. Inurrien Bideak erakusketak “irudimen-ariketa” bat proposatzen du, Andrea Caneparen (Lima, Peru, 1980) lana aukeratu duten Tabakalerako arduradunen esanetan, “zentzumenetan oinarritutako beste kodetze-aukera batzuei bide emateko”. Marcel Duchampsek adimena jarri zuen beste guztiaren gainetik, Canepak adimen horren esparrua zentzumenetara zabaldu eta bide berri bat ireki nahi izan digu, azalpen arrazionalaz harago, erakusketa bidaiatuko duen bisitariak “arreta fintzeko” aukera baliatu dezake eta presentean kokatu inurriek egiten duten bezala.
Komunitatearekin, biziraupenarekin eta talde-lanarekin lotu ohi dira inurriak. Nola islatu nahi izan dituzu kontzeptu horiek erakusketan?
'Talde-lanaren' ideia modu literalean eramatea baino gehiago, inurriak antolaketa eta mundua irakurtzeko modu desberdin gisa behatzea interesatzen zitzaidan. Inurriak arrastoen, seinaleen, ibilbideen eta erantzun kolektiboen bidez orientatzen dira. Erakusketan ideia hori landu nahi izan nuen: pertsona bakoitzak erabakiak hartzeko espazioa da, seinaleak jarraitu edo baztertzen dituena, beste gorputzekin gurutzatzen dena eta bere bidea eraikitzen duena. Batzuetan aurrera egiteak elkarlana esan nahi du; beste batzuetan, desbidera-tzea edo galtzea. Erakusketak sentsibilitate hori aktibatu nahi du: sistema partekatuetan bizi garela ulertzea, nahiz eta beti ikusgarriak ez izan.
Zure lanean beti egon dira presente pertzepzioa, hizkuntza eta ezagutza transmititzeko moduak. Zergatik dira hain garrantzitsuak zuretzat?
Interesatzen zaidalako pentsatzea ezagutza ez dela hitzaren edo azalpen arrazionalaren bidez soilik transmititzen. Badira jakintza formak gorpu-tzean, keinuetan, materialetan edo espazio batean mugitzen garen moduan daudenak. Askotan, zerbait ulertzen dugu izendatzeko gai izan aurretik. Nire lanean irakurketa modu horientzat lekua irekitzen saiatzen naiz. Objektu batek edo ehundura batek informazioa nola transmitu dezakeen interesatzen zait. Erakusketa arreta fintzeko gonbidapen gisa funtzionatzea nahi nuen, eta gure inguruan dagoeneko gertatzen ari diren beste komunikazio modu ba-tzuk zein diren galdetzera bultzatzea.
Zer material edo adierazpen hizkun-tza aukeratu dituzu?
Erakusketak ehundurekin, usainekin eta espazioaren esperientzia fisikoa sustatzen duten elementuekin egiten du lan. Tunelak, atariak, ezkutalekuak eta pasabideak daude. Gorputz adierazpena publikoa mugitzen den moduan dago.
Ba al dago mezu sozial edo politikorik erakusketaren kontzeptuan?
Ez nuke erakusketa mezu politiko zuzen gisa planteatuko, baina badago dimentsio sozial eta politiko bat begiratzeko moduan. Erakusketak gizakia eta hitzaren bidezko komunikazioa esperientziaren erdigune direla dioen ideia desplazatzera gonbidatzen du. Inguruarekin eta beste izakiekin harreman sentikorragoen bidez hausnarketa egitea interesa-tzen zait. Inurriek komunikazio, orientazio eta bizikidetza sistema alternatiboak irudikatzeko aukera ematen digute. Zentzu horretan, erakusketak normalean kanpoan gera-tzen denari arreta jartzea proposa-tzen du: arrastoak, kontaktu minimoak, seinale ahulak eta gorputzen eta espazioen artean gertatzen dena.
Nola eragin zuen Donostiako Tabakalerako espazioak erakusketaren garapenean?
Situ-akzioak programaren barruan kokatzen da erakusketa. Espazioa oso garrantzitsua izan zen, erakusketa ez dagoelako pieza isolatuen multzo gisa pentsatuta, osotasun gisa baizik, eta aretoko elementu arkitektonikoekin —adibidez zutabeekin— elkarreraginean aritzen delako. Situ-akzioak arte garaikidera hurbiltzeko beste modu batzuk proposatzen ditu, jokoari, parte-har-tzeari eta esperientziari lotuagoak. Horrek aukera eman zidan erakusketa espazio ireki gisa pentsatzeko, non haurrek, familiek eta publiko mota askok obrarekin gorputzaren eta irudimenaren bidez harremana izan zezaketen, ez bakarrik irakurketa intelektual baten bidez. Karmengo Ama IPI ikastetxearen eta familia talde baten laguntza ere izan zuen diseinuan proiektuak.
Zer motatako esperientzia izatea espero duzu publikoaren aldetik?
Gustatuko litzaidake publikoa jakin-minarekin eta pixka bat galtzeko prestutasunarekin sartzea. Bisitari bakoitzak espazioarekin bere harreman propioa eraikitzea nahiko nuke.
Arte garaikide kontzeptuala askotan gutxietsia izan da arte klasikoaren aurrean, ustez ederragoa eta harmonikoagoa delako. Zer iritzi duzu?
Uste dut arte garaikidearen eta edertasun klasikoaren arteko oposizio hori mugatua dela neurri batean. Arte garaikideak ez du beti edertasun tradizionalaren zentzuan irudi eder bat sortzea bilatzen, baina horrek ez du esan nahi sentikortasunari uko egiten dionik.
‘Inurri bideak’ erakusketaren ondoren, nora zuzendu nahi duzu zure lana?
Interesatzen zait hitzaren bidez soilik transmititzen ez diren ezagutza moduak ikertzen jarraitzea, eta forma horiek instalazioetan, ehungin-tzan, ekintzetan edo espazio bizigarrietan nola ager daitezkeen azter-tzea. Orientazio, memoria eta transmisio sistemekin lanean jarraitzea ere interesatzen zait: gorputzek nola uzten dituzten arrastoak, materialek nola gordetzen duten informazioa eta espazio bat nola bihur daitekeen mapa sentikor moduko batean.