Zer geratzen da tradizioetatik gaur egun? Nola transmititzen dira tradizioak edo istorioak belaunaldiz belaunaldi? Node dantza eta performance konpainiak dantza garaikidearen bidez egiten du lan hori. Hala, oraingoan ere, euskal folklorearen eta mitologiaren sustraietara jo eta gaur egungo gizartearen kezka eta erronkei begiratu die Aztura izeneko lan berriarekin.
Aztura, baina, ez da hutsetik sortutako pieza bat: Node konpainiaren bi obra esanguratsuenen (Batu (2021) eta Basandere (2025)) batuketatik jaio da. Izan ere, lan berri honek taldearen ibilbidea omentzen du, Node konpainiak hamar urte betetzen baititu aurten. “Urteurren borobila ospatzeko ikuskizun gisa jaio zen. Aztura, beraz, ez da sormen artistiko hutsa, konpainiaren hamar urteko ibilbidearen ospakizuna baizik”, onartu du Ion Estala Node konpainiako kide eta obraren zuzendariak. Izan ere, hasierako ideia sinplea zen: egun berezi batean konpainiaren bi lan eszenaratzea, orain arteko bidea ospatzeko eta ikusleekin parteka-tzeko.
Baina prozesuak aurrera egin ahala, zerbait aldatu zen. Aukeratutako piezak Batu eta Basandere izan ziren, eta bi lan horiek elkarren ondoan jartzean sortzaileek an-tzekotasun sakonak aurkitu zituzten. Ez soilik estetikan edo formatuan, baizik eta egitura dramaturgikoan eta oinarri tematikoetan. Bi lan horien artean lotura bat zegoen: Node konpainiaren DNA propioa. Eta lotura horrek galdera bat ekarri zuen berekin: zergatik ez sortu obra berri bat, bi lan horien arteko elkargune gisa? Eta horrela jaio zen Aztura.
BI OINARRI, UNIBERTSO BERA
Batu-k eta Basandere-k bi ikuspegi desberdin baina osagarri eskain-tzen dituzte. Hala, Aztura ikuskizunak Euskal Herriko mitologia eta herri tradizioak ditu oinarri, baina ez du iraganera soilik begiratzen: gaur egungo gizartearen ispilu izateko asmoz jaio da, eta horregatik lantzen ditu hainbat gai kritiko: genero ikuspegia, justizia klimatikoa eta lurralde indentitatea, besteak beste.
Izan ere, Batu-ren kasuan, fokua Euskal Herriko tradizioan eta identitatean jarri zuten. Obra horrek iraganarekiko harremana eta etorkizunarekiko ardura jartzen ditu mahai gainean. “Pieza bakoitzak oinarrian lanketa handi bat dauka. Esaterako, Batu-ren hausnarketa zen gure gizarteari buruzko argazki bat egitea, eta etorkizunera begira jarriz gero, gure arbasoek egindako lanak zelako eragina zeukan aztertzea. Ezin dugula iragana ahaztu pentsatzen genuen”, gogoratu du Estalak.
Lan berri honek taldearen ibilbidea omentzen du, Node konpainiak hamar urte betetzen baititu aurten.
Basandere piezak, berriz, beste norabide berri bat hartu zuen: justizia klimatikoa eta landa-eremuetako emakumeengan arreta jartzea. “Mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundearekin lankidetzan garatutako proiektu batetik sortu zen, eta lanak klima-aldaketak ez duela munduko leku guztietan modu berean eragiten azpimarratzen du, bereziki, landa-eremuetan bizi diren pertsonengan —eta bereziki emakumeengan— eragin zuzena eta sakona duela nabarmenduta”, gogoetatu du zuzendariak.
Beraz, bi lanek gizartearen inguruko gogoeta kritikoak egiten dituzte, bakoitza bere ikuspegitik, baina oinarri komun batekin: “Konturatu ginen unibertso konpartitu bat ari ginela sortzen. Hori aztertzen hasi ginen, lantzen, baina ohartu ginen obra berri bat eraikitzen ari ginela, eta horrek zerbait gehiago behar zuela. Bi piezak elkarrekin jartzeak ez zeukan zentzurik ordurako”.
Hala ere, Estalak onartu du Batu eta Basandere obrek ikuskizun berri honetan presentzia garrantzitsua duten arren, Node konpainiak egindako beste obrei keinu bat egitea “beharrezkoa” iruditu zitzaiela, eta hala egin dute. Esaterako, Emakumeak piezako jantziak taularatuko dituzte, baita beste obra batzuetako mugimendu batzuk landu ere. “Beraz, Aztura obrak konpainiaren lana irudikatzen du, konpainiak egindako lanaren erakusgarria da”, onartu du zuzendariak.
Eta hori guzti hori biltzeko, sortu zuten Irati Bilbaoren figura. Eszenatokian hiru interprete ariko dira: bi dantzari (Marina Eskisabel eta Borja Bordonabe) eta musikari-abeslari bat (Bilbao). Azken hori da proposamenaren berrikuntza nagusia, lehenengoz izango baitute zuzeneko musika ikuskizun batean; hain zuzen ere, Bilbaoren musika eta ahotsa izango dira pieza josiko dutenak, pieza osoaren hari emozional eta narratibo nagusia izango direnak.
‘Aztura’ konpainiaren bidaiaren une bat da, non iragana, oraina eta etorkizuna eszenatoki berean elkartzen diren.
Bilbao, beraz, ez da soilik interprete bat; piezaren gidaria da, ikuslea eskutik hartzen duen presentzia poetikoa. Sortzaileen hitzetan, Bilbao “mitologiako pertsonaia baten antzekoa da”, lamina moduko figura bat: bere presentziak pieza osoa lotzen du, eta ikuslea bidaia etengabe batean murgiltzen du, eskutik helduta. Bilbaok instrumentu bat jotzen du, baina bere elementu nagusia ahotsa da: “Iratiren ahotsak laguntzen du unibertso oniriko, poetikoan sartzen”.
BI EGUNSENTI, BI EGUN
Eszenografiak ere egitura narratibo hori indartzen du. Hasieratik argi izan baitzuten bi dantzari izango zirela oholtza gainean, aurreko lanetan bezala. Haien arteko konexioa eta ulermena funtsezkoak dira piezaren gorputza eraikitzeko.
Argiak eta kea ere funtsezko elementuak dira. Ez dira dekorazio hutsa: denboraren eta erritmoaren eraikitzaileak dira. Izan ere, ikuskizunak bi gau, bi egunsenti eta bi egun kontatzen ditu, eta ikusleek argi eta ke horien bidez argi bereiz dezakete bidaia sentsorialaren bilakaera. “Batu-k eta Basandere-k narratiboki egunsentia eta eguna kontatzen dituzte, eta Aztura hori ere bada. “Bi egun horiek oso ondo desberdintzea eta ikustea nahi genuen”, azaldu du Estalak.
Aztura ez da ikuskizun klasiko bat. Esperientzia sentsorial eta poetiko bat da, non ikuslea ez den kanpoan geratzen, baizik eta barruan murgiltzen den. “Iratiren ahotsak eta musikak efektu hipnotikoa sortzen dute. Ikuslea bidaiatzera darama”, adierazi du zuzendariak. Eta hala jaso zuten, behintzat, ikusleek estreinaldian. Sortzaileen kezka bat izan zen hasieran ea ikusleek ulertuko ote zuten ez zirela bi pieza jarraian, baizik eta lan berri bat zela Aztura. Baina estreinaldian jasotako erantzunak argiak izan ziren: publikoak berehala identifikatu zuen obra berria, eta erraz sartu zen proposamen poetikoan. “Sentsazio oso onak jaso genituen. Jendearekin egoteko aukera izan genuen, eta oso polita zela esan ziguten, erraza zela piezan sartzea, piezaren baitan bidaiatzea. Eta hori ederra da gure-tzat. Ze, hau guztia guretzako opari bat izan da”, dio Estalak.
“HARROTASUNA”, OINARRI
Aztura ez da soilik sormen ariketa bat. 10 urteko ibilbide baten sintesia ere bada. Konpainiak argi du urteurren hau aukera bat dela egindako lana balioan jartzeko. Horregatik, “harrotasuna” hitza hartu dute aurtengo ardatz gisa. Askotan zaila bada ere, egindakoa aitortzea eta ospatzea beharrezkoa dela uste dute. “Ordua da esateko gauzak ondo egin ditugula, bestela ez ginateke bertan egongo. Askotan asko kostatzen ziaigu gure buruari lorak botatzea, baina merezi dugu. Eta Aztura piezak hori irudikatzen du, harro egote hori, egindakoa balioan jartze hori”, dio zuzendariak.
EMANALDIAK
- Uztailak 3, Portugal: Portas do Sol jaialdia, Covilha. (Kaleko bertsioa)
- Uztailak 28, Irun.
- Irailak 9, Portugal: ContraDança jaialdia, Guarda
Izan ere, Aztura hori bera da: ibilbide baten isla, eta egindako lanaren ospakizun eszenikoa. Asko izan dira 10 urtetan Node konpainiak kaleratu dituen obrak: 2018an Tria, Pugna 2019an, Emakumeak 2020an, Natura 2021ean, Arachno eta Batu 2022an eta Basandere iaz. “Gu oso eskertuta gaude izan dugun ibilbidearekin, horrek irudikatzen gaituelako nolakoak garen: oso proaktiboak gara, beti esaten dugu baietz, Eta horrek erritmo onean lan egitea ahalbidetu ditugu, Batzuetan asmatu dugu; beste ba-tzuetan ez. Baina, horrek guzti horrek esperientzia eman digu, eta erakutsi digu ze bide jarraitu behar dugun. 10 urteko bidea egin dugu, eta harro gaude horrekin. Lorpen handiekin eta lorpen handiak izan ez diren horiekin”, argi eta harro gogoratu du konpainiak egindako bidea Estalak.
Eta, konpainiaren bideareren bezala, ikuskizun honek bide zabala izango du Euskal Herri osoan. Dagoeneko hainbat data finkatzen ari dira, eta interes handia piztu du programatzaileen artean. Hori “opari” gisa bizi du konpainiak. Node konapiniak lan berri honekin argi erakusten du tradizioa, memoria eta mitologia ez direla iraganeko elementuak bakarrik, baizik eta gaur egungo gizartea ulertzeko tresna aktiboak. Gainera, Aztura emanaldia konpainiaren bidaiaren une bat da, non iragana, oraina eta etorkizuna eszenatoki berean elkartzen diren.