Azken hamarkadan musika jaialdi handiek gorakada ikaragarria izan dute. Hala, estatuko hiri guztietan makrofestibal deiturikoa egotea normala da. Musikazaleontzat aukera eta plan aparta da, noski. Udako aisialdi bezala ere globalizatu da, publikoa handituz eta turismo kulturala ahalbidetuz, mota guztietako erabiltzaileen nahiak asez. Egun, udako zereginen artean jaialdi baterako sarrera edukitzea ezinbestekoa da, eta han egotea edo egon zarela esateak harrokeriaz betetzen gaitu. Gainera, gustu guztietarako eskaintza dago; orokorrak eta baita estilo edo gaikakoak ere: rapa, elektronika, rocka, reggaea… Hiriei bizia eman, ekonomia bultzatu, hornitzaile industria propio bat eratu eta nazioarteko artistak ikusteko aukera zein tokiko artista txikiei agertoki handietan trebatzeko parada ematen diete horrelako jaialdiek. 

Dena dela, kontrako aurpegia ere badu eskaintza honek. Adibidez, zuzeneko musikaren bizitza udako jaialdietara mugatzea, izan ere, urteko gainontzeko hilabeteetan aretoetako kontzertuak gutxituz doaz, ekonomikoki jasangarriak izateko zailtasunak direla-eta. Hori eta bestelako hainbat auzi azaleratu eta aztertu ditu Jon Urzelai soziologoak Su festak (Susa, 2023) liburuan. Hausnarketarako bidea ireki du, eta behar zen eztabaida bat piztu, zuzeneko musikan dugun ereduaren jasangarritasuna eta bidezkotasuna zalantzan jarriz. Maisuki aritu da Urzelai saiakera honetan, mende erdian, eremu globalean zein lokalean jazotakoak harilkatuz. Soinutopian guztiaren aurretik jartzen dugu musika eta berau zuzenean gozatzeko aukera, baina ikasteko gogoeta zilegiaren bidetik, liburua irakurtzea gomendatzen dugu. Gainera, jaialdi handiek behar ez duten hedapena eman nahi diegu orriotatik lau proposamen txiki bezain interesgarriri, uda honetan aukera gehiago kontuan hartu ahal izateko, beti musikaz disfrutatzeko bidean. 

Euskal Herria Zuzenean

Jaialdi beteranoa dugu EHZ, 1996an Ipar Euskal Herrian antolatzen hasi zena. Ordutik, beti autogestioa erdigunean izanik, lekuz mugitzen joan da, eta egun Irisarrin (Nafarroa Beherea) ospatzen da. Mimo eta zainketa handiz egiten den jaialdia da, txandalari boluntarioen lanarekin, baina, hala ere, punta-puntako kartelak izaten ditu urtero. Aurten, ekainaren 30etik uztailaren 2ra izango da, eta inguruak zein artistek oso erakargarri egiten dute. Gatibu, Belako, Soulfly, Willis Drummond edo Zetak bezalako izen handiez gain, talde txiki eta bitxiak ezagutzeko tartea ere egongo da. Hala nola, Goxua’n Salsa saltsero euskaldunak, FM Belfast Islandiako elektronika taldea, Liher, Nize edo Arima gitarreroak, edota J Martina garaikideak. Gainera, hitzaldi eta tailerrak ere egiten dituzte, guztia prezio ezin merkeagoan. 

Barranco Fest

Orain dela hamaika urtetik dirdira egiten duen harribitxi ezkutua da Barranco Fest, Nafarroako Fitero herrian antolatzen dena. Musikaz gain “landa eremua” sustatzen du jaialdiak. Igerilekua, ibilaldiak, txoritxoak, gastronomia… Orujo distilatze fabrikara bisita edota Viña Zarzaleko mahastiak ikusteko aukera dira ekitaldi bitxienetako batzuk, musika alde batera utzi gabe noski. Petunias punk pop hirukotea, Sistema de Entretenimiento arcade punka, Raimundo el Canastero haien euskal rumba izugarriarekin, Mueveloreina trap bikotea edota DJ dantzagarrienak: Jota Pop indiezaleentzat eta Dembooty kolektiboa ipurdia ondo mugitzeko. Eta noski, haiek dioten bezala: afterraren afterra! Gainera, Cristina Daura marrazkilariak kartel ederrarekin jantzi du. Dena uztailaren 20tik 22ra. Kasu, domeka horretan hauteskundeak dira eta, zaindu ajea!

Boga Boga Festibala

Donostia beti izan da iparraldeko indie musikaren erreferente. Musikari finak, areto txukunak eta musika kulturan heziak. Eta jakina, jaialdia ere merezi zuen. Hala jaio da Boga Boga Festibala, aurten lehenengo edizioa izango duena. Agertoki apartak izango ditu: Ondarretako hondartza, Txillida Leku, Miramar jauregiko basoa eta baita Dabadaba, Doka edo Le Bukowski aretoak. Gauean ez ezik, egunean zehar ere musika entzuteko parada egongo da, hala zelaian etzanda edo bainu bat eta gero gozamena areagotuz. Panda Bear edo La Femme nazioarteko artistak egongo dira, eta baita Joe Crepusculo edo Margarita Quebrada hurbilagokoak, bertako Hofe edota Verde Pratoren proposamenekin osatzeko. DJ sorta dotorea ere eskaintzan: Brava arrakastatsua, Malakias ekoizlea edota Lamia Mari gaztea. Irailak 8tik 10era, udari bukaera emateko!

Emmusikadas

Jaialdi bat baino gehiago, topaketa bat da Emmusikadas. Emakumezko talde eta musika proiektuak aditzera emateko leiho gisa jaio zen duela hiru urte Iruñeko Zentral aretoan. Hasiera batean aldizkako kontzertu egitaraua egiten bazuten ere, aurten jaialdi formatua hartuko du irailaren 14tik 17ra artean. Bertan, musikaz gain, hitzaldiak, tailerrak, elkarrizketak edota dantza erakusketak egongo dira ikusgai. Bertako eta kanpoko musikari interesgarri asko bilduko ditu: Anari, Flaca DJa, Tanxugueiras galiziarrak, Rebeca Lane, Ana Tijoux, Christina Rosenvigne… Baina baita bestelako diziplinak ere: Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza bertsolariak, Irantzu Varela aktibista, Andrea Momoitio idazlea edo Soy Una Pringada youtuberra. Emakumezkoen sorkuntza eztabaidatzeko, balioan jartzeko, berezko lekua izateko eta ikusarazteko jaialdi interesgarri zein beharrezkoa.