Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Mendebaldeko Saharaz

Maroko Israelen ikasle ona da, onenetarikoa. Polisarioko hiru kide, tartean Lehbib Mohamed Abdelaziz, Mendebaldeko Saharako presidente zenaren semea, hil ditu orain dela egun gutxi Marokok harresitik gertu, antza drone baten bitartez. Dronea israeldarra zela esatea ez da erokeria, zeren Maroko, ikasle ona izatez gain, bezero ezin hobea baita Israelek ekoizten dituen gauzetarako; gauza horien artean armak daude, eta, nola esan, prozedurak. Marokok ondo ikasi du hil ahal duela edonor, Israelek egiten duen bezala, batez ere haien lurraldea okupaziotik babestu nahi duten horiek. Marokok abantaila eder bat du, gainera: nazioartean inor ez dago “deeply concerned” Mendebaldeko Saharan gertatzen denarekin. Ulergarria da lurraldeak okupatu, bertan bizi direnen naziotasuna ukatu, kolonoak bidali eta harresiak eraikitzen dituzten bi estatuak hain lagun onak izatea. Erasoa, Marokok bere egin ez duena (Israelek ematen dituen lezioetako bat), Nazio Batuen bitartekari Staffan de Mistura jauna Tinduf aldeko errefuxiatu-kanpalekuak bisitatzen ari zenean gertatu da, negoziazioak bideratzeko asmotan irakurri dudanaren arabera. Nazio Batuekin zer egin ere egongo da programatuta ikastaro israeldarretan.

Espainiako Erresumak ez du ezer esan, ez galaxia osoko gobernu progresistenak, ezta oposizioak ere. Autonomiarena onartu zenetik, Espainiako Erresumak dituen erantzukizun juridikoak Nazio Batuen bulego batean egongo dira hautsa metatzen. Baina erasoak gogorarazi digu gatazka, gerra isildu bat, bizirik dagoela Mendebaldeko Saharan, eta arazoa konponbidetik oso urruti dagoela. Estatu Batuek, jakina, Polisarioren kontra jo dute. Israel, Maroko, Estatu Batuek: zer espero dezakegu hirukote horretatik.

Eraso hori gabe ere, gure kaleetan egunero ikusten ditugun sahararrak ez al dira nahikoak gogorarazteko zein bidegabea den haien egoera, zein krudela den hau guztia?

Ez dut gaiztoa izan nahi, baina burutik pasatu zait Zapateroren harribitxiak agian Marokoren opari direla. Barkatu, barkatu, ez dut ezer esan.