Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Kirtena eta mangoa

Kaiku enpresaren produktu bat salgai dago supermerkatuetan. Dena dago gaztelaniaz, esaldi hau izan ezik: “KAIKU / Kéfir natural o SABOR MANGO, / Kefir naturala edo / KIRTEN-ZAPOREA, / 110 g”. Aitzurrak badu kirtenik; ez dut uste mangoak kirtenik duenik. Era berean, mango-zaporea duen kefirra gozoagoa da kirten-zaporekoa baino. Zalantza barik. Kirtena miazkatzea ez da gozoa, ez eta samurra ere.

Xabier Artzalluz Antia politikari jeltzale handiak antzina esan zuen euskaldunok badugula jatorrizko bekatu larri hau: txikitasuna. Adimen artifiziala da horren agerkaria. Euskarak, horrenbestez, euskaldunon berbeta izanda, adimen artifiziala erabili baina euskararen gainean ezer ez dakitenen edota haren ardurarik batere ez dutenen axolagabekeriaren ondore makurrak pairatzen ditu behin eta berriz. Euskara, horientzat, pasarelako kontua da: erakuskari barrugabea.

Errua ez da adimen artifizialarena, erantzukizuna hura erabiltzen dutenen eta, batez ere, haren erabiltzaileen agintzaileena da. Kaiku enpresako agintari batek kefirraren nahaskia egiten lagako lioke nahasteen inguruan ezer ez dakien bati? Supermerkatu bateko arduradun batek kontuak egiten ez dakien bati lagako lioke kutxazain-lanak betetzen? Soldadutza egiten niharduela agintari badaezpadako batek esan zigun: “Badiote armak deabruak tiratzen dituela, bai, egia da, baina kaiku batek, kirten batek, erabiltzen ditu”.

Eta horrela heltzen gara Graham Greene idazle britaniarrak aipatu zuen giza faktorera. Adimen artifiziala, giza produktua denez gero, akastuna da; halandaze, itzulpenak giza itzultzailerik gabe egin daitezkeela uste dutenak, ez badute atzetik giza zuzentzailerik jartzen, konturatuko dira gizakumeek sortutako makina akastun horrek berriro ere huts egingo duela. Hizkuntza handi batean barkaezina izango litzatekeena euskaran zilegi da zoritxarrez. Izan ere, kasu hori ez da lehenengoa. Gomutan duzue busetako oharrarena? Benito Lertxundik abestu zuenez: “Herri neketsu hontan…”.