Kirikiño Ikastolak Ibilaldiaren 2026ko edizioa dakar gaur Bilbora. Hirugarrenez dakar Ibilaldia, 1981eko eta 1988ko edizioen ostean. Horrelako eretietan tentazioa izaten dugu zein onak garen eta zein ondo egiten dugun aldarrikatzeko. Ostera, oso gutxitan izaten ditugu gomutan honaino heltzea ahalbidetu digutenak. Horregatik, bihoakizue gomutaki xume hau, aitzindari estimatuok: neure gogoan izan zaituztet, bazaituztet eta bihar-etzi ere izango zaituztet).

1970eko hamarkadan euskaraz ikastea bazterreko aukera zen euskal herrietan, ikastoletako jarduna ez zuten aintzakotzat hartzen orduko agintariek… guztia zen aurkakoa. Hala ere, aitzindari haiek, euren seme-alabek euskaraz ikasiko zutela ebatzita, aurrera egin zuten, euren diruak, euren lanak, euren ongizatea eta euren seme-alaben hezkuntza arriskuan jarri zituzten, besteak beste: euskaraz ikastea ez zen doakoa, ez zen merezimendu lez hartzen.

Orduan, Bilboko Santutxu auzoan Concha Azaola andrearen eskuzabaltasunarekin, euskaltzale batzuek euren seme-alaben hezkuntza euskaraz eginarazteko erabaki zuten Kirikiño Ikastola sortzea. Guztiak ezin ditut aipatu, baina lehenengo hamabiak eta haien emazteak ekarri nahi ditut gomutara, Kirikiñoren kooperatibisten hurrenkera-zenbakiaren arabera. Mila esker hauei guztioi:

Gabin Azaola Artolazaga eta Ana Miren Estebez Aretxabaleta; Joseba Arrieta Txertudi eta Miren Goiri Etxebarria; Txaber Iturriagaetxebarria Bizkarra eta María Concepción Camino Garai; Pedro Maria Pérez de Diego eta Lourdes Uribarren Leturiaga; Francisco Javier Álvarez Miravalles eta Araceli Sanz Ugalde; Josu Meabe Mintegi eta Anamari Sorazu Etxebarria; Isaac Arteaga Elorrieta eta Maria Begoña Bustintza Amarika; Luis Andikoetxea Lasheras eta Ermelinda Alonso Rojo; Iñaki Zabala Beaskoetxea eta Itziar Arrieta Txertudi; Jon Joseba Urkiri Antsola eta Mariasun Aranburu Errandonea; Jose Migel Arrieta Iriondo eta Miren Sagarna Salaberri, eta Juan Jose Rotaetxe Leis eta Gloria Etxebarria Abans.