ikusita duzue argazkia, ezta? Abade, apaiz edo lider ebanjeliko talde bat ikusten da, eta erdian, Etxe Zuriko bulego obaleko mahaian jesarrita, laranja koloreko azala duen Donald Trump. Guztiak bera inguratzen eta eskuak gainean jartzen, zirkuitulabur energetiko bat eman nahiko baliote bezala. Guztiak presidentearen eta AEBetako ejertzitoaren aldeko otoitzak esaten.
Hedabideren batek otoitz zehatzak transkribatu zituen: “Otoitz egiten dugu zeruko jakituriak bere bihotza eta adimena bete ditzan (Trumpi? Jakituria?), eta Jauna, gaur egun aurrez aurre ditugun garai zail hauetan gida dezazun. Otoiz egiten dugu zure grazia berarengan jar dezazun eta gure indar armatuetako gizon-emakume guztiak babes ditzazun”. Hots, Jauna jarri zaitez gure alde eta besteak popatik hartzera bidali.
Boteprontoan orori bururatu zaiguna izan da erlijioaren usurpazioa egin dutela, ezinezkoa dela jainko on batek horrelako pertsonak babestea Israel herri genozidarekin batera, Gaza lehenik, eta orain, Iran bonbardatzen eta jendea hiltzen duten bitartean, hango petrolio-eremuez jabetzeko eta Txina ataka larrian jartzeko.
Prentsatzekoa da inkongruentzia totala dela, okertzen ari direla, eta benetan, deabru, demonio, gaizkin, txerren edo satan ari direla gurtzen. Eta erdian, Beeltzebub.
Irudiak ere bestelako helburua du. Trump gero eta desenkantu handiagoa lortzen ari da bere boto-emaileen artean, batez ere ebanjelisten artean. Herri hartan milioika zenba daitezke. Orain inoiz baino gehiago behar ditu, Epstein sexu-abusuen kasuak ospe gaiztoa eman baitio. Gainera, berak gerrarik ez zuela egingo esan zuen, eta sekulako batean murgildu du herria.
2025eko urtarrilean eginiko inbestidura hitzaldian honako hau esan zuen: “Jainkoak salbatu ninduen Amerika berriro handi egiteko”. Bada nik uste dut kakazten ari dela Amerika. Agian horrexegatik agertu da meme bat, non tipoa komunean dagoen kaka egiten lider erlijioso horiek guztiak eskuak gainean jartzen dizkioten bitartean.
Kaka irtengo da noski, zer bestela!