Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Gudu-kriminal bi

Gudu-kriminalak dira ezein eskubide barik beste herrialde bati eraso egiten diotenak. Eraso egiten dute ahal dutelako, ez eskubiderik dutelako. Betiere, ez da egin behar egin ahal den guztia. Donald Trump gudu-kriminala da, ankerra, bihozgabea, moralgabea… eta lapurra. Inorena nahi baina ordaindu eta negoziatu barik atxikitzen duena lapurra da. Hori ez ezik, lapurreta jasaten duena hiltzen badu, erailea da. Eta berriro diot, ahal duelako egiten du.

Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak gudu-erasoa egin dio Irani Estatu Batuetako Kongresuak baimena eman barik, eta okerragoa dena… gudu-adierazpenik egin barik. Gomutatzen naiz 1941eko abenduaren 7an japoniarrek Pearl Harborri eraso egin ziotenean (gudu-adierazpenik egin barik), Franklin Delano Roosevelt-ek salatu zuela Japonia koldarra izatearren, ez baitzuen aldez aurretik oharrik eman. Kriminalak izan ziren orduko japoniar agintariak, eta kriminalak dira egungo agintari estatubatuar eta israeldarrak.

Benjamin Netanyahu ere gudu-kriminala da. Estatu Batuetako presidentearen moduan, ankerra, moralgabea, erailea… eta koldarra. Bitzuok dira koldarrak. Itaun bat dut agintari bioi egiteko, nahiz eta jakin euroi piper bat ere ez doakiela, baina esan egin behar da. Eraso horietara Trumpek eta Netanyahuk seme-alabarik bidali dute? Ez horratik. Zein erraza eta moralgabea den inoren seme-alabak hiltzea nork bereak babespean jartzen dituela.

Bien bitartean, nonahiko marmitoi agintari-izan-nahi batzuek albotik eragiten diete beste agintari batzuei laguntasuna eman diezaieten gudu-kriminal bi horiei. Oraingoan behintzat Espainiako Gobernuko presidenteak uko egin die horrelako dei negargarriei, bai eta Britainia Handiko Gobernuko presidenteak ere. Ahaztu ote zaie zer jazo zen Madrilen eta Londresen aurreko mahai biribil hartako bazkideek egindako eraso neurrigabeen ostean? Itaundu biezaiete orduan hildakoen ondorengoei. Itaundu biezaiete egun ezein zio barik hiltzen ari direnen senitartekoei.