Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Gaizkiaren aurpegiak

Jaungoikoa sinesten dugunok sinesten dugu badirena ongia eta gaizkia. Bibliako Hasiera liburuan esaten zaigu ezen Jaungoikoak baratze erdian bi zuhaitz ernearazi zituela: batak bizia ematen zuen, eta besteak dena ezagutzeko ahalmena ematen zuen. Bada, azken zuhaitz horretatik datoz ongia eta gaizkia, errealitatearen aurkia eta ifrentzua. Gaizkiak badu aurpegirik, Kain, bere anaia bekaitzez hil zuena. Harrezkero, gaizkia beti jarki zaio ongiari. Eta gaur egun berdin diraugu.

Euskal esaera zaharrak dioenez, izena duen guztiak badu izanik. Eta izanak badu aurpegirik. Ez aurpegi bakarra, ezpada gaizkiaren adierazpideak beste aurpegi. Hori ez ezik, gaizkiaren aurpegia geure buruan berregiten dugu, aspaldiko kontakizunetatik eta arestian Hollywoodeko filmetatik ateratako irudi itsusi eta zatarretatik; betiere, gaizkiaren aurpegiak gizakionak dira. Munstro edo bidutziek geroago eta antz handiagoa dute gizakiona. Aletu ditzagun batzuk.

Donald Trump da gaizkiaren aurpegietako bat: umeak giltzarrapotan estutzen duena moralgabekeriaren irudia dugu. Esaten da ezen ezpalik txarrena egur berekoak direla, eta Trumpek, immigranteen ondorengoa denak, immigranteak zigortzen ditu. Benjamin Netanyahu, hamaika ume gosez hilarazi dituena. Herri zigortu eta ia akabatutako herri bateko semeak zigor bera inori ematen dionean gaizkiaren aurpegia gorpuzten du. Eta herri hura ia akabatu zuenak erabilitako molde bera darabil. Izz al-Din al-Haddad gaizkiaren aurpegia da, ahulak direnei jazartzen dielako.

Amaitzeko, sarraskijaleak ditugu, inoren zoritxarraz elikatzen direnak. Horietako bat dugu Isabel Díaz Ayuso. Bere interes bereziengatik inoren hildakoen sentimenduez jokatzeko batere arazorik ez duena. Sarraskijaleek badute ezaugarri berezi bat: sarraskia, haratustela bakarrik jaten dute. Hala ere, lau hankako sarraskijaleek euren eginkizuna betetzen dute naturan. Hanka biko honek, berriz, zer dakar gizartearen alde? Gaizkiaren aurpegietako bat dakar berak.