Gerra berri bat dugu munduan, Israelen eta Iranen artekoa. Batzuek esango dute berri-berria ere ez dela, bi estatu horien arteko tirabirak aspaldidanik datozela, Israelek askotan eraso duela Iran, bertako zientzialariak hil, bonbak bidali, atentatuak han-hemenka eta abar, eta Iranek, bere aldetik, Hezbollah bezalako taldeak erabili dituela Israel xaxatzeko, baina egia da egunotan ikusten ari garena, elkarri misilak jaurtitzearena, tirabira baino gehiago dela.
Analistek zioten ezinezkoa zela gerra irekia piztea, horrek ondorio pentsaezinak ekarriko lituzkeelako guztiontzako. Orain egoera pentsaezin horretan dago mundu osoa. Badirudi ezinezkoa dena gertatu ahal izateko denbora apur bat gehiago behar dela, besterik ez. Israel hasi zen txanda oraingoan eta Iranek erantzun zuen inoiz baino bortitzago, beraz, Israelek berriro erantzun, geroago Iranek eta orain arte. Israelek hainbat buruzagi irandar hil ditu, eta Netanyahuk adierazi du argi eta garbi haren helburua dela Ali Khamenei agintari gorena hiltzea. Jakina, buruzagi ez zirenak ere (pertsona arruntak, esan nahi dut) hil dira Iranen, baita Israelen ere, bertako defentsa sistema sofistikatuak ez baitira uste bezain azkar ibili. Von der Leyen andreak, beste batzuen artean, esan du Israelek baduela bere burua defendatzeko eskubidea. Pentsatzekoa da Iran iritzi berekoa izango dela, hau da, berak ere baduela bere burua defendatzeko eskubidea. Azkenean, guztiok geure buruak defendatzeko ahaleginetan bururik gabe geldituko gara laster.
Orain analistek diote ezinezkoa izango dela gerra berri honetan “jauzi nuklearra” ematea, inork ez diola inori opari hori bidaliko (Iranek ez omen du, Israelek ez omen du erabiliko), horrek ondorio pentsaezinak ekarriko lituzkeelako guztiontzako, baina ni ez nintzateke harrituko, bonba txiki bat, ustez kontrolatua eta hori.
Israelera zihoazen misil irandarrak Libanon ospatzen ari zen ezkontza baten gainetik igarotzen ikusi genituen. Metafora krudela iruditu zitzaidan: bizitzak bere horretan segitzen du harik eta segitzen ez duen arte.