Eskerrik asko, Belen, gaur 66 bete dituzu. 1976ko abendutik elkarrekin eta 1985eko martxoaren 30etik ezkondurik. Zuk bai meritua! Orain urtebete Athleticek irabazi zuen Errege Kopa zure urtebetetze egunean. Hor ere zu, zeure izaeragatik, atzeratuta geratu zinen aldez edo moldez. Etxekook gogoan zintugun, zure urtebetetzea ospatu genuen, eta gero Athleticen garaitia ospatzeak zeurea zelan edo hala ostendu zuen. Betiere, aurrera egin zenuen. Betiko moduan.
Bai, betiko moduan, besteon gurariak, beharrizanak, apetak, nahikariak zeureen aurretik ipintzen dituzu. Nik, ostera, sarriegi inoren gurariak ipini ditut zeureen aurretik. Urte gehiegietan. Aurten pozarren zaude berrogeigarren urteurrena bete dugulako ezkonduta. Zuk behin eta berriz diozun legez, “urte biribila” da. Bai, hamargarrena, hogeigarrena eta hogeita hamargarrena biribilak izan ziren eran. Aurten ere, hirurogeita seigarrena (66.a) bete duzu, urte biribilean data biribil bi.
Eta norberak eskerrak ematen dizkio Jaungoikoari. Arrazoi askorengatik. Zu ezagutzeko era eskaini zidalako; zurekin elkartzeko eretia sortu zuelako; zurekin ezkontzeko bidea lautu zidalako; zurekin bizi eta bizitza horretatik beste bizitza bi sortzeko egoera ekarri zuelako; zurekin nire azken egunetaraino bizi izateko parada jarri zuelako. Bai, gogoan hartu, gure ezkontza-kontratuan argi gelditzen dela galarazita duzula ni baino lehen hiltzea. Pentsa ezazu zer-nolako anabasa sortuko nukeen. Elkarrekin azkena arte eta geroago ere bai. Ni zain izango nauzu. Hala biz!
Eta zuk, irakurle horrek, honaino heldu bazara behintzat, zeure buruari itaunduko zenion ea zer dizun zuri lerro hauek ekarri dizkizunaren bihotzak. Ni kristau-judeguaren kulturakoa naiz. Sinesten dut ezereza gizatasunaren aurkakoa dela; sinesten dut pertsona batek ezin duela etxean modu batera jokatu eta kalean erabat bestela. Nik sinesten dut mugatua naizela, baina, aldi berean, sinesten dut zu, Belen, beti maite eta maiteko zaitudala.