Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Eskerrik asko, Andoni

Eskerrik asko, Andoni, Euzko Alderdi Jeltzaleari eta Euzkadiri eman diezun guztiagatik, Alderdia eta Aberria izan baitira zure goi-arnas eta bihotz-barren. Egunak egun, asteak aste, hilak hil, urteak urte norberaren barruan loratzen diren xedeak norberaren orubeetan sustraitu dira zugan. Zenbat eta urte gehiago iraun, orduan eta sustraituago. Horrelaxe ezagutu zaitut, Andoni, eta behin ere ez duzu horretan atzera egin. Sabino Aranaren esana bete izan duzu beti: Bizkaia Alderdiarentzat, Alderdia Euzkadirentzat. Eskerrik asko, Andoni.

Eskerrik asko, Andoni. Lauaxetak esan zuen legez, zeuk ere dena eman diozu maite izan duzun askatasunari. Honelako eretietan nork bere aldamenean urteetan zehar izan duen pertsonaren ezaugarririk behinenak gomutarazi nahi ditu, nork bere gogoan bestea gorde nahi duelako; nik zeu gorde nahi zaitudalako, nik zeure nortasunaren ezaugarririk behinenak gomutarazi nahi ditut. Hurbileko aitzindaria izan zara. Alderdikideen ondoan beti, haien kargua zein zen kontuan hartu barik. Zu beti jelkideen ondoan.

Horrexegatik egin duzu egin duzuna: ESKUZABALA zarelako. Askotan esaten da norbanakoak ezagutzen ditugula garaitietan eta ausiabartzetan. Zuk erakutsi duzun eskuzabaltasuna ez dute askok erakutsi; areago, gutxi-gutxik erakusten dute hori. Euskal herri erdi galbideratu honetan, azalari ematen zaio garrantzi handiagoa muinari baino. Hala ere, jakin badakigu iraunkorra mamia, muina, unea dela. Eta zu unea izan zara, bazara eta izango zara. Horrexegatik, irabazten zeniharduela, atzera egin zenuen Alderdiaren mesedetan, Alderdia Euzkadirentzat delako.

Andoni, gaur, martxoak 30, Alderdiaren buruzagitza utziko duzu, eta gaurko lako egun batean, 1985eko martxoaren 30ean, Erramu bezperan, orain 40 urte, Lobera eta Ezenarro ezkondu ziren San Andres Etxebarriko parrokian. Ez genuen artean elkar ezagutzen, baina, abestiak dioen moduan, urak dakarrena urak daroa, eta gu hemen, beti gu hemen. Zu eta biok hemen, beti hemen.