Koldo Azkonak “Danserie Ensemble” musika taldeko kideak Noticias Taldeari eskaini zion elkarrizketa guztiz interesgarria Paula Etxeberriaren eskutik “diska-liburu” bat argitaratu dutela eta. Holakoak bota zituen besteak beste: Bernart Etxeparek “Linguae Vasconum Primitiae” liburuan dio liburua pentsatuta dagoela euskal hiztunok testu sorta bat izan dezagun, olerkiez, elkarrekin hitz egiteko, denbora pasatzeko eta abesteko. Luze-zabal, handi, pentsatu zuen Etxeparek: euskara mundura mugarik gabe zabaltzea nahi zuen. Liburuko azken bi poemetan, Kontrapas eta Sautrela, euskararen normalizaziorako hainbat ideia ematen zituen Etxeparek. Hizkuntzaren estatus altua aldarrikatu zuen, edozertarako erabil zitekeena. Zioenez, hemendik aurrera printze eta jaun handiek erabili nahi izango zuten. Pertsona orok baloratu beharreko hizkuntza, euskaldunak izan ala ez. Idatz zitekeen hizkuntza zela aldarrikatu zuen, inprenta ere, horri esker euskara munduan zehar zabalduko zelako. Etxeparek luze-zabal, handi pentsatu zuen, euskara mugarik gabe zabaltzea nahi zuen: euskara, “jalgi hadi plazara”. Liburu hau “bonba” txiki bat izan zen garai hartan. Munduan ale bakarra dago, Frantziako Liburutegi Nazionalean gordeta, segur aski liburu gehiago idatzi zirela baina galdu. Liburuan gai erlijiosoak ageri dira, mundu mailako maitasunari buruzkoak hain zuzen, etsipena, elkarri gabeko maitasuna, emakume ezkonduarekin ezkutuzko harreman eta maitasuna, jeloskortasuna eta gatazka. Sexu eraso bat ere islatzen dituzten bi poema daude. Etxeparek Trentoko Kontzilioaren aurretik idatzi zuen, 1545ean. Ondoren idatzi izan balu zentsura bortitza jasango zuen. Bere garaian modu libreago eta espontaneoagoan idazteko gai izan zen. Etxeparek, Nafarroa Behereko elizgizona izan zena, Donibane-Garaziko bikario izatera iritsi zen. Emakumeak asko baloratzen zituela aitortu behar, “emazteen fabore” poesian lez. Seme bat izan zuen bere izen berarekin bataiatu zuena hain zuzen. Diskoaren musika garai haietakoa, noski.